Egun on.

Hemen da osteguna.

Ilusio handiz kontatu nahi dizut kontu bat. Atzo, asteazkenero bezala, aste honetako aldizkaria argitaratu genuen webgunean, eta azalera eraman dugu ARGIAren argazki artxibo historikoari buruzko erreportajea. Gure sabelari buruz ari garela dirudi, baina denon sabela izango da berehala: herriaren ondarea direla uste dugulako, denen eskura ipiniko ditugu 100.000 argazki, nahi beste aldiz kontsultatu eta kalitate handian deskargatzeko, eta nahieran erabiltzeko, betiere egiletza aitortuta eta lizentzia librea errespetatuta. Erraz esaten dira 100.000 argazki. Imajina dezakezuna baino gauza gehiago daude erretratatua. Azken 60 urteak bai, gutxienez.

Laster egingo dugu publiko ARGIAren Fototeka. Jakinaraziko dizut.  

Goazen mamira.

Getxo eta Zaldibar, EAJ eta EH Bildu

Bi alderdiak elkarri mokoka ari dira Bizkaian ustezko ustelkeria kasu banagatik. Getxokoa lehendik dator, Irurak Bat eraikin historiko eta babestua 2024ko udan eraitsi zutenetik. Eraisketaren inguruko irregulartasun zantzuak lehendik ere bazeuden, baina horrez aparte, denboraren poderioz jakin da eremu horretan luxuzko etxebizitzak egin nahi zituen sozietateko bazkide zirela EAJko bi zinegotzi. Epaileak bi horiek eta beste zinegotzi bat inputatu ditu, eta dimisioa eman dute. Baina Amaia Agirre alkatearen kargugabetzea ere eskatzen du oposizioak. Eta hain justu, gaur, osoko bilkura dute udaletxean. Bero-beroa espero da, EAJren eta PSE-EEren udal gobernua gutxiengoan egongo baita, ez baitago denborarik EAJko ordezko hiru zinegotzien tramitazioa egiteko. Beraz, oposizioak izango du hitza, baldin eta adostasun batera heltzen badira EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos. Koalizio subiranistak proposatuko du, ohiko gobernu bat beharrean, alderdi guztien ordezkaritza kontutan hartuko duen udal batzorde berezi bat sortzea, eta horrela funtzionatzea hurrengo hauteskundeetara bitartean.  

EH Bilduren erasorako abagune hori kamustu du Zaldibarko notiziak. Auziak lotura du zabortegiaren hondamendiarekin. Ikerketa honetan Arantza Baigorri alkate ohi abertzalea seinalatu dute, lur eremuaren antolaketari loturiko irregulartasunak atzeman zirelako 2023an, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren heriotzak ikertzen eta hondamendiaren ingurumen kalteak aztertzen ari zirenean. Itxura guztien arabera, Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileek zegokiena baino lur eremu dezente zabalagoa erabiltzen zuten, eta gainera, urbanizatu ezin zen leku bat erabiltzen zuten zaborra pilatzeko. Ikerketa daraman magistratuaren esanetan, Baigorri alkateak bazekien edo jakin behar zuen hori.

EAJ eta EH Bildu, biak parez pare jarri dira balizko ustelkeria kasu banaren parean. Baina ezin elkar gehiegi zikindu, ezin elkar gehiegi presionatu, norbere ipurdia benetan babespean dagoela ziurtatu arte.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Etxebizitzaren negozioari lotuta. Iragan urrian, ekintza baketsu bat egin zuten Pierre-Édouard Stérin eskuin muturreko milioidunak Donibane Lohizuneko itsas pasealekuan duen etxebizitza puskaren balkoian: pankarta bat eskegi zuten espekulazioaren kontrakoa. EH Baik sinatu zuen mezua, eta Gaby Arestegi militanteak hartu zuen hitza. Stérinek hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen ekintzaileentzat. Astearte honetan, Arestegi deitua izan da Baionako komisariara, eta lekukotza hartu diote. Ez dute detaile gehiagorik eman. Hitz egin duena Stérin ultraeskuindarra izan da. Berriz ere iragarkia eskegi du: sei milioi eurotan erosi zuena, hamasei milioi eurotan saldu nahi du.

Stérin ez da edonor Frantzian. Smartbox opari-kutxen sortzailea, hainbat hedabide eta proiektu finantzatzen ditu, eta eskuin muturreko ideiak haizatzen. Bere berri gehiago izateko, aproposa da Xermin Etxebarnek Ipar Euskal Herriko Hitza-n eginiko erreportajea, propio Stérini buruzkoa.

·····>   Ez galdu hauek

  • Iraungitako txertoak. Aspaldiko adierazpen gehien egin zituen atzo Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Hasieran 253 ziren txertoa jaso zutenak, eta gero 103. Txerto hori jaso zuten helduei lehen unetik aholkatu zaie dosi berria eskatzea, baina haurrei ez, nahiz 103 horien gehien-gehiena haur txikiak izan. Gauean egindako prentsa agerraldian, baina, kontrakoa esan du sailburuak: “lehenbailehen” jarriko zaiela txerto berria denei.
  • Traktoreak asfaltoan. Gaur, nekazariek 10:00etan dute hitzordua Bilbon, EHNE eta ENBA sindikatuek deituta. Hainbat traktore-zutabe helduko dira Bizkaiko hainbat lekutatik. Europako Batasunak Mercosurrekin egin duen akordioaren aurka mobilizatuko dira. Gauza bertsua Gasteizen: atzo egin bezala, Mercosur akordioaz aparte, lehen sektoreari lurrak kentzen dizkien makroproiektu energetikoen aurkako aldarria ere zabalduko dute.
  • Frankismoko presoak, NBEra. 2.000 preso abertzale eta errepublikano baino gehiago aritu ziren bortxazko lanetan Nafarroa mendialdean, Igari, Bidankoze eta Erronkari herrien arteko errepidea eraikitzen 1939ko uztailetik 1941eko ekainera. Nazioarteko Zuzenbideak dio delitu horiek “preskribaezinak” direla, eta Nafarroako eta Espainiako Estatuak kasurik egin ez dietenez, preso haien senide batzuk NBEra joan asmo dute.

ITZALETIK ARGIRA

Memoria selektiboa da, edo selektibo egiten digute, boteretsua baita memoria. ARGIAn, ez alferrik, efemerideen kanalak eta egutegi takoak badute herri memoriaren alde egiteko funtzioa. ARGIAk 107 urte ditu, eta artxibo galanta dugu: gure historia erretratatzen duten 100.000 argazki baino gehiago. Horiei begira jarriko gara ostegunetan.

Berrikuntza bat. Datorren astetik aurrera, ARGIAren argazki artxiboak orrialde finko bat izango du astekarian, normalean Urko Apaolazak idatziko du, eta pasarte hori ekarriko dut hona.

ARGAZKIA: Egile ezezaguna, ‘Zeruko Argia’-rentzat egina. 

Faxismoa gaurko kontua dela diotenentzat. Ez zen atzo jaio. Frankismoarekin ere ez zen amaitu. Eta askotan etorri dira beste nonbaiteko faxistak Euskal Herrira, probokatzera. Goiko irudia Donostian hartua da, 1978ko maiatzaren 21ean. Ekitaldi faxista bat antolatu zen, Espainiako bi mila faxista inguru elkartu ziren hirian, hirurehun bat paramilitarrek babestuta. Aurre egin eta auzoan ez direla ongietorriak esateko, Amara Zaharreko Asanbladak deituta, jendetza bildu zen manifestazioan. Pankartak honela dio: “Hauzoa, faxista taldeen aurka” (sic). Istilu larriak izan ziren... Eta sorpresa. Agintari politikoak noren alde lerratu ziren?

Urkoren pieza honetan dituzu detaileak: Fuera auzotik. 

Honaino gaurkoa. Eskerrik asko irakurtzeagatik.

Ostegun ona izan. Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

JARRAITU SAREETAN