Egun on.

Asteartea da. Otsailak 10 ditu. 128 urte beteko lituzke gaur Bertolt Brechtek.

Goazen mamira.

Inauteriak, euskararen topaleku

Etzi Ostegun Gizena, etzidamu Ostiral Mehea... Mundua ez da Tolosara mugatzen, baina euskararen bueltan den-dena ere ez da txarra, ezta gutxiago ere. Datu onak utzi ditu iazko Inauterietan udalak eginiko kale-neurketak: belarria ipini zen ia 5.000 solasaldietan, hirutik bi euskaraz izan ziren. Alegia, beste testuinguru batean baina 2024an eta Tolosan bertan eginiko neurketak zioena baino gehiago; hor, kaleko solasaldien erdia zen euskaraz, beste erdia gaztelaniaz. Tolosako Inauteriak, beraz, euskaraz garatzen diren festak dira.

Badaude hainbat faktore aintzat hartzeko. Herritarren profila, adibidez. Izan ere, festan ibiltzen direnen erdiak 25 urte baino gutxiago dituzte, eta horiek dira euskaraz gehien egiten duten adin-taldeak, nahiz eta gazteek erdaraz “asko” egiten duten kritika hori ere presente egon. Baina errealki, kontrakoa da. Haurren artean, hamar solasaldietatik ia bederatzi dira euskaraz.

Beste kontu bat: tolosarrez gaindiko jendea ere egoten dela Tolosan egun horietan. Euskararen onerako, nabarmen. Hori bai seinale ona festa moldearentzat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Olinpiar Joko jasangaitzak

Tolosatik mundura. Neguko Olinpiar Jokoak ez dira hain-hain famatuak, kirol-informazioaz paso egiten dugun guztiok ez gara gaiaz halabeharrez jabetzen, hau da, ez dela udan egiten direnak bezain “ezinbestekoak”. Baina beste kontu batengatik ezagutu ditut Milanen hasi diren Neguko Olinpiar Jokoak.

Giroa asaldatuta dago. Herritarrei ez zaie motiborik falta. Astakeria zen hasiera bateko aurrekontua, baina hirukoiztu egin da: erakundeek sei mila milioi euro xahutu dituzte, batik bat azpiegitura faraoniko zentzugabeetan. 56 obra omen daude amaitu gabe, gainera; errepide eta trenbideak, ziurrenik inoiz amaituko ez direnak. Amildegian behera botatako dirua, bi asteko kirol txapelketarentzat, geroz eta garestiago bihurtzen eta jendez husten ari den Milanen. Azken hamar urtetan, %40k utzi du hiria. Eta hori gutxi ez, eta iraingarria da Olinpiar Jokoetako sarreren prezioa ere: curling-eko saio arrunta ikusteko gaur arratsaldean, azken ilaratik, 77 euro pagatu behar dira.

Astebete igaro da Milandik 140 kilometrora, Turinen, Askatasuna gaztetxe ezagunaren aldeko manifestazioa egin zenetik, Poliziak fuerte erantzun zuenetik, eta Milango tesitura ere halakoxea zetorrenez, Giorgia Meloniren gobernuak “segurtasun dekretu” polemikoa onartu du: manifestazio baten aurretik, Poliziak 12 orduz atxikita eduki ditzake “liskargile potentzialak”. Infiltratuengatik ariko zen-edo… Tira. Dekretua praktikan jartzen ari da Meloni, jakina. Hori guztia koktel batean sartuta, 10.000 laguneko manifestazioa egin dute Milanen.

Webgunetik heldu zara, lagun batek pasatu dizu… Ez zaudela buletinera harpidetuta?

Bide batez. Atzo tarte honetan kontatu nizun Etxerako Lanak podcastaren atal berria kaleratu genuela Hezkuntza Kanalean, ea Haur Hezkuntzan gizon irakasle gehiago behar ote diren gogoetatzeko. Baina horrekin batera, atzo Ikusi eta Ikasi bideopodcasta ere argitaratu genuen. Ikastetxeen esperientzia onak kontatzen ditugu ordu erdi inguruko saioetan. 

Bigarren atal honetan, Mikel Garcia gidari, Zaldibiako Lardizabal eskola ezagutzera eraman gaitu gure multimedia lantalde prestuak: Putzua testu-liburu, urmael bat baitute liburuetatik bezainbat (edo gehiago) ikasteko.

·····>   Ez galdu hauek

  • Tubos Reunidos. Amurrion eta Trapagaranen ditu lantegiak hodigintza enpresak. Erosle ugari galdu ditu, AEBetako merkatua muga-zergek itxi diotelako. Hortaz, lantaldearen laurdena kaleratu nahi du enpresak, 301 langile; gehienak Amurriokoak. Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bilera garrantzitsua zuten atzo, langileak atarian zer edo zeren zain zeuden, baina lotsagabe, zuzendaritzaren ahotik baino, prentsaren bitartez jakin dute kaleratu nahi dituzten langileen zifra. Haserrea piztu du horrek.  
  • Atxilotuen jatorriari bai Donostiak. Gauza arraroak ari dira gertatzen auzi honetan. Jaurlaritzak ematen du atxilotuen jatorriaren berri, Gasteizko Udalak ez, Bilbokoak ere ez, baina Donostiakoak bai. Zer, eta Jon Insausti alkatearen beraren borondatez. Donostiako PSE-EE erretxinduta dago.    
  • Bisonte eskeletoa Urbasan. Duela 4.000 urteko bisonte baten hezurdura ia osoaren hondakinak aurkitu dituzte Urbasa-Andia parke naturalean, Arrafela leizean. Ikertzaileen hipotesia da bisonte europar bat dela, eta hala balitz, Iberiar penintsulan aurkituriko lehenbizikoa litzateke.

PANTAILARI ITSASTEKO BAZKA

Batzuentzat asteburuak dira film eta telesailetara lotzeko uneak, eta besteentzat aste-tarteak. Zerrenda labur bat pasako dizut asteartero, ikusi dudanarekin eta ikusten ari naizenarekin.

  • Tribuaren berbak. Banekien lehenago edo geroago ekarriko nuela hona ETB1en saio hau, uste baitut asko irabazi duela programak Izaro Arruti aurkezle-kide gisa fitxatuta. Eta aitzakia eman dit aurreko asteko saioak: Ipar Euskal Herrian euskarak duen egoera eta bilakaera aztertu dute 50 minutuko erreportajean. Eneko Gorri, Itxaro Borda, Xan Idiart, Aitor Servier, Leire Casamajou, Joseba Erremundegi... Jende interesgarri ugari ageri da hizketan. Ikusgai ETBOn-en; saioa hasi behar da.
  • Pubertat. Oso errealista iruditu zait, eta agian horregatik aldrebestu dit horrenbeste gorputzaldia. Asuntoa da, Herrialde Katalanetako herrixka batean, 12-13 urteko lagun talde batean sexu erasoa salatzen dela sare sozialen bidez. Zer den egia eta zer ez, nola jokatu, nola entzun elkar, nola azaldu gertatu denaren garrantzia... Sentsazio deserosoa utzi dit, hain justu ere horrexegatik: gai oso konplexua delako. Movistarren eta HBO Max-en dago, ez euskaraz.
  • Scenes from a Marriage. Eneritz lankide zinezaleak gomendatu dit telesail hau. Eta irentsi dut. Bost kapitulu baino ez ditu, eta pertsonaiak bi dira: Oscar Isaac-ek gorpuzten du bat, eta Jessica Chastain-ek bestea. Senar-emazte dira. Gauzak ez doaz batere ondo. Ia dena etxe barruan kokatzen da bi pertsonaia horien artean, plano eder eta plano sekuentzia ugari daude, eta gustatu zaizkit, baina esan diot Eneritzi ere: gidoiak hainbesteko pisua duen kontakizun batean, igual zertxobait gehiago zukutu zitekeen. Baina ea: oso ondo dago. Eta bi aktore puska dira. Movistarren eta HBO Max-en dago, eta euskaraz ez.

Iradokizunak egiteko, edo besterik gabe protesta egiteko, email helbide bat daukat zabalik: buletinak@argia.eus. Idatzi horra, edo errazago, erantzun email buletinari. Gustura irakurriko zaitut.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

JARRAITU SAREETAN