Egun on.

Partidua ikusi nuen atzo gauean, baina hori ez dut komentatuko. Beste bat ikusi nuen goizean.

Goazen mamira.

· · · · · · ·

Hilotz politiko bi, zu eta ni

Konbate gogorra izan zuten atzo bi maromo navarrok Nafarroako Legebiltzarrean. Alde batean Javier Esparza iruindarra, UPNkoa, mila bider Nafarroako Gobernuko presidente izateko zorian egon den gizona, baina inoiz ere horretara ailegatu ez dena. Eta beste aldean, espetxetik paparra puztuta irten den Santos Cerdan, Milagroko semea, etsairik handiena ere ez zenukeela berarekin paper-artean nahastuko.

Testuingurua inportantea da: Nafarroako Legebiltzarrean egin dute topo, Belateko tulenen auzian irregulartasunik egon zen ala ez ikertzeaz arduratzen den batzordean. Ikusmin handia zegoen. Begira Javier Bergasa argazkilariak egin duen erretratu itzela. 

“Eskubidea daukat, eta ez dut galderarik erantzungo”, esan du Cerdanek, hasteko. Berehala heldu dira lehen baina-k. Eta galdera guztiei erantzun die azkenean. 

Belateko tunelei zegozkion kontu guzti-guztiak ukatu ditu, orain arte Espainiako prentsan atera diren hainbat gauza ere bai, baina finean, esperotakoa horixe zen, epaileren batek kontrakoa frogatzen ez duen bitartean, errugabea baita. Konturik interesgarrienak ohiko galderen ondoren hasi dira, Cerdanek zera bota duenean: “Hau guztia zuek sortu duzue [UPNkoengatik ari zen] mendekua nahi duzuelako, gorroto nauzuelako”.

Orduantxe hasi da Esparza besoak altxatzen, keinuen bidez adierazten onartezina eta etsigarria dela Cerdan esaten ari dena… eta puntuari eutsi dio milagroarrak. “Zeu, Esparza jauna, ni bezalaxe, hilotz politiko bat zara”, bota dio. Eta jendeak marru. “Esparza jauna, zeuri min gehiena egiten dizuna ez da ikerketa batzorde hau sortzera eraman zaituena, baizik eta nire parte hartze politikoak egiten dizu min, Nafarroako Gobernutik atera zintuztedalako, eta nigatik ez zara presidente”. Eta jendeak, berriz, marru. UPNkoek ia txistu ere bai.

Esparzaren haserrea eragin du horrek, badaki-eta egia dela. Cerdan izan zen PSN barruan mugimendua eragin zuena; ordura arte beti bizkarra eman arren, PSN ezker abertzalearekin eserarazi zuena; eta negoziatu zuena UPN kanpoan utzi ahal izateko. Nafarroako eskuinak ez du hori sekula onartu. Egia da, horri esker, azken bi agintaldietan PSNk agindu duela, EH Bilduren kanpo-babesarekin, eta Iruñeko Udalean alderantziz. 

Sumindura horretan, Esparzari mihia joan zaio: “Nafarroako bi gobernu eta Iruñeko udal gobernua lapurtu dituzu zuk, Cerdan jauna, lizunkerietan arituta!”. Eta Cerdanen erantzuna, titulura eramateko modukoa: “Hitz egin dezakegu negarrez deitu zenidan egun hartaz?”

  • UPN, errelebo bila. Esparzak ez du karguan jarraituko, hiru hautagaitza aurkeztu dira, baina litekeena da Iruñeko alkate ohi Cristina Ibarrola izatea UPNren buruzagi berria. Bihar jakingo da

Gure kazetaritza estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

CCOO bai baztertzailea

Sindikatu horrek berak atzo pozarren eman zuen notizia: epaitegietan lortu du atzera botatzea Gipuzkoako Aldundiak egindako beste lan deialdi bat, goi mailako 34 teknikari lanpostu egonkortzea zekarrena, euskararen C2 ziurtagiria eskatzen zelako. Administrazio publikoak “politika linguistiko baztertzaile eta segregatzailea” darabilela dio CCOOk. Euskalgintzaren Kontseiluak, berriz, kontrakoa: euskaldunak eta euskara gutxiesten dituela.

Errealitatea da geroz eta ebazpen gehiago datozela gisa honetakoak. Epaitegiek “gehiegizko eskakizuna” dela esateko darabiltzaten baremoak-eta Zigor Olabarriak azaldu ditu artikulu honetako paragrafo batean. Baina bestalde, EAEko CCOOri argitzea legokio zergatik ari den Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan horrela jokatzen, eta Herrialde Katalanetan ez; zeren, urtarrilaren amaierako notizia da, CCOOk konpromisoa adierazi duela lan munduan katalanaren presentzia handitzeko.

Aizu, webgunetik iritsi al zara hona? Edo lagun batek pasatu dizu? Emailera harpidetu zaitezke.

·····>   Ez galdu hauek

  • Israel suntsitzaile. Estatu sionistak glifosato herbizidarekin egin dio eraso Libanori otsail hasieran. Produktu toxikoa da, olibondoak, baratzeak eta haritzak ordu gutxian hil ditzakeena. Lurrean topatutako laginetan, nekazaritzan baliaturiko kantitatea baino 50 aldiz gehiago atzeman da.
  • Gipuzkoako espetxe berria. Maiatzean edo ekainean zabalduko dutela hitzeman dute. Zubietan ari dira eraikina amaitzen, eta Martutenekoa eraitsi egingo dute etxebizitzak egiteko.

FOTOTEKA

Astero, ARGIAren argazki artxiboak orrialde finko bat du gure astekarian. Normalean Urko Apaolazak idazten du, eta pasarte horren entresaka bat da hona ekartzen dudana ostegunetan.

ARGAZKIA: Arturo Delgado / ARGIA Fototeka.


Latza. Bihar beteko dira 45 urte Joxe Arregi ETAko kidea hil zuela Espainiako Poliziak, torturen eraginez. Eta astelehenean beteko dira beste hainbeste urte Arregiren hilkutxa hilerrirako bidean lagundu zutela 10.000 lagunek, Zizurkilen. 

“Oso latza izan da” adierazi zien Arregik espetxeko kideei hil aurretik; 73 poliziak torturatu zuten. Gorpua heldu zen Zizurkilera, baina erabat galarazi zitzaien senide, lagun eta herritarrei hilkutxa zabaltzea. Inola ere ez zezatela zabaldu, horixe nahi Poliziak. Baina urte mordo bat geroago jakin zen, egun horretan, gauez, buruargi batzuek hilkutxatik gorpua atera eta herriko biltegira eraman zutela, denen begietara ipintzeko. 

Hileta egun hura oso latza izan zen, bai jakina. Urko Apaolazaren artikuluarekin, nik hemen jarritakoak baino kontu interesgarriagoak ezagutuko dituzu.

Honaino gaurkoa.

Ostegun ona izan. Besarkada bat.

JARRAITU SAREETAN