|
|
|
|
Beti daude makina bat plan egiteko, baina askotan ezin aukeratu. Epe motzean datorren guztiaren ganorazko entresaka bat egiten ahaleginduko naiz asteazkenero, gaindosirik gabe.
|
|
|
- Musika. Afixa dotorea dute ostiralez Heletan, jaiak baitira: Süne, Xabi Solano, Dizkobolo eta DJ Musikalan ariko dira giroa berotzen. Eta ostiralez baita ere, Gasteizko Jimmy Jazzen, gazteen artean bogan dabiltzan bi: TOC eta Kiliki. Larunbatean, bestalde, Baionako Zizpa gaztetxeak urteurreneko ekitaldien egun handia izango duenez, eskaintza oparoa dute Odei, Beleme, Kalume, Ezezez eta Tekkrew taldeekin. Beste aukera eder bat Irunen, Verde Pratoren kontzertua. Edo Bilboko Kafe Antzokian, gerria mugitu nahi duenak, Goxua’n salsa. Eta Bilbon, baita ere, musika klasikoa gogoko dutenentzako plan ederra: Tchaikovsky-ren bosgarren sinfonia joko du Bilboko Orkestra Sinfonikoak.
- Antzerkia. Gaur, Kandida antzezlana taularatuko du Tartean teatroak Bilboko Arriagan. Ostiralean, Desobedienteak 18/98 Beasainen, eta larunbatean Hil da jainkosa Lekeition. Larunbatean ere, Urruñan, Altxalilik bere show-a egingo du. Garaiari lotuta, hiru hauek aipagai: libertimendua dute ostiralean Ortzaizen eta igandean Donapaleun. Eta maskaradak igandean Muskildin. Izan ere, Inauteriak bete-bete datoz egunotan, eta nabarituko da herri ugaritan: ikusi agenda.
- Bertsolaritza. Ostegunean, Iruñeko Bertsoaroaren barruan, jaialdi ederra dago Nafarroako eta Gipuzkoako finalista ugarik osatuta. Larunbatean, bertsolari gazteen Abra saria jokatuko da Getxon, Oionen hasiko da Arabako bertso txapelketa, eta jaialdi berezia dute Zestoan, Uxue Alberdiren Esne-berriketan liburuan oinarrituta.
- Literatura. Donapaleun, bihar, Otsail Ostegunen karietara, Joseba Sarrionandia ariko da Poskolonialismoa liburua aurkezten. Bihar, Getxon, Esnatu ala hil aurkeztuko dute Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak; eta gauza bera Gasteizen, IAK kulturgunean, datorren asteartean. Horrez gain, larunbat honetan hasita, eta hurrengo asteazkena bitartean, Lurdes Iriondori buruzko hiru saio interesgarri antolatu dituzte Zornotzan: ipuin-kontaketa, liburu aurkezpen eta dokumentalaren emanaldia. Eta gaur zortzi, hau da, otsailaren 11n, Iruñeko Laban, Euskal artearen berrikuspen feminista deituriko hitzaldia eskainiko du Ane Lekuonak.
|
|