Egun on.

Bero-bero dator astelehena. Gasteizera begira hasiko gara, eta ez atzo Baskoniak garaikurra etxeratu zuelako.

Goazen mamira.

Faxistak EHUn

Eskuin muturreko Vox alderdiak ekitaldia egingo du gaur EHUren Gasteizko Campusean, eta gertutik jarraituko dugu, ez baita ika-mikarik faltako. Giroa bero dator: EHUk erabaki du ateak itxi eta klaseak birtualki emango dituela, “segurtasuna bermatzeko”, istiluak saihesteko-edo, zeren antifaxistak mobilizatu egingo direla espero da; eta Eusko Jaurlaritzak ez du egokitzat jo EHUren erabakia, “bi aldeen probokazioetan erortzea” delakoan. 

Urriaren 12an gertatu bezala, gauzak nahasten dira hemen ere. Hasteko, ez da zalantzan jartzen faxismoa, arrazakeria eta besteak beste homofobia hedatzen dituen alderdiak horrelako ekitaldi probokatzaile bat antolatzea, eta “legezkoa” denez, Poliziaren babesa izango du, “adierazpen askatasuna” bermatu behar delako. Eta kontrara, ez da egoki ikusten herritarrak faxismoaren aurka mobilizatzea. Tesitura horretan, ikusiko dugu gaur zer gertatzen den. Ez espero gutxiago estatu-egituretatik. 

  • Frantzian ere, giroa ez dago epel faxisten eta antifaxisten artean. Action Française talde faxistako tipo bat jipoitu eta hil dute duela gutxi, eta sekulako eztabaida zabaldu da. Aldiz, Hedoi Etxartek asteburuan Berria-n oroitu moduan, duela hilabete magrebtar gazte bat hil zuten Lyonen, eta gutxienez bi aste igaro behar izan ziren gazte hura erailtzeko arrazoia arrazakeria zela esateko. Gustatu zait egin duen gogoeta, Gasteizkoa ere ekarrita: Antifei gorazarre.

· · · · · · ·

Kasketa

AEBetako Auzitegi Gorenak indargabetu egin ditu Donald Trumpek ezarritako muga-zergetako asko eta asko, ez direlako legezkoak izan horiek aplikatzeko bideak. Aurrez ikerketa sosegatua egin eta Kongresuaren oniritzia jaso behar luketela iritzi dio auzitegiak. Bada, umemoko laranjak alimaleko kasketa harrapatu du, eta ez da isilik geratu: mundu osorako %10eko muga-zerga orokorra iragarri du. Salbuespenezko lege bat baliatu du horretarako, gehienez ere 150 egunez luza daitekeena.

  • Muga-zerga sozioemozionalak. Beharbada horrelakoak bai behar ditugula. Egunean, batez beste, 12 milioi pakete ailegatzen dira Europako Batasunera, gehien-gehienak Txinatik. Edu Zelaietaren artikuluan irakurri dut. Galdegiten du ez ote duen antzekotasunik kanpo-inbasio militar batekin, ez ote den bonbardaketa logistiko isil bat. Baina ez da bidaltzailearen errua, eroslearena baizik. Ez ote genukeen hasi beharko hori mugatzen... Itsasoa hor ere hasten delako.

· · · · · · ·

Portzierto. A ze temazoa ekarri digun Mikel Garciak Etxerako lanak podcastean: eskolan, jardun jarraitua ala zatitua nahiago? Argudio sendoak dituzte batekoek eta bestekoek. Bi aldeak analizatu ditu.

·····>   Ez galdu hauek

  • Hilketa matxista. Gizonezko batek 28 urteko emakumezko bikotekidea hil zuen Sarrigurenen, ostiralean. Labanaz egin zion eraso. Gizonezkoaren ama ere bertaratu zen etxebizitzara, eta hura ere sastakatu zuen erasotzaileak; larri dago erietxean. Urteko lehen erailketa matxista da.
     
  • Interneta Lekeition. Gaur berreskuratzea espero da. Astebete igaro dute konexiorik gabe, eurite eta haizeteen eraginez zuhaitz bat bi dorre elektrikoren gainera jausi zenetik. Herritarrak kexu agertu dira: “Bilbon gertatu balitz, hainbeste itxarongo lukete? Ez ditugu eskubide berak?". 
     
  • Liskarrak Sadarren. Irudi desatseginak ikusi ditugu Iruñean, Osasunaren futbol partida amaitu eta berehala: Espainiako Poliziak karga bortitzak egin ditu estadioko korridoreetan. Diotenez, zelaira ur botila bat jaurti zuen pertsona bat identifikatzera joan ziren, baina irudiek ez dute hori erakusten. Borra-kolpeen eraginez, hainbat zauritu daude.
     
  • Euskal ordezkaritza Rojavan. Astea osatu dute eta atzo goizean abiatu zuten etxerako bide luzea. Edonola, azken eguneraino gertutik ezagutu dute Siriaren menpeko Kurdistango errealitatea: larunbatean bilera bat egin zuten soilik emakumeez osatutako YPJ herri defentsako unitatearen buruzagitzarekin.

HORRA HOR

Hiru prezioko azoka. Euskal Herriko espazio autogestionatuetan tarteka ikusten da: “Sarrerak 10 euro balio ditu soldatapeko lanean ari direnentzat, eta 6 euro ikasle eta langabetuentzat”. Beti iruditu izan zait iniziatiba egokia, gizarte justuago bat helburu duena. 

Okzitaniako Bergerac herriko barazki-azokan harago doaz. Produktu bakoitzak hiru prezio ditu: prezio arrunta, eskuragarria (-%20), eta elkartasunezkoa (+%10). Ez dago justifikatu beharrik, eta pribatutasuna zaintzen dute: kikara batean bolatxoak dituzte, hiru kolore (horia da prezioa eskuragarria, urdina prezio arrunta, eta berdea elkartasunezkoa), eta erosleak bat aukeratzen du, eta aldameneko kikaran uzten du, soilik saltzaileak ikusteko moduan. 

Reporterre hedabideak erreportajea egin du gaiaz. Interesgarria da saltzaileek esaten dutena: denek irabazi dute. Justuago zebilena, beharbada, supermerkatura joango zen erosketak egitera, merkeago irtengo zitzaiolakoan; eta errenta aldetik erosoen dabiltzanek, berriz, joera dute gehiago ordaintzeko, konpentsazio modura.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN