Espainiako politikagintzari tarte bat, tomate saltsa horren zale garenontzat interesgarri ipini baita hango prentsa irakurtzea. Kazolan denbora dezente zeraman jakiak lehen bor-bor zantzuak egin ditu: Gabriel Rufianek tapakia altxa du, eta jankideak urduritu ditu. Kataluniako ERC alderdi independentistako aurpegi ezagunak ekitaldi jendetsu bat egin zuen atzo gauean Madrilen, Espainiako parlamentuan ordezkaritza duten ezkertiarrak “batu” daitezen, edo “koordinatu” daitezen, aurrerapenik ezean 2027an egingo liratekeen hauteskundeei begira. “Zer zentzu du ezkerreko 14 alderdi aurkezteak eta gure artean lehiatzeak?”. Tontoak ez izateko eta probintzia bakoitzean PSOEtik ezkerrerako alternatiba guztiak bakarrean elkartzeko deia egin du.
Sare sozialetan abila, komunikatzaile ona da Rufian, eta ondoen dakiena egin du: zalaparta sortu eta reel-ak ekoiztu. Titular laburrak egin, gero garatu dezatela irrati eta telebista tertuliek, horretarako daude-eta.
Atzo, ekitaldi famatuaren aurretik, ustezko ezkerreko prentsa mainstream-ari erreparatu nion ato, iritzi sekzioari espresuki. PSOEren banda zabalak, El País-ek, zaplazteko pare bat erregalatu zizkion Rufiani. “Ezinezkoa da eta ez da izango”, zioen Pablo Batallak, eta ezkerreko alderdiei egurra ematen zien esanez ezer gutxi dutela langile klasetik, baina hori guztia PSOE aipatu gabe. Eta Sergio del Molinok gutxi gorabehera barre egiten zion Rufiani, Cervantesen On Kixote erreferente gisa hartu behar lukeela iritzita. Onena, hala ere, Podemoseko Ione Belarra nafarrak ElDiario.es-en publikatu zuena. “Zutik jarri behar dugu ezker inkonformista eta intsumisoa”, esan zuen, artikulu oso-osoan Rufian aipatu ere egin gabe, jakingo ez balu bezala Rufian ekitaldi hura egitera zihoala; baina PSOEren gobernua babesten duten alderdi guztiei egurra ematen zien, den-denek ezker politikoa “leuntzen” dutela argudiatuta.
Urduritasunak zer diren.