2026ko azaroaren 12a.

Egun on.

Zer aldarterekin esnatu zara greba ostean? 

Nekatu samar neu, baina pozik, kontentu, atzo izugarrizko jendetza mobilizatu izanaren sentsazioa (eta froga) dudalako. Biharamun gozoan nator, beraz. 

Eta era monografikoan buletina, greba egunaz soilik alegia.

Goazen mamira.

Dani Blanco / ARGIA

Jendetza ausardia eske

“Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko”. 

“Negozioa bada, ez da eskubidea”. 

Bi lelo horiek izan nituen presenteen parte hartu nuen zutabeetan, edota zutabeko ingurumarian esango dut, zeren zutabearen barnean auzotxoak bezala sortu ziren, jendetza izugarrizkoa zen-eta. 

Bi aldarri horiek. Bi aldarri horien mamia ez da nolanahikoa. Iruditu zitzaidan oso erraz, oso ozen eta oso konbentziturik bezala egin zela oihu. Eta asko pozten naiz. Ni ere horren parte izan nintzen, eta ez zait astakeria iruditzen; eta gainera giza-talde baten burugabekeria bat ere ez zen izan, greba orokorraren deialdia ikusterik besterik ez baitago: bigarren puntuak hitz egiten du, hain zuzen, espekulazioa eta errentismoa debekatzeaz. Atzo eguerdian gutxienez 200.000 lagun irten ginen kalera ideia horrekin ados egonik. 240 eragilek adostasuna adierazi zuten manifestuarekiko, eta ezkerreko alderdi politikoek ere bai. Hantxe zeuden manifestazioan; entzungo eta beharbada oihukatuko zuten aldarria. 

Ea noraino garamatzan honek guztiak. Eta ez naiz ezkorra, ez pentsa. Uste dut baikorra izateko motiborik badela. Beste era batera bizi nahi duela esan zuen atzo jendetzak; hori bada erakustaldi handia. Baina segi beharko da egunerokoan lanean. Hori izango da interesgarriena. 

Bilbo. (Pello Maudo / ARGIA)

Atzokoan, gure erredakzioko lan banaketan, niri zegokidan egunak emandako “guztia” halako inbutu batetik pasatzea eta gertaerarik aipagarrienak-edo artikulu bakarrera ekartzea. Hau da, sindikatuen eta eragile politikoen adierazpenak hautatu eta laburtzea, lanuzteak sektoreka zer nolakoak izan ziren kontatzea, hiriburu bakoitzean zer gertatu zen tanta batez azaltzea, eta horrelako gauzak. Hemen daukazu. Eta hor daukazunez, lizentzia hartzen dut buletin honetan gauza batzuk ez aipatzeko. 

Ea, kontua da nik ez nituela begiak leku guztietan izan. Aliatuak nituen, lankideak. Haien artikuluak eta mezuak irakurrita egin ahal izan nuen gertatzen ari zenaren ideia bat. Eta atentzioa eman zidaten erabilitako hitzek, haiek elkarren kronikak artean irakurri gabe zeuzkatela. “Jendetza itzela” erabili zuen Xabier Letonak Iruñeko manifestazioa deskribatzeko. “Alimaleko jendetza Gasteizen”, Zigor Olabarriak. “Azken urteetako grebarik jendetsuena”, Donostiakoaz Lander Arbelaitzek. Eta Bilboko zifra ematen zigun Maria Ortegak, ELAk esana, “70.000 lagun manifestazioan”, eta informalago zioskun lantaldeko kanalean, “infinitu pertsona daude hemen!”.

Agian galdetuko duzu zerk harritzen nauen horretatik guztitik. Normala ez ote den. Kazetariok ez ote ditugun gertakariak puzten, izan direnak baino lodiago kontatzen. Eta are gehiago kasu honetan, ARGIAk ere greba babestu duenean. Baina ez. Ez dira punta banako lau kasualitate izan. Kronika bakoitzean behin baino gehiagotan nabarmentzen da jende mordoa ilusio, grina eta asaldura handiz mobilizatu zela. Eta hori ez da normala, ARGIAn behintzat ez. 

Tira, hitzez aparte, argazkiek ondo erretratatzen dute atzokoa. 30 argazkiko bilduma egin dugu, lau hiriburuetan izan baikenituen kamerak: Iruñean Manex, Gasteizen Dos Por Doseko lagunak, Bilbon Pello, eta Donostian Dani. Eta erredakzioko lankide bikainei esker, zentralita lana eginda, zuzeneko jarraipen zoroa txukun gelditu zen.  

Gasteiz. (Dos Por Dos / ARGIA)

Ezohiko buletin hau bukatzeko, sorpresa bat. Opari bat.

Manexek, Iruñean, emakume maitagarri hau grabatu zuen denda baten horman Israelen kontrako mezu bat itsasten. Langilearekin topo egin zuen gero emakumeak, erabat nahigabean, erabat nahigabean segitu zuen grabatzen Manexek ere... Eta hara emakumeak nola esan zion saltokiko langileari, kargu hartzen bezala: “Aizu, gaur itxi egin behar da, e!”.

27 segundo ditu. Egin klik irudian, eta joan bideoa ikustera. 

(Emakumeak baimena eman zigun, jakina)

· · · · · · ·

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. 

Besarkada bat.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN