Egun on, lagun.

Plazer handiz aurkezten dizut Goizean argi buletina. Gorka Peñagarikano naiz. ARGIAko erredakzioan kazetari, Kulturako gaiekin aritzen naiz batik bat.

Hau ez doa Kulturatik (soilik). Lantaldean bagenuen kezka bat: botere mediatikoek agenda hain zarraturik ematen diguten garaiotan, nola heldu zugana, intereseko zaizkigun kontu eta gertakariekin. Horren bila goaz goizetako buletin berezi honekin: bazterreko gaiak eta ez hain bazterrekoak kontatzera begirada propiotik. Newsletterrak oso klasikoak dira, baina funtzionalak ere badira, zuzen-zuzenean zugana heldu naitekeelako algoritmo nazkagarrien baldintzarik gabe.

Ostiral eguerdian jakinarazi genuen produktu berri hau, eta horrelako epe laburrean lagun askok eman duzue izena. Pentsa, aita santua ere mintzatu da gure alde. “Clickbait gutxiago eta kalitatezko informazio gehiago”, esan du.

Txorakeriak aparte. Eskerrik asko. Esanda bezala: buletin hau debalde eskainiko dugu, astelehenetik ostiralera eta goizero-goizero. Etxahun-Irurik zioen moduan, goizian argi hastian

Gustuko baduzu, jarraitu irakurtzen. Eta gonbidatu lagunak izena ematera.

Goazen mamira.

Itxurakerian, itsu

Ez dakit jabetu zaren, EAEko telebista nazionala ikusi baduzu beharbada bai, baina Fitur azoka egin dute atzora arte Madrilen. Turismoaren erakusleiho oso handi bat da, haien hitzetan munduko handiena, eta instituzio mordo bat hara joaten dira “eskaintzeko daukatena” txosna moduko batean jarri eta turismo-agentziei saltzera. Munduko 156 herrialdetako bisitariak hartu omen dira aurten, eta hortaz, ez da inolako txorakeria. Eta ez du inolako txorakeria egin Gasteizko Udalak han. Hiri inklusibo eta irisgarriaren irudia proiektatu du, I Love turismo irisgarria lelo gisa erabilita. Marketin merkea iruditu zait, baina inportantea mezua da. Baina hori ere oker. Kargu hartu baitie Eginaren Eginez elkarteko kideek, desgaitasun fisikoa duten Arabako taldekoek. Bertako kide bat elkarrizketatu genuen duela gutxi ARGIAn.

Urritasun fisikoa duten bi influencer agertu dira Gasteizko Udalaren promozioan, hiria “irisgarria” eta “egokitua” dela esanez, baina elkarteak dio pertsona horiek ez dutela hiriaren errealitatea ongi ezagutzen, ezta urrundik ere. Asteburu batez baino ez direlako egon Gasteizen, besteak beste. Ziurrenik pagatuta, gainera. Ikuspuntu argiki desitxuratua da elkartekoen hitzetan, eta haserre daude Gasteizko Udalarekin: “Gutaz hitz egin dute gu gabe, ahots erosoak aukeratuta, kritika saihestuta eta gatazka isilarazita”.

Ekain Carrasco kazetariak eman dizkizu detaile gehiago.

Kazetaritza kritikoa, jendartea eraldatzeko.

EGIN ARGIAKOA

Getxoko Eiffel

Aspalditxotik kiratsa zerion asuntoari eta ustel itxura hartzen ari da. Udaletxean miaketak egin eta hamar egunera, epaileak ondarearen aurkako bi delitu egotzi dizkie Getxoko EAJko hiru zinegotziri: bata, interes historikoagatik babestutako Irurak Bat eraikina hondatzea; eta bestea hori bidegabeki egitea, langile publiko eta agintari direlako eta bazekitelako legearen urratzen ari zirela. Saltsa horretan beste lau lagun ere badaude zipriztinduta, denak ere udalari edo Irurak Bat jauregiaren eremuan luxuzko etxebizitzak eraiki nahi zituen sozietateari lotuta. Zinegotziek dimisioa eman dute. 

Eztabaida politikoa Getxotik harago doa, eta EAJ ez da ari batere asmatzen. Bi eledun ditu auzian, bi buru: Bizkaiko Iñigo Ansola, eta buruzagi orokor Aitor Esteban. Ziurtasun handiegiz esan zuen Ansolak ez zuela deliturik ikusten epaileak delituak egotzi baino egun gutxi lehenago. Eta Esteban, berriz, ahobero, auzia barregarria zela esaten, “Eiffel dorreaz ari bagina bezala”. Hori ere epaileak delituak egotzi aurretik. Eta uste baino jende gehiago dago inplikatuta, gainera. Total, Estebanek damua adierazi du, ez zelako egoki mintzatu. Baina EAJk segitzen du alkatearen balizko dimisioa baztertzen, gertakariak Getxoko Udaletik eta EAJtik kanpo kokatu nahian. Ansolaren esanetan, soilik “hiru zinegotzi horien kontua” izan baita. El Correo-k Ertzaintzaren iturriak aipatuta dio udal gobernu osoa izan daitekeela errudun. Eta Ansolak, ukatu. Argitzeko dago dena.

· · · · · · ·

Azterketak euskaraz

1.500 lagunek Baionako karrikak hartu dituzte asteburuan, Seaskak deituta, Baxoa euskaraz egitea eskatzeko. Frantziako Hezkuntza Ministerioak dio posible dela, agian, 2027rako abian jartzea, baina Seaskak ez du horraino itxaron nahi, egungo Parisko gobernua izugarri hauskorra delako. Eta horrez gain, teknikoki egingarria dela dio Seaskak, hala nola Matematikako froga, 2021eko erreforma aurretik euskaraz egiten baitzen.

Urtarrilaren 12an egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza ministroarekin, esku hutsik irten ziren bileratik, eta manifestazioaren bidez beste bilera bat galdegin diote Parisi. Protestaren atarikoaz idatzi zuen Jenofa Berhokoirigoin lankideak, eta ondo baino hobeto bildu zituen argudioak.

·····>   Ez galdu hauek

  • Gestapo yankia. ICE-k, immigranteak atxilotzen eta deportatzen dituen armada estatubatuarrak, 37 urteko gizon bat hil du Minneapolisen. Bigarrena 17 eguneko epean. Manifestarien aurkako sarekadan ari zen Polizia, kolpatua izan zen emakume bat laguntzera joan zen gizona, eta agenteek oldarkor egin zioten aurre, lurrera bota eta tiro jota. Azken egunetan, 5 urteko haur bat ere bahitu du ICEk, bere aitarekin batera, senide gehiago atzemateko taktika zikinean. Giroa oso bero dago: milaka eta milaka herritar ari dira ICEren aurka mobilizatzen, eta AEBetako beste lekuetara ere hedatu dira protestak.
  • Sortuk zuzendaritza berria. Sorpresarik gabe, beste hautagaitzarik aurkeztu ez denez, Xabi Iraolak hartu du Sorturen lidergoa, Arkaitz Rodriguezi erreleboa emanda. Ia 600 militante elkartu dira Irungo Ficoban, eta bertan aurkeztu da Herri gogoa ponentzia gidatzeko taldea.
  • Feroz sariak. Los domingos filmarengatik, Alauda Ruiz de Azúa, Patricia López Arnaiz eta Nagore Aranburu goratu dituzte Espainiako zine elkarte batek ematen dituen Feroz sarietan. Jose Ramon Soroizek eta Kandido Urangak ere jaso dituzte sariak Maspalomas euskal pelikulagatik. Film hori, portzierto, Primeranen dago ikusgai.

· · · · · · ·

Tira. Dagoeneko bi aste igaro dira Hezkuntza kanala estreinatu genuenetik, eta oso pozik gaude, harrera beroa izaten ari delako. Askok saltseatu dute webgunea, eta mordoxka batek ikusi dute Abadiñoko institutuan suizidioaz duten lanketaren bideo-erreportajea. Bigarren bideoa eskolako urmael-proiektu bati buruzkoa izango da, baina bi aste barru publikatuko dugu. Gaur, Etxerako Lanak podcastaren hirugarren atala argitaratu dugu. Galtzen eta irabazten ikasteari buruzkoa da.

HORRA HOR

Azpiko atal hau diferentea izango da egunez egun. Astelehenetan, astea ganoraz abiatzeko, albiste onak izango ditut aipagai: borroken garaipenak batzuetan, eta kontsumismoaren amarratuen ez erortzeko trikimailuen bidetik, alternatibetatik ikasteko proposamenak besteetan.

Hau ez da tonbola. Urteak dira ez naizela barraken inguruan ibili, baina urtean behin sikiera bazterretik behatzen dut giroa nahi gabe ere, eta ez dut uste askorik aldatu denik asuntoa: espainiarrak dira barraken monopolioa dutenak, eta itxuraz zerbitzu bera eskaintzen dute Madrilen zein Orion. Erdara eta reggaetoia besterik ez direla entzuten bozgorailuetatik, alegia. 

Alto eman die Galdakaoko Udalak: edo herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen dituzte, edo barraken instalazioa mugatu edo ukatuko dute. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eman du horren berri.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

Gure kazetaritza independentea da, hedabide hau langileona delako.

BABESTU ARGIA

JARRAITU SAREETAN