|
|
|
|
Inauterietan bete-betean sartuta, datozen zazpi egunetan datorrenaren berri izan nahi baduzu, entresaka bat ekartzen dizut.
|
|
|
- Musika. Bost proposamen ditut, denak ere maparen goialdean kokatuta. Hasteko bihar, ostegunez, Arrasateko gaztetxean, rap musikarekin gozatzeko aukera aparta: Ahuen. Ostiralean Bilboko Santana aretoan, berriz, bueltan den artista ezaguna, Iseo eta Dodosound. Ostiralez baita ere, Donostiako Dabadaban, Bele. Eta azken bi ideiak larunbaterako: Berrizko Hiltegixen, Lukiek talde mungiarraz gozatzeko parada, eta Donibane Lohizuneko Tanka aretoan, berriz, Neomak oholtzaratuko da.
- Antzerkia. Inauteriak bete-betean. Garaiko bost hitzordu. Maskaradak larunbatean Pagolan izango dira, eta kaskarotak Lekuinen. Igandean, mutxikoak Senperen, eta libertimendua Donibane Garazin. Eta igandean baita ere, Iruinkokoa izango dute Iruñean.
- Bertsolaritza. Gure Irratiaren aldeko bertso afaria dute ostiralez Baionan, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbiorekin. Eta afaririk gabe, baina Antzoki Zaharreko butaka ederretan, Inauterietako jaialdia dute Donostian, Miren Artetxe, Jon Maia, Alaia Martin eta Andoni Egañarekin. Eta igandean, berriz, Arabako txapelketaren bigarren final laurdena jokatuko da Laudion, sei bertsolariren parte hartzearekin.
- Literatura. Edo literaturari bueltako solasaldietan, hainbat kontu. Esaterako gaur, Gasteizko Liburutopian, Hedoi Etxartek Izen baten promesa eleberria aurkeztuko du. Bihar, Donapaleuko Otsail Ostegunen parte, zuzenbide publikoan doktore Pauline Guellek hitzaldia eskainiko du estatuen inpunitateaz eta torturaz. Gaur, Iruñeko Laban, Memoria, paisaia eta identitatea izenburupean hitzaldia emango dute Amaia Molinet eta Oihane McGuinness artistek, eta ostiralean, leku berean, Yolanda Arrietaren liburuan oinarrituta, Arrietak eta Peru Galbetek literatur-musikatu formatuko eszenaratzea egingo dute, Etxe bat deiturikoa. Larunbatean, berriz, Baionan, Kontseilu Sozialistak antolatuta, hainbat hitzaldiz beteriko “egun antifaxista” egingo dute. Eta gaur zortzi, Azpeitiko Dinamoan, Ane Zubeldia idazleak Apoa liburua aurkeztuko du.
- Zinema. Eguraldi euritsuaz etxe giro egongo denez, hainbat proposamen. Gaurtik aurrera, Primeran plataforman duzu ikusgai Karmele pelikula. Ekintza herrikoiagoa nahi baduzu, ostiralez, Senperen, Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz proiektatuko dute. Eta Hegoaldeko zine komertzialetarako hiru apunte: zinemetan da Tre ciotole, festibaletan-eta ongi mugitu den pelikula, barrenak hunkitzen dituena; asteburu honetan helduko da Historias del buen valle dokumentala, Herrialde Katalanetako landa-eremuan filmatua, gordina eta ederra; eta asteburu honetan ez, hurrengoan ailegatuko da O agente secreto.
|
|