Aurreko bi larunbatetan baino jende gutxiago juntatuko zela, itxura zuen bizitzaren garestitzearen kontrako hirugarren mobilizazio egunak herritar andana batuko zuela, baina zaila izaten da lehen eguneko indarrari eustea. Batez ere ez zenean ahuntzaren gauerdiko eztula izan duela hiru asteburu Frantziako Estatu osoan mobilizatu zen jendetza.
Baionako deialdian ere nabaritu da jaitsiera, Leire Casamajou kazetariari leitu diot Berria-n. Hiru mila lagun, dena dela. Manifestazioa “aski lasaia” izan zela dio kazetariak, herriko etxearen partean jendarme mordoxka bat kaskoak jantzita erredolak hartuta agertu arte. Honela segitzen du kontakizunak: “Polizien parean ezarri dira manifestariak, lasaiki. Luze iraun du momentu horrek, harik eta manifestariak dantzan hasi arte. Madison dantzatu dute, baita Macarena ere, Poliziak abisuak eman dituen arte. Lehen abisua, bigarrena eta hirugarrena. Negar gasa zabaldu dute, manifestariek dantza bukatu berri zutela eta pertsona elbarritu bat aulki gurpildunean parez zutela. Orduan hasi dira atxiloketak”.
Hamazazpi atxilotu guztira, hori da kronikaren titularra. Hamazazpi atxilotu Baionako mobilizazio baketsuan. Arrunt bilakatu da negarra eragiteko gasa besterik gabe erabiltzea.
- Mobilizazioan presente zegoen Pierre, larunbat bat lehenago polizia indarkeriaren biktima izan zen gaztea. Ezkerreko besoan bendajea eginda, mindurik baitu jaso zuen jipoiaren ondotik. Lurrera bota zuten jendarmeek, borraz jo zuten buru atzean, sabelean, eta besoekin defendatu zen bera. CGT sindikatuko kideekin egin du publiko bere kasua.
- “Kaleko medikuak” deituriko boluntario talde bat ere manifestazioan egon da. Dozena bat lagun dira, osasun ezagutzak dituztenak. Poliziaren indarkeriaren ondorioak ahalik eta lasterren artatzeko helburua dute. Mediabask-ek jaso ditu haien testigantzak.