Ez dakit zein momentutan iritsi garen normaltzat hartzera, faxistei deitzea, alokairuan daukazun bigarren edo zortzigarren etxebizitzatik maizterra kaleratu dezaten. Gero eta ohikoagoa bihurtu da kontua. Espainiako ustezko gobernurik progresistenak onartu egiten ditu desokupazio-enpresak, eta euskal gaixo progresistok ere bai, gero eta normalizatuago ditugu. Bestela ez lirateke hainbeste faxista gure kaleetan ibiliko, alokairuaren prezio jasangaitzei aurre egin ezinda dabiltzan familiak euren etxetatik kaleratzen, edo haien etxeko atea jo eta izua eragiten. Biktima asko emakumeak dira, eta gehienak ama bakarrak.
Duela hamar egun eskas egin zuen Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak “alerta antifaxista”, DesokupaCyl deituriko enpresa faxista Bizkaian esku hartzen ari zelako azkenaldian. Barakaldon, Zornotzan, Berangon eta Bilbon, besteak beste. Azken astean, Lasarte-Orian eta Donostian ere ikusi ditugu faxista horiek. Beraiek igotzen dituzte bideoak sare sozialetara, propaganda egiteko, non dauden jakinarazteko.
Faxistak dira, agindu judizialik gabe, etxeko atea jo eta alokairua pagatzera heltzen ez diren familiak kaleratu nahi dituztenak. Orduan… Nola deitu behar zaie “zerbitzua” kontratatzen dutenei?
[Goiko irudia iragan azarokoa da, Pello Maudok egina; desokupazio-enpresa batek Bilbon etxegabetze bat gauzatu nahi zuen, baina jendearen protestak galarazi zuen]