Arraroa egiten zait niri: Ekonomia sailburu batek sindikalistatzat du bere burua, baina etengabe dago desados gehiengo sindikalarekin. Baina hori bai, greba eskubidearen aldekoa da. Eskerrak. Eusko Jaurlaritzako Mikel Torres lehendakariordeaz ari naiz. Berria-k elkarrizketatu du. Imanol Magro kazetariak galdera fin eta zorrotzak egin dizkio, besteak beste, ELAk eta LABek martxoaren 17rako deitu duten greba orokorraz, gutxieneko soldata propioari buruz. Torres sailburu-sindikalista UGTn afiliatua da, desados dago greba deialdiarekin, besteak beste, azpimarratzekoa iruditzen zait, arrazoi honengatik: gutxieneko soldataren auziak EAEko langileen %3ari eragiten dionez, Torresen ustez gehiegitxo da horregatik soilik greba orokor bat deitzea. Asko esaten du horrek sindikalismoa ulertzeko duen maneraz.
ETB2k berriz, EAEko Confebask patronaleko burua elkarrizketatu du, Tamara Yagüe. Lotsarik gabe esan ez du, bada, negoziaketarako besoa luzatuta diela ELA eta LAB sindikatuei, baina ez dagoela “legitimatuta”, eta enpresek ezin dituztela gutxieneko soldatak igo. Marka da gero.
Gauza batzuetan erdi-ados daude Torres eta Yagüe, eta beste batzuetan erdi-desados. Honetan, behintzat, bat datoz: kameren aurrean, hitz erdi ere ez euskaraz.
- ETB aipatuta. Patronal buruari elkarrizketa egin dion espainolezko kate berbera izan da polemiketan sartu dena. “Umorezkoa” dela esatea ere zalantzagarria den telebista-saio batean, Vaya Semanita-n, esan dute ez dela sekula Jaurlaritzako lehendakari gipuzkoarrik izan. Eta gezurra da. “Pentsa, arabar bat ere egon da!”. Hori ere esan dute ustezko grazian. Nengoen soilik espainolek egiten zituztela probintziak lehian ipini eta nor den euskaldunago demostratzeko ariketa erridikulu horiek. Baina tira, ezin gutxiago espero Iker Jimenez gasteiztar negazionista eta konspiratzailea ere imitatzen duen saio vasco batengandik.