Egun on.

Iragan da asteburua, eta heldu astelehena.

Goazen mamira.

Trenen desfasea

Espainiako Estatu mailan, greba egingo dute Renfeko makinistek gaur, bihar eta etzi. Eta Hego Euskal Herrian eragina izango du Euskotren ez beste zerbitzu guztian. Puntako orduetan ohiko trenen erdia pasatuko dira, eta gainontzean laurdena. 

Hari mutur asko elkartu dira greba egun hauetara heltzeko. Nagusiki, abiadura handiko trenbide sarearen mantenua da arazoa: geroz eta tren-zerbitzu gehiago, eta azkarrago joaten badira gainera, orduan eta zaintza gehiago behar dute errailek. Baina mantenu-inbertsioak ez dira behar beste egin Espainian. Horren apunteak hartu behar lituzkete EAEko gobernuek. Gauza on bat omen du, behintzat, EAEko AHT-a hainbeste atzeratzeak: teknologia hobetzen ari dela, eta segur aski geure AHTa “hobea” izango dela. 

Orain, benetako beldurra sortu du Espainian abiadura handiko trena erabiltzeak, eta gobernu progresistak fitxa mugitu du: dirua mahai gainean jarrita, hainbat hegazkin konpainiek Madril eta Bartzelona arteko zerbitzua zabaldu dute “puntualki”. Ordubeteko bidaia da; ziur denbora gehiago igarotzen dela aireratzen eta lurreratzen. Frantziak duela hiru urte galarazi zituen horrelako hegaldi laburrak, baina neurri sinbolikoa izan zen, eraginkorra baino gehiago. Tira. Banketxeek sekula galtzen ez duten bezalaxe, hegazkin-konpainiek ere ez: Madril eta Bartzelona artean ez dira ohi bezainbeste tren azkarrik izango gaur, eta hegazkin-txartelak, ganorazko ordu batean, 230 euro balio dituela ikusi dut. 

  • Kataluniako Rodalies tren zerbitzuarena beste mundu bateko asuntoa da: askoz ere okerrago funtzionatzen du. Atzerapen handiagoak, istripu gehiago, eta akats teknikoak biderkatu egin dira azken asteotan. Eta protestak ere bai. Asteburuan bi manifestazio jendetsu egin dituzte Bartzelonan: bata, erabiltzaileen plataformak deiturikoa, alderdi politikoek ere parte hartu dutena; eta bestea, ANCk deitua. Aldarria: “Errail bakarra dago, independentzia”.

· · · · · · ·

Hauteskundeak hor zehar

Gutxienez lau lekutan egin dituzte hauteskundeak igande honetan. 

  • Espainian, Aragoin: PPk aurreratu zituen hauteskundeak, ez zuelako eskuin muturrak baldintzatuta gobernatzen jarraitu nahi. Desio zuen gehiengo absolutua lortzea, baina ez da gertatu, eta are gehiago: aurrekoan baino boto gutxiago jaso ditu. Lortu duena da alderdi sozialista ahultzea, eta ultraeskuinaren presentzia bikoiztea. Eserlekuak bikoiztu ditu, baita ere, Chunta ezkerreko alderdiak.
  • Portugalen: Alderdi sozialista zen faboritoa hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian gailentzeko. Ijitoen aurkako kanpaina egin duen eskuin muturreko alderdia zeukan parean. Bien artean hautatu behar zuten herritarrek. Antonio José Seguro buruzagi sozialista gailendu da, %65eko babesarekin.
  • Japonian: Parlamentuko gehiengoa herren zeukan Alderdi Liberal Demokratikoak, Sanae Takaichi kontserbadorea buru. Urrian hartu zuen kargua, eta duela lau aste deitu zituen hauteskundeak, kanpaina hau egiteko: zergak jaitsi, AEBen aldera gerturatu, eta armetan gehiago inbertitu. Txinak mesfidati begiratu dio. Emaitza ofizialak gaur jakingo dira, baina estimazioen arabera, hiru bototik bi jaso ditu Takaichik.
  • Thailandian: Tentsio militarra gori-gori dagoela Kanbodiarekin, parlamenturako hauteskunde aurreratuak egin dituzte. Inkestek ziotenaren kontrara, alderdi kontserbadoreak aise irabazi ditu hauteskundeak. Desmilitarizazioa bultzatzeko konpromisoa agertu du.

· · · · · · ·

Portzierto. Astelehena da gaur, eta Hezkuntza Kanalean nobedadeak topatuko dituzu: Etxerako lanak podcastaren bosgarren atala argitaratu dugu. Mikel Garciak gai interesgarri hau ekarri digu: ez al lirateke gizon gehiago behar Haur Hezkuntzan, genero estereotipoak apurtzeko eta zaintza ardurak banatzeko?

·····>   Ez galdu hauek

  • Zaldibarko hondamendiak sei urte. Atzo zen urteurrena, eta oraindik egia osoa jakitea falta dela adierazi du Zaldibar Argituk. Eitzagan egin dute Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze oroitzeko ekitaldia, hondamendia jazo zen lekuan.
  • Festa Busturialdean. Herritarren garaipena ospatu dute Gernika-Lumon, egitarau zabal batekin. Garrantzitsua da ideia hau nabarmentzea: herritarrek lortu dute Urdaibaiko Guggenheimaren makroproiektua atzera botatzea; ez da zerutik erori, erakundeek ez dute besterik gabe “baztertu”.  
  • Espetxe alternatiben kongresua. Polizia, espetxe, migratzaileen aurkako neurri, eta zelatatze masiboaren aurrean alternatibak partekatzeko jardunaldiak egingo dituzte irailean Gasteizen, nazioarte mailakoa. Programa osatzeko ekarpenak egin daitezke.

HORRA HOR

Autoak zelatatzen zaitu. Auto zaharra daukagunok agian ez gara konturatu, baina nik ez nekien deus, nahiz arraro ez suertatu. Duela hiru urteko kontua da gutxienez. Auto berriek, auto adimenduek zelatatu egiten gaituzte. Gidariaren inguruko informazioa (guztia?) jasotzen du: nora bidaiatzen duen, zenbatero, zenbat denboran egiten duen bidaia, nola gidatzen duen, eta besteak beste, balazta nola erabiltzen duen. Zeren, auto ekoizle gehienek aitortzen dutenez, datu horiek gero saldu ahal dizkiete beste enpresei; balaztak fabrikatzen dituztenei, adibidez. 

Baina harago ere badoa kontua: gidariaren datu biometrikoak ere hartzen dituzte, goiko irudian ikusten den bezala. Alegia, kamera bat instalatuta doala ziur, eta grabagailua ere bai imajinatzen dut. Justifikatuta dago asuntoa, baina. Legez onartuta dagoelako. Europako Batasunak duela lau urte egindako lege batek dio auto berriek “sistemak” eduki behar dituztela gidaria logaletuta badago “prebentzio mekanismoak” abian jartzeko.

Honaino gaurkoa.

Astelehen on. Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

JARRAITU SAREETAN