Egun on.

Sartu gara otsailean. Hemen da astelehena.

Goazen mamira.

Txoperenak txapela

Bihotza bero, burua hotz. Burua eta gorputza hotz. Bi prentsa-kronikatan irakurri dut sekulako hotza egiten zuela Donibane Lohizuneko Jai Alai frontoi puskan, eta telebistaz bestaldeko berotasunean konfirmatu dut nik ikuslegoak bizkarra oker samar eginda amaitu zuela. Baina bero-bero joan zen saioa. Oso berdinduta, ez bazen zertxobait gainetik antzematen zitzaiola Maddi Ane Txoperenari. Bigarrengoa eta hirugarrengoa, Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe, berdinketarekin heldu ziren lehen zatiaren amaierara, eta Arzallusek egin zuen aurrera, epaileen artean hala adostuta. Ozta-ozta ez zen buruz burukoan sartu Aitor Servier, laugarren eginda, berdinketa egin zuten beste biengandik bi puntu eskasera.

Kantuan egiteko helduleku interesgarriak ipini eta bertsoaldi ederrak entzun zirela irakurri diot Maria Ortega lankideari kronika lurtar eta bizi honetan. 

Eta Mariak biharamun gozoan elkarrizketatu du Txoperena, igande arratsean. Amaierako agurrean amatxiak eskertu zituen, inurri lanean aritu diren eta aritzen diren emakumeak; eta gustatu zait Xilabak betetzen duen funtzioaz egiten duen irakurketa: “Elikadura intelektual eta emozionala ematen digu euskaldunoi”. Segi beza hain fresko.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Kontraesanak EAJn

Bonbardaketa mediatikoa dagoeneko dezente itzali da, baina agian gogoan duzu pasa den udazkenean zer nolako matraka eman zuten Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren berri emango zuelako. “Delinkuentziaren diagnostiko zehatza” egiteko baliagarri izango omen zen, eta “datuak” emanda, arrazakeriaren aurkako borrokan ere lagunduko zuen. Bistakoa zen EAJk bultzaturiko neurria zela, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren ahotik. Baina era berean eskuinak eta eskuin muturrak eskaturikoa ere bazen. 

Total. Eztabaida sortu zen, baina Ertzaintzak goiko aginduak konplitu zituen. Eta Kataluniako Poliziak neurria kopiatu zion. Babes hori presente egon da, berme moduko bat ere badelako. Baina urte hasiera honetan gauzak konplikatzen hasi zaizkie EAJko ideologoei. Bilboko udaletxean, hau da, EAJren eta PSE-EEren erreinuan auzia eztabaidatu dute, eta kasurik ez egitea erabaki dute: alegia, Bilboko Udaltzaingoak ez duela atxilotuen jatorririk aipatuko. Gauza bera gertatu da Barakaldoko Udalean. Baita antzerako zerbait ere Gasteizko Udalean. Baina zertxobait diferentea da horkoa, PSE-EEk duelako agintea, eta estrategia politikoaren parte delako. Baina zer gertatu da Bilbon? Juan Mari Aburtoren udal gobernua izan da urteetan segurtasun ezaren eta polizia kopurua handitu beharraren diskurtsoa gehien haizatu duen erakunde publikoetako bat. Baliteke Aburtok orain nahi duena egin izana, ez duelako alkatetzan gehiago segituko, baina hein batean bada alderdiaren barne irizpideetan talka dagoen adierazle. El Correo-n irakurri dudanez, Bizkaiko EAJk dio gai hau ez dela “dramatikoa” beraientzat. Ez ote da hain justu ere hori?

·····>   Ez galdu hauek

  • GKSren manifak. Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka, manifestazioak egin dituzte Bilbon eta Iruñean. Antolatzaileen esanetan, 10.000 lagun mobilizatu dira. Joera erreakzionarioei aurre egiteko “fronte zabal bat” osatu beharra aldarrikatu dute, langile kolektiboetatik eta herri mugimendutik. 
  • EHE auzitegian. Ostegunean epaituko dituzte Euskal Herrian Euskarazeko lau kide Baionan, iazko irailean pintaketa bat egiteagatik Pirinio Atlantikoetako egoitzan. “Euskaraz bizi nahi dugu” mezu koloretsua tindatu zuten. Larunbat eguerdian elkarretaratzea egin dute pintaketaren lekuan, eta “euskara desagerrarazi” nahi duten estatuei “desobeditzera” eta hizkuntza eskubideen alde borrokatzera deitu dute.
  • Elkartasun kanpaina Aroztegikoei. Espetxe zigorrik ez, zorionez, baina milaka eurotako isunak ipini zizkien epaileak Baztango Aroztegia proiektuaren aurkako zazpi ekintzaile auziperatuei. Elkartasun kanpaina bat abiatu du Aroztegiko Elkartasun Komiteak, 70.000 euro biltzeko helburuarekin.

Aroztegikoei eurei eman zaie urteko kanpaina onenaren Argia Saria. Ostiralean banatu genituen. Hauek izan dira beste sarituak: prentsarena Jakin aldizkariari, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki bereziagatik; ikus-entzunezkoa Enarak dokumentalari; entzunezkoa Antxeta Irratiari, “auzokide patruilen” inguruan egindako ikerketa-erreportajeagatik; internetekoa UEUren Inguma datu-baseari; eta merezimenduzkoa Bilboko Zenbat Gara elkarteari. 

Giro goxoan joan zen ekitaldia. Bazkari ederraren bueltan, gustura egoten da bat solasean. Horren testigu dituzu Dani Blancoren argazkiak, edo Itsaso Zubiriaren lekukotza, lau orduko burbuila batean sartua egon zela aitortu baitu. Eta sarituen arrazoiak eta diskurtsoak ikusi nahi badituzu, den-dena bideoz jaso zuten gure lankide prestu Eneritz Arzallusek eta Manex Morenok.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Portzierto. Astelehena da, eta Etxerako Lanak podcastaren laugarren atala argitaratu dugu. Gaia, besteak bezalaxe, oso jostaria: guraso ipurterre gehiegi al daude harmailetan? Zergatik uste du hainbeste gurasok Messi bat duela etxean?

HORRA HOR

Astelehenetan, kontsumoari loturiko albisteak. Ahal denetan gauza onak, edota alternatiba interesgarriak. Baina bestetan kontrakoak: kontsumismoaren tentakuluak.

Baratze bat herriarentzat. Eta sukaldea ere bai. Lurretik omen dator iraultza kasu askotan, eta kolektibotasunetik ere bai. Ez nuke imajinatuko, baina, udalerri mailako baratze eta sukalde proiektu bana martxan jartzea posible zenik, horrela, ekimen politikoz. Bada, Urruñan muntatu dute, maila munizipalean, baratze puska bat bere sukaldearekin. Ez da kapritxo hippie bat. Koronabirusaren pandemiarekin ikusi zuten zeinen burujabetza gutxi zuen herriak, kamioiak hiru egunez Biriatun geldirik gelditu eta urduritasunak sortzen zirelako. Eta horri lotuta, beharrezko ikusi zuten ere hurbileko mozkinak izatea, ekonomia zirkularra tokian garatzea. Esperientzia eder hori kontatu du Garazi Zabaletak artikulu honetan.

Honaino gaurkoa.

Astelehen ona izan. Besarkada bat.

JARRAITU SAREETAN