|
|
|
|
Beti daude makina bat plan egiteko, baina askotan ezin aukeratu. Epe motzean datorren guztiaren ganorazko entresaka bat egiten ahalegintzen naiz asteazkenero, gaindosirik gabe.
|
|
|
- Musika. Etzi, ostegunez, Gasteizko Ttipia tabernako giro atseginean, Jon Basaguren ariko da bakarka. Etzidamu, berriz, Donostiako Dabadaba aretoan Burutik eta Eskafandra taldeak, eta haize-tresna zalea denak, Iruñeko Totemen izango ditu Herenegun eta Trintxera. Larunbatean, berriz, 40 Minutu Rock jaialdia egingo da Durangoko Landakon, eta egitarau benetan zabala dute muntatua. Edo bestela, larunbatez, Lizarrako La Bota elkartean, Ezpalak, The Capaces eta Delira taldeek kontzertua eskainiko dute. Aldiz, egun horretarako plan lasai baten bila dabilena, laketgarri izan ahal zaio Grigory Sokolov piano jolearen emanaldia, Iruñeko Baluarten.
- Antzerkia. Gaur, Eibarren, Tartearen teatroak Kandida antzezlana taularatuko du. Bihar, Galdakaon, Metrokoadrokak Bi baso bat ur. Eta etzi, ostiralez, Zornotzan, Axut eta Artedramak Nor naizen baneki eszenaratuko dute. Larunbatean, berriz, Korrika Kulturalaren sormen beka jaso duen Kaka antzezlana emango dute Auritzen, eta igandean Senperen. Neuk estreinaldian ikusteko aukera izan nuen, eta gustatu zitzaidan. Horiez aparte, igandean libertimendua dute Luhuson, eta maskarada Altzürükün. Eta bezperan, larunbatez, mutxikoak Arrangoitzen.
- Literatura. Eta hitzari loturikoetan, makina kontu negu parte honetan. Bihar, Donostian, haur eta gazte literaturan murgildu nahi duten helduei zuzenduriko saioa, Yolanda Arrietak eskainia, Gerrak eta umeak izenburupean. Bihar baita ere, Donapaleuko Otsail Ostegunetan, Casamajou-Elkegarai ahizpak ariko dira Lurdes Iriondoz sortu duten pastoralaz hizketan. Eta ostegunez ere bai, baina Usurbilen, Aitor Marcosek hitzaldia emango du desazkundeaz. Etzi, Baionako Biltxokon, Txilarreko sukaldaria liburua jendaurrean aurkeztuko du Pello Rubio protagonistak. Eta larunbatean, aldiz, Donostian, Bagera euskara elkarteak antolatuta, Haritz Azurmendi, Eider Saragueta eta Garikoitz Goikoetxearen eskutik, Euskara biharretik biharrera izenburupeko hitzaldia eskainiko dute. Bukatzeko, eta ezin ahantzi, Bilbon datorren astean hasiko den Gutun Zuria jaialdia; egitarau oparoa dute hila bukatu arte.
- Bertsolaritza. Ostiralean, Donibane Garazira helduko da Gaztetxeak Bertsotan ekimena, eta egun berean jokatuko dira, baita ere, Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketako saio ugari. Larunbatean, Izarran jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa. Eta larunbatean baita ere, bestelako bertso emanaldi bat: Itzal(iko) bagina eskainiko dute Janire Arrizabalagak, Izaro Bilbaok eta Araitz Katarainek, Deban.
- Zinema. Ostiralean hasi eta datorren asteazkenera bitartean, Ikuspuntu jaialdia egingo da Iruñean, nazioarteko 18 herrialdetako ekoizpenekin. Eta zinemetara helduko da O agente secreto pelikula, harrera beroa jasotzen ari den ekoizpen brasildarra, Oscar sarietarako ere hautagai dena.
- Bestelakoetan, hiru kontu aipatzeko: ostiralean, musika eta literatura nahasiko dituzte Jabier Muguruzak eta Bernardo Atxagak Orion; igandean, sekulako afixa zabal eta ederrarekin, Aroztegiko auzipetuen aldeko elkartasun jaialdia egingo dute Zarauzko Hiruputzu gaztetxean; eta datorren asteartean, Maule-Lextarren, hip-hop ikastaro bat antolatu dute.
|
|