Egun on.

Hemen da ostirala. Eta buletin hau hirugarren astea osatzera doa. Inork galdetuko balizu, honezkero gai izango zinateke hitzez adierazteko nondik nora doan Goizean argi hau. Baina azalpen xeheagoak nahi badituzu, hemen duzu Itsaso Zubiriarekin izan nuen solasa, proiektu oso hau ganora gehiagoz ezagutu dezazun. Eskerrak Itsasori, fundamentuz jaso baititu arrapaladan bota nizkion ideia solteak.

Goazen mamira.

Kopla batzuk kulturgile negartiari

Gauza batzuk aldez aurretik iragartzen dira parlamentuetan, erraz jakiten baita nork zer proposatuko duen, eta kasurik gehienetan, aurretik jakin daiteke ere bai zer emaitza izango den. Baina eztabaida (askotan antzu) horietan espero gabeko perla batzuk ere irteten dira. 

Kontua da EH Bilduk eskatu duela Hego Euskal Herriko artisten prekarizazioa amaituko lukeen araudi propio bat sortzea, apur bat Irlandakoa adibide hartuta; han, sortzaileek 1.300 euroko oinarrizko soldata iraunkorra dute. Baina tira, EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute ekinbidea. Alderdi sozialista gai honetan oso galduta dago, eta egin duten denbora galtzeak ez du lerro gehiagorik merezi. EAJko legebiltzarkide Garikoitz Mendizabal izan da Eusko Jaurlaritza defendatu duena. Txistularia ere bada Mendizabal: makina bat album argitaratu ditu, hor zehar saltseatu nahi baduzu.

Bere hitzak ekarriko ditut hona. Denak ere hitzaldi berean josiak.

Hasteko: “Prekarietateak ez du eragiten lan okerragoak sortzea”. Are, “errepara iraganari”, antzina zer artelan sortzen zituzten eta zeinen prekario, eta zeinen profesional orain. Eta, horri lotu dakiokeen esaldi majoa: “Agian zuk [EH Bildukoari] ezin duzu ulertu, baina artistok eta sortzaileok barruan dugun bulkada bestelakoa da; ongizate maila altuan bizi gara”. Eta bateren bat balego hain ongi bizi ez dena, horra: “Beste lanbide bat egin beharra ere ez da drama bat; bakoitza mundu bat gara artisten gremio honetan”. Hiru enkargu artistei: “Funtsezkoa da aliantza berriak egitea, dibertsifikazioan aritzea, eta reset egitea”. Eta bukatzeko, ez dadila falta, ipurdiko klasikoa: “Ezker abertzaletik joera daukazue gizartearen irudi tremendista zabaltzeko, askotan beldurra eragiteraino (...) Kultura Saila EAJrena denez, esan duzue: benga, goazen hauei egurra ematera, kultur munduan prekarietatea dela nagusi esatera”.

Puntu eta aparte. Faltan sumatu euskara. Hamar minutuko hitzaldi osoan ez du aipatu ere egin, eta, bulkaden artean esatea ahaztu bazaio, izugarrizko aldea dago euskaraz ala erdaraz sortu. Baina publiko arteko inor agian ez da jabetu, bideoa ikusi besterik ez baitago: legebiltzarkide gehienen eserlekuak hutsik zeuden. Gero bai, denek esango dute kultura estrategikoa dela.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Feudoa krisian du EAJk

Santurtziko alkate Karmele Tubillak dimisioa eman zuen atzoko goizean, derrepentean, azaldu gabeko arrazoiengatik. Gauza bakarra esan du: “Ez dut EAJ kaltetu nahi”. Ustel usaina dario asuntoari. Eta gauza konplikatzen da hemen. Tubillak esan du gainontzeko alderdiengandik “erabilia” sentitu dela, eta haiek helburu bakarra zutela, Santurtziko EAJ zikintzea. 

Gauzak ez daude batere argi, baina Maria Ortega lankideak artikulu honetan kontatu digun moduan, dimisioa loturik dago urrian Segurtasun zinegotzia kaleratu izanarekin. Tubillak zinegotzi hura kaleratu zuen Udaltzaingoko azterketan filtrazio posible bat egon zelakoan.  

  • Ibaiadarraren beste aldean. Getxoko Irurak Bat jauregiaren eraisketaren kontuak ikerketapean jarraitzen du, baina ikusi dut ikertuek fitxa mugitu dutela. Hirugarren gradua lortu berri duen Alfredo de Miguel jeltzalearen abokatua kontratatu dute, eta diskurtsoa disparatu: beraien aurka esan diren gauza guztiak “Ertzaintzaren konspirazioa” omen dira.

· · · · · · ·

Portzierto. Donostiako alkate Jon Insaustik haragi sintetikoaren laborategi berria bisitatu du. Haragi sintetikoa deritzona haragi faltsua da, “haragi” deitzea ere zalantzagarria, eta animalien zelula ametatik abiatuta egiten da prozesua. Tira, ez pentsa beganoentzat eginiko sojazko hanburgesak-eta horrela direnik. Prozesu berri-berria da. EHNE nekazarien sindikatuak protestak deitu ditu, eta bada motiborik horretarako: duela bi urte, gaiaz hizketan, Aitor Aranburu abeltzaina izan genuen gonbidatu Egonarria saioan. Berriz entzun dut, eta gauza batzuk argitu dizkit.

·····>   Ez galdu hauek

  • Argentina, atzera. Argentinak ehun urte atzera egin ditu lan eskubideei dagokienean: 12 orduko lan jarduna onartu du, baita greba eskubidea murriztea eta kaleratze ordainak kentzea ere. Protesta gogorrak izan dira; Polizia manifestariei oldartu zaie gas negar-eragilea eta gomazko pilotak erabilita.
  • 3.000 palestinar “karbonizatuta”. Gizatasunaren kontra Israelek darabilen beste adibide bat baino ez da, zoritxarrez. Al Jazeera komunikabidearen arabera, azken bi urte eta erdian bonba termiko jakin batzuk erabili ditu Israelek, 3.500 gradutik gorako tenperatura sortzeko gai direnak, eta 3.000 palestinar inguru desagerrarazi ditu horrela.
  • Auzoaren garaipena. Iruñeko Alde Zaharrean, Mercaderes kalean, etxebizitza bloke oso bateko bizilagunak kaleratu eta pisu turistikoz bete nahi zuen eraikinaren jabe Vidaurre Groupek, horretarako lizentzia ere lortu zuen, baina bizilagunen eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren presioari esker, enpresa atzera bota da.

ASTEKO KOORDENADAK >>

Asteko tendentzien bildumatxoa egiten dut ostiralero, iparrorratza hartuta, astebururako izan dezazun irakurgai majo eta laburrik, eta izan dezazun zer entzun ere, patxadatsu.

  • I > Ibilian-ibilian. Erretiroa hartu du Gotzon Aranburu kazetari zumarragarrak. Urte askoan prentsa idatzian aritua, irudigintzara eta bideogintzara pasa zen gero; eta kamera batekin ibili da ordutik, eta segitzen du afizioz. Elkarrizketa gozoa egin diote Euskadi Irratian. Ahots goxoan hitz egin du.
     
  • H > Hautagaiak. Hilabete barru hauteskundeak izango dituzte Bidasoaz goitiko herriko etxeetan. Kanpaina zantzuak gero eta gehiago usaintzen dira, nahiko barreiatuki gertatzen bada ere, eta agian da pasioak ez direlako lehen bezainbat pizten. Itxaro Bordak dio lehengo hautagaiak zuriak edo gorriak zirela, eta orain, gorriak gehiago duela arrosatik eta zuriak zuri zurbiletik. 
     
  • E > Erabakiak. Ez dira gutxi, hozkailuko barazki-erreserbaren zerrenda adimen artifizialari bota, eta haren aholkuari jarraituta egiten duela kozinan gaurko afaria prestatzeko. Garaiaren ajeak. Grazia punturik eman dezake horrek. Baina ahulguneak ere seinalatzen ditu. Are gehiago, 13 urteko semeak ChatGPT erabiltzen badu bere aisialdian zer egin erabakitzeko. Mikel Garciak kasu erreal bat kontatu digu.
     
  • M > Meatzaldetik. Handik egin du kontakizuna Kimetz Aranak. Gerra galdu zuen familia bateko iloba da, Bizkaiko Meatzaldean jaioa. Gurasoek, zorionez, euskara berreskuratu zuten, eta hala hezi zituzten semeak. Eta kale hain erdaldunean, etxea baino zuten arnasgune. Horregatik titulu eta aldarria: Arnasguneak dira gure arnasa.

Honaino gaurkoa.

Asteburu on. Besarkada bat.

JARRAITU SAREETAN