Portzierto. Ostirala da, eta ostiraletako azpiko atalean irakurgai eta ikus-entzungai proposamenak ekartzen ditut. Baina eduki honi azpimarra berezia egin nahi nion, oso berezia iruditzen zaidalako.
Harkaitz Cano idazle kontsakratua elkarrizketatu du Leire Vargasek. Beharbada jakingo duzu Silueta eleberria kaleratu duela Susa argitaletxearekin, nobela benetan kuriosoa, nahi duena egin baitu Canok: 31 kapitulu labur ditu, 31 literatur kritika, existitu ez arren bahiketa bati buruz hitz egiten duen liburu bati buruzko kritikak. Benetan ariketa ederra da. Irakurlea, artikulu bakoitza irakurrita, joango da bere ideia egiten fikziozko liburu horri buruz.
Tira. Liburu hori abiapuntu hartuta elkarrizketatu du Vargasek Cano. Solasaldi atsegina izan dute, hasiera batean literatur kritiken inguruan oro har, eta literaturaren eta kritikaren inguruan gero, gauzak ez ulertzeak sortzen duen beldurraz eta beste. Titularrak ja edonor harrapatzen du: “Txikitatik erakutsi behar zaie umeei ez ulertzea kitzikagarria dela”.
Plazer baduzu, gomendatzen dizut elkarrizketa irakurtzea, eta bidenabar gure Dani Blanco argazkilarien lan ederraz gozatzea. Hemen duzu elkarrizketa.