Ez da txantxetarako kontua, ez baitirudi giza akatsa dagoenik atzean. Nola da posible iraungitako txertoak jartzen aritzea eta orain arte inor ez jabetzea? Nola egin dute huts kalitate-kontrolek? Eta zergatik horrelako zifra-dantza?
Ez da normala bi egunen tartean hiru prentsa agerraldi egitea Osasun sailburuak. Urduritasuna, kezka eta egoeraren larritasuna adierazten du horrek. Gainera, aldiro, aurretik emandako informazioak gezurtatu ditu. Hexabalente txertoaz soilik mintzo ginen atzo gauera arte. Hasieran, 253 pertsona ziren iraungitako dosia jaso zutenak; gero, 103; eta azkenean, 30. Eta hasiera batean ez zen ezer pasatzen, ez zegoen berriz txertoa hartu beharrik. Baina gero bai: txertoa hartzera bultzatu ditu “lehenbailehen”.
Atzo, sorpresa: beste bi txerto mota ere iraungita zeuden eta dosi batzuk ipini dira. Tetrabalente eta hirukoitz birikoaren txertoak dira. Eta, estimazioen arabera, kalteturik egon daitezkeenak 78 pertsona dira. Baina “lasai” egoteko esan du Alberto Martínez sailburuak, ez baitago “ondorio kaltegarririk duen inor”.
Jarraipen batzorde berezi bat sortu du Osasun Sailak, nahiz eta orain arte “egin zitezkeen kontraste zientifiko eta sanitario sakonenak” egin dituzten. Ez du konfiantza askorik ematen, baina. Zorionez ez dago inor larri, iraungitako txertoek ez dute kalte askorik eragin, baina osasun sistemak bizi duen krisiaren adierazle argia da. Fiskaltzak ikerketa ireki du bide penaletik.