Dozenatik gora furgoneta, txakurrak, droneak, kalez jantzitako poliziak... Sekulako erakustaldia egin du Ertzaintzak EHUren Gasteizko Campusean. Estoldak ere miatu dituzte, eta inguruko edukiontzi eta ibilgailuak kendu. Baita oinezkoen joan-etorria galarazi ere. Eta jende mordo bat identifikatu omen dute goizean goizetik, inguruan zebilena edo ibil zitekeena.
Atzo, ultraeskuineko Vox alderdiaren ekitaldia 12:30erako zegoen iragarrita, eta ordu erdi lehenago heldu dira gazte antifaxistak campusera. Ertzaintzak metro batzuk urruntzeko agindu die, faxistei lekua uzteko. Hala heldu dira Voxekoak, agente mordo batek babestuta, Espainiako banderak eskuetan. Selfie-ak egin dituzte harro-harro, manifestariei ere argazkiak egin dizkiete, eta fakultatearen sarreran eskegita zeuden pankartak eta afixak kendu dituzte. Tartean, Gasteizko Martxoaren 3ko gertakarien oroimenezko bat. Hori guztia, Ertzaintzak babestuta.
- Itxita zegoen Gasteizko Campusa, EHUk hala erabakita, guztien segurtasuna bermatu asmoz. Polemika eragin du erabakiak, ez ote duen neurri horrek Vox alderdiaren presentzia legitimatzen. Tira, Joxerramon Bengeotxea errektoreak esan du ezetz, “hesia” jartzea bezalakoxea izan dela, bai politikoki eta bai segurtasun aldetik.
- Sindikatuek deituta, bestalde, Gasteiz erdigunean egin dute kontzentrazioa, Euskal Herria “antiarrazista, feminista eta euskalduna” dela aldarrikatzeko.
Hemen auzia da, adierazpen askatasunaren aitzakiapean, kolektibo batzuekiko gorrotoa hauspotzen duen alderdi bat lasai-lasai etor daitekeela Gasteizera, EHUra, hemengo Poliziaren babespean.