Egun on.

Gaur bigarren buletina. Mordoxka batek eman duzue izena atzotik gaurrera. Eskerrik asko.

Goazen mamira. Eta hasteko, Unai Gaztelumendiren ilustrazio eder hau.

Ikastetxeen fusioak, gatazka iturri

Geroz eta zahar gehiago daudenez, eta orduan eta zahar-etxe eta zaintzaile gehiago behar direnez, logika berari segituta: geroz eta ume gutxiago, eskolak ere... Gutxiago? Edo momentua baliatu daiteke ikastetxeak ez kontzentratzeko zentro hain handietan, eta eskola-proiektuak tokian gehiago errotzeko eta deszentralizatuago antolatzeko? Egia esan, ertz askoko gaia da. Ñabardura ugari ditu, eta ziurrenik ez da egongo soluzio bat eta bakar bat, proposamen bakoitzak bere albo-kalteak izan ditzakeelako.

Eztabaida galanta sortu da Bizkaian, jakingo duzu, kolpetik jakin baita hamabi ikastetxe fusionatu egingo direla. Kasu gehienetan, ikastetxe batek bestea xurgatuko du; moduak ere sortu ditu kezkak. Gehienak ados daude honetan: fusioek dakartena da ikastetxe publikoak ixtea eta sare publikoa murriztea. “Efikaziaren” izenean egiten du Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, baina, sindikatuen hitzetan, asuntoa ezin da “errentagarri” ala “ez errentagarri” gisa planteatu, Hezkuntza ez baita merkatua. Eta bada beste kontu bat ere: segregazioa. Halako fusionatzeek, edo xurgatzeek, mesede ala kalte egiten diete ikasle zaurgarriei?

Gai arantzatsuari heldu dio Mikel Garcia lankideak. Mahai gainean ipini ditu zalantza guztiak, eta Hezkuntza sailburuaren argudiaketa ez ezik, ELA eta STEILASenak ere jaso ditu.

Jendartea eraldatzeko tresna, kazetaritza kritikoa.

EGIN ARGIAKOA

Otsailaren 7a, genozidio eguna?

Oso larri dago herri kurdua Sirian. Urte hasiera benetan odoltsua ari da izaten, Siriako Gobernu islamistak zanpatu egin nahi baitu SDF (Siriako Indar Demokratikoa), hau da, kurduek lideratutako arabiar, kristau eta kurduen koalizio militarra. Azken horiek Siria iparraldean daude gotortuta, han baitute babes eta segurtasun gehien, eta han dago guda, Siriako Gobernuak ez baititu ikusi ere egin nahi. AEBek, nola ez, interesa dute lurraldearen politikan, baina eskatu zuten su-etena ez da ari betetzen eta ezikusiarena ari dira egiten, momentuz. Eta, horrez gain, historikoki kurduen alde lerratu diren hainbat tribuk traizio egin diete, eta islamisten armada aurrera egiten ari da. 

Ultimatuma eman eta epea jarri du Siriako Gobernuak: otsailaren 7a. Kurduei esan die ordurako lurraldea uzteko, agintea entregatzeko eta bere armadan “integratzeko”. Hau da, amore emateko. Panorama argiago ulertzen lagundu dit Aitor Aspuruk idatzi duen artikuluak.

· · · · · · ·

Hori otsailaren 7an. Eta otsailaren 14an, milaka herritar mozorroturik irtengo dira kalera han eta hemen. Bi egun lehenago, Ostegun Gizena. Baina Inauteriak hasi dira dagoeneko Malerrekan, maskaradak ere bai Zuberoan, eta egutegia bete-beteta dator. Mozorrotu libre eta nahieran, baina batzuen dibertsioak besteen minak ere piztu ditzakeela aintzat hartu. Errege kabalgatetako blackface-ak seinalatzea ohikoagoa bihurtu da, zorionez, baina oraindik ere ez zaigu hain arraro egiten kaldereroetan “ijitoz” mozorrotzea, edo “tribu afrikarrez” janztea, edo “txinatarrez” eta begiak margotzea. Hori, Leire Artola lankideak argi esan digu, goitik beherako umorea da. Eta goitik beherako umorea ez da umorea, boterea da.

· · · · · · ·

Negu gorri, kale gorri

Nabe industrial abandonatu batean bizi ziren 31 pertsona kaleratu dituzte Donostian, Herrera auzoan. Udalak aterpe eman die horietako zazpiri. Aldamenean beste bost eraikin daude, gisa berekoak, eta guztira 200 pertsona inguru bizi dira bertan. Horiek ere kaleratuko dituzte lehenago edo geroago, hirigintza proiektu bat aurreikusten baita eremu horretan.

Egoera salatzeko, Harrera Sareak eta etxebizitza sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute bart udaletxearen atarian. Donostiako Udalak dio baliabideak eskainiko dizkiela ahal duten guztiei; izan ere, dei egin die inguruko udalerriei, Gipuzkoako Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari, denak ez dituela artatuko hala moduz ohartarazita.

·····>   Ez galdu hauek

  • Beste kolpe bat. Donostiako Udalean, kartografia digitaleko alorrean teknikari gisa lan egiteko, ez dago euskara jakin beharrik. “Desproportzioa” omen. Bi lanpostu egonkortu nahi ziren, eta biei B2 maila eskatu zitzaien. Salaketa jarri zuen deialdira aurkeztu nahi zuen batek, eta Gipuzkoakoak ez zion onartu, baina EAEko Auzitegi Nagusiak bai.
  • Faxistari irina. Martxoan hauteskundeak dira Ipar Euskal Herriko herriko etxeetan, eta Baionan, asteburuan, propaganda banatzen aritu dira RN Bilgune Nazionaleko kideak, eskuin muturrekoak. Hainbatek irina bota diete eta oihuka kanporatu dituzte.
  • Autogestioa auzitegian. Epaiketa dute gaur Igorreko Kiñu gaztetxeko kideek eta Donostiako Guardetxekoek. Lehena duela sei urte okupatu zuten, baina eraikina Sabadell bankuarena da eta kanporatu egin nahi ditu. Bigarrena, berriz, iazko maiatzean okupatu zuten. Kanpaina eta dinamika bateratuan ari dira, indarrak batuta, gaztetxe ororen kontrako erasoa dela hedatzeko. Auzia testuinguruan jarri zuten Berria-ko Isabel Jaurenak egin zien elkarrizketa sakonean.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

Batzuentzat asteburuak dira film eta telesailetara lotzeko uneak, eta besteentzat aste-tarteak. Zerrenda labur bat pasako dizut asteartero, ikusi dudanarekin edota ikusten ari naizenarekin. Gaur, hiru film.

  • How to have sex. Bazkalorduan aipatu genuen atzo lantokian, eta hona ekartzea pentsatu dut, uste nuena baino ezezagunagoa delakoan. Ikasturtea amaituta, hondartza eta festa leku masifikatu batera bidaian joango dira 16-17 urteko hiru neska, desfasearen mundu hori ezagutzera. Alkohola, festa eta lehen sexu harremanak. Presio soziala. Gogorra eta errealista da kontakizuna, zuzendariari benetan gertaturikoa. Filminen eta Movistarren dago ikusgai, euskarazko azpitituluekin.
  • Romeria. Iragan berri dira Espainiako Feroz zine sariak, eta esku hutsik irten bada ere, ez dut uste atzeko planoan gera behar lukeenik. Istorio pertsonala dakar Carla Simón zuzendari kataluniarrak, benetan harrapatzen duen horietakoa. Ezagutzen ez duen familiaren bila abiatuko da Marina, Galiziara; 1980ko hamarkada da, eta gogor kolpatu dute drogak eta HIESak. Zinean ikusi nuen nik, eta flipatu nuen Llúcia Garcia aktorearekin. Sotilki da gogorra filma; ados nago Eneko Atxa gure zine kritikariak dioenarekin. Movistarren dago, baina euskaraz ez.
  • Knives out 3. Benoit Blanc (Daniel Craig) detektibearen sagako hirugarrena, urtarrilean estreinatu da. Onerako harritu nau, posible baitzen okerrera jotzea txiklea luzatu nahian. Apaiz baten heriotza ikertuko du herrixka batean. Gustatu zait, aurreko bi filmetan baino umore gehiago eta hobea dagoelako ziurrenik. Netflixen dago ikusgai, euskarazko azpitituluekin.

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. Besarkada bat.

Gure kazetaritza independentea da, hedabide hau langileona delako.

BABESTU ARGIA

JARRAITU SAREETAN