Hirugarren graduak ukatzen diren garaiotan, edo ia-ia zigor osoa konplituta ematen direnotan, gauza arraroak ere ikusten dira: zigorra betetzetik oso urrun egon arren, espetxetik irtengo da Alfredo de Miguel, hirugarren gradua eskutan. Hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten EAJren Arabako buruari, legez kanpoko komisioak kobratzea eta prebarikazioa egotzita. Baina bi urte eta erdi baino ez ditu igaro espetxean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako inoizko ustelkeria kasurik handieneko liderrak. Tira, eta azken urte eta erdian egunero Bilbora lanera irteteko baimena ere izan du. De Miguelekin batera beste hiru jeltzale kargudun ere zigortu zituzten; azken hilabeteotan lortu dute haiek hirugarren gradua.
Eta zeresana eman du hirugarren gradua lortzeko prozedurak. Ez baita normalena izan. Eskaera egina zuen De Miguelen abokatuak, ezezkoa jaso zuen Basauriko espetxearen partetik, hau da, Jaurlaritzaren Justizia Sailaren aldetik, eta De Miguelek epaitegietara jo zuen. Orain, espetxe zaintzako Bilboko auzitegiak arrazoia eman dio De Migueli, eta ez dago errekurtsoa jartzeko aukerarik. Are gehiago: ez diote kontrol telematikorako inongo neurririk ezarri. Beste kideei bai, jarri zitzaien.