Egun on.

Lurra esnatu al zenuen atzo? Agata eguna da gaur.

Goazen mamira.

Lan esplotazioa eta jendea isilik

Etxeko langileen Bizkaiko elkarteak prentsaurrekoa eskaini du Bilbon, iaz haien aholkularitza bulegora joandako pertsonen profila eta egoera ezagutarazteko. Ez gaitu batere harritzen biolentzia isil honek, baina gauza batekin jota gelditu naiz ni: langile batzuk lerra larriz esplotatzen dituztela esan digute, eta atze-atzeko planoan igaro da notizia. 

Bizkaikoa da elkartea, eta hortaz, datu guztiak bertakoak dira. Guztira, 524 pertsona joan dira bulegora eta haien lan kontuak aztertu dituzte aholkularitza juridikoa emateko. Gehien-gehienak, ia ehuneko ehunean, emakumezkoak dira, eta Hego Amerikarrak. Egoera zaurgarrian daude. Hamarretik lau egoera irregularrean daude, ez dute lanerako baimenik, eta horretaz aprobetxatzen dira soldata pagatzen dietenak; langileak ere kontziente dira, baina ez dute beste alternatibarik ikusten.

Esplotatu egiten dituzte. Hirutik bik astean 60 ordu baino gehiago egiten ditu lanean. Adi datu honi: hamarretik hiruk ez du atseden egunik. Hamarretik hiruk. Eta zortzitik batek ez du aukerarik lan egiten duen etxe horretatik irten eta ordubete berarentzat hartzeko. Gehiengo zabalak, pentsa, hamarretik seik, bi orduko atsedenaldia du egunean, ez gehiago. 

Tira. Askoz ere datu gehiago daude. Soldatari, kotizazioari eta egonkortasunari dagozkionak, besteak beste. Imajina ditzakezun bezain txarrak dira. Baina harrigarriena horixe da, esandakoa: lan esplotazioa salatu dute prentsaren aurrean, “urteroko prentsaurrekoan”, eta hemen ez da ezer pasatzen. 

Non da Cebek, Bizkaiko patronala, langileen baja kopuruaz kexu entzun duguna aste honetan?

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Erraustegia ezin itxi

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, gauza asko argitaratu ziren komunikabideetan, eta ez nuen asmorik gaiari heltzeko, baina artikulu bat irakurri dut Reporterre hedabidean: Parisko auzo batean dagoen erraustegi bat (flipatu dut, etxebizitzez inguratuta dago), Europako handiena dena, duela hiru urte itxi behar zuten berez, baina atzeratzen eta atzeratzen ari dira. Asko ari zaielako jaten ematen. Baina asmoa ez da erabat ixtea, baizik eta hondakinak murriztea, errekuntza industrialak egingo baitituzte nabe horretan, energia berreskuratzeko. 

Gutxienez horra igaro nahi dute bizilagunek: oso txarretik, ez hain txarrera. Egungo erraustegiak ia 60 urte ditu, urtean 700.000 tona zabor erretzen ditu, eta azken urteotan areagotu egin dira bere kutsadurak eragindako alarmak. Erraustegitik oso gertu ikastetxe bat baino gehiago daude, eta Reporterre-k iaz egindako ikerketaren arabera, PFAS konposatu kaltegarrien presentzia oso handia da eskoletako patioetan. “Minbiziaren alboan bizi gara”, esaten zuen erreportajeko lekuko batek.

· · · · · · ·

Portzierto. Giroa momentuz nahiko lasai dago, baina pixkanaka hasiko da berotzen: Gasteizko saskibaloi taldeak, Baskoniak, martxoaren 27an Tel Aviveko Hapoelen aurka jokatuko du etxean, eta apirilaren 7an Maccabiren bisita jasoko du. Buesa Arena pabilioia Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa da, eta BDZ mugimenduak eskaera formala egin dio instituzioari, ez dezan baimenik eman partidu horiek jokatzeko.

  • Eta deialdia larunbaterako. Eguerdian, Donostian, manifestazioa egingo du BDZk, aldundiari eskatzeko ken diezaiotela Gipuzkoako Urrezko Domina CAFeko buru Andres Arizkorrietari.

·····>   Ez galdu hauek

  • Foam jaurtigaiaren bideoa. Iker Aranak barrabila galdu zuen Bilboko Etxarri gaztetxea hustu zuten egunean; Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen 30 metro baino gutxiagotik. Baina tiro egin zuen ertzainaren abokatuak esaten du ezetz, ez dela posible halako kalterik eragitea. Total: bizilagun batek bideoz grabatu zuen, eta Justizia Aranarentzat plataformak eskegi egin du. Argi ikusten da.
  • Musk auzitegira, Parisen. X edo Twitter sare sozial nazkagarriaren kontrako ikerketa du zabalik Parisko Auzitegiak. Asteon, X-ren Frantziako egoitza miatu dute. Elon Musk jabeari leporatzen diote sarean izandako gorroto-diskurtsoen ugaritzea, baita Europako politikan egindako “esku-sartze pertsonalak” ere.
  • Instagram, TikTok eta Youtube ere aulkira. Los Angelesen hasiko da epaiketa aste honetan. Leporatzen dietena da beren aplikazioetan funtzioak pentsatu eta diseinatzea, eta apropos egitea haur eta nerabeei mendekotasuna eragiteko. Ez zaie arrazoirik falta.

ITZALETIK ARGIRA

Jakingo duzu agian gaur zer tokatzen den azpiko atal honetan. Ilusio berezia egiten dit niri ostegunetakoak; ARGIAren Fototekan arakatzeko eguna da. Laster egingo dugu publiko fototeka.argia.eus webgunea, 100.000 argazki baino gehiagoko ondarea, denen eskura ipiniko duguna. Eta Urko Apaolaza gidari, atal bat zabaldu diogu astekarian: Itzaletik argira.

Astero, argazki historiko bat hautatu eta garai hartara bidaiatuko dugu bere eskutik, bere idazkera jostarian. Eta ostegunero, buletinean, hurbilpen bat egingo dizut.

ARGAZKIA: Dani Blanco / ARGIA Fototeka.

Zaldi gaineko greba. 2003ko urriaren 30a, Gasteiz. 

Grebari ekin diote ‘Caballito’ gisa ezagunagoa den Pferd Ruggenberg multinazional alemaniarraren lantegian. Enpresak iragarri du produkzioa lekuz aldatuko duela, Gasteizko beste industrialgune batean instalatuko dela. Horrekin batera, lan hitzarmen ziztrin bat proposatu eta 25 langile kaleratuko dituela jakinarazi du. Hori guztia, urtero hiruzpalau milioi euroko mozkinak izanda. Langileek alto eman, eta Alemanian urrundik usainduko ez zuten greba-dinamikari ekin diote: 745 egunez arituko dira euren lanpostuak defendatzeko borrokan. 

Egin 23 urte atzera: hartu Urko Apaolazaren bidaia-txartela.

Honaino gaurkoa.

Ostegun ona izan. Besarkada bat.

106 urte baino gehiago: ibilbide eta etorkizun luzeko proiektua dugu.

EGIN ARGIAKOA

JARRAITU SAREETAN