Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan iaz antolatu ziren kultur arloko jardueren datuak. Tori hiru hedabide hauen titularrak ideia bat egiten joateko:
Berria: Hamar kultur ekitalditik lau izan ziren euskaraz.
Eitb: 61 kultur jarduera izan ziren iaz eguneko.
El Correo: Euskadiko kultura %8,5 hazi da, doako eskaintza eta euskarazkoa tarteko.
Zifrek gora egitea ez dago gaizki, ez noski. Baina ez zaizkit gehiegi interesatzen. Tira, euskararenak pisu gehiago dute beste bi datuek baino. Baina urte bakarrean 22.425 kultur jarduera programatu direla esanda, ea nor den gai edozer ondorioztatzeko. Atentzioa eman dit niri nola pasatu den Eitb horrelako zifra ponpoxoak ematera, duela sei hilabete eskas esan zuenean “EAEko kultur sarea bizia baina asimetrikoa” dela. Eta, egia da: desproportzionala da kultur programazioa Euskal Herrian. Ekitaldi gehien-gehienak udalerri gutxi batzuetan pilatzen dira, jendetsuenetan pilatu ere. Bilbo, Donostia eta Gasteizen artean, 2024an, kultur arloko ekitaldi guztien %48 hartu zituzten. Hau da, hiriburu bakoitzak 3.000 ekitaldi baino gehiago antolatu zituen. Eta horien atzetik, soilik 36 udalerrik gainditu zituzten urtean 100 ekitaldiko langa. Tolosa, Durango eta Zarautz batuta, ez ziren 1.000ra ailegatzen. Astakeria bat da zentralizazioa. Eitbk berak zioen artikulu horretan, arrakala horrek ez diola populazioari edo azpiegiturari soilik erantzuten; kontuan hartu behar direla instituzioek tokian toki programatzeko duten interesa.
2025eko txostenean, Jaurlaritzak ez du jardueren zentralizazioari buruzko ezer esan. Programazio osoaren %45 Bizkaiak hartu duela baino ez. Falta da esatea zenbat kultur ekitaldi zentralizatu ziren iaz Bilbon, eta zenbat antolatu ziren, demagun, Enkarterrietan edo Busturialdean. Eta aztertu beharko litzateke ere antolaturiko ekitaldien atzean zer interes dagoen gehiago, kulturala ala turistiko-ekonomikoa. Eta gauza gehiago. Buletin bat beharrean, Larrun egiten amaituko nuke.