Egun on.

A zer kontuak ekarri zizkigun atzo erredakziora Kurdistandik etorri den Lander Arbelaitz lankideak. Horietako bat gaur kontatzea erabaki du, eta argazki horrekin zabalduko dut buletina.

Goazen mamira.

Rojavako borrokalari euskaldunak

Kurdistango Rojavan hainbat euskal herritar bizi dira, kurduen komunitatean eta mugimenduan integratuta, hizkuntza kurdua ikasita, hango askapen borrokan erabat sartuta. “Bost eta hamar kide artean” dira. 

Argazkian ageri den mutila Iruñekoa da, 27 urte ditu, eta hilabete batzuk daramatza bertan bizitzen. Kurduen artean kultura politiko indartsu bat dagoela dio, bereziki esanguratsua den lidergo internazionalista, eta hori bertatik ezagutzen ari da orain, baita mugimendu iraultzailea laguntzen ere, jakina. 

Aurpegia estalita eta izenik eman gabe hitz egiten du, baina Landerrek aukera izan du berarekin solastatzeko. Bideoz ekarri dugu. Laburra da, bost minutu baino ez ditu irauten. 

Jendartea eraldatzeko tresna izan nahi dugu kazetaritza kritikoaren bidez.

EGIN ARGIAKOA

Gori-gori dator Martxoaren 3a

Espainiako Gobernuak estatuaren beste 39 biktima aitortu ditu. Besteak beste, 1976ko Gasteizko sarraskian eta 1978ko sanferminetan hildakoak. Aitortza horiek ez dira kasualitatez iritsi: Martxoak 3 eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteek iaz abiatu zuten kanpaina bateratu bat, Estatua erantzule deiturikoa, eta haien eskari eta presioaren eraginez heldu da Espainiako Gobernuaren mugimendua.

Baina aurrerapausoak aurrerapauso, keinu txikiak besterik ez dira. Zeren, biktimak aitortu bai, baina Espainiako Estatuak ez du inola ere erantzukizunik hartu nahi. Horren kexu agertu dira elkarteak, eta lanean segitzeko asmoa adierazi dute.

· · · · · · ·

Portzierto, Espainiako Gobernuaz hitz eginda: gaur desklasifikatuko dituzte 1981eko otsailaren 23an izandako estatu-kolpe saiakeraren dokumentuak. Eguerditik aurrera ikusgai egongo omen dira gobernuaren webgunean. Egin apustu: zenbaterainoko egiak jakingo dira? Agertuko al da Espainiako errege Juan Carlos iheslariari buruzko zer edo zer?

  • Guk bai, guk gureak desklasifikatuko ditugu oso laster. Denon eskueran ipiniko ditugu gure argazki guztiak, 100.000tik gora, ARGIA Fototekan. Egun gutxi barru ikusiko du argia, abisatuko dizut.

·····>   Ez galdu hauek

  • Lanak hiltzen du. Bi langile hil dira 24 orduko tartean. Bata Lantaronen, Araban, atzo kontatu nizuna, piroteknia enpresa batean gertaturiko istripuan; eta bestea atzo goizean hil zen, Nafarroako Berriobeitin, rokodromo enpresa batean.
     
  • Jangela greba EAEn. Atzo hasi zen, bihar arte iraungo du, eta LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatu deitzaileen arabera “jarraipen masiboa” izan du lehen egunak. Ziur etxe askotan buruhauste ugari ari dela eragiten.
     
  • Udako kirol txapelketak, kolokan? Ikerketa mardula egin du Nature-k. Frantziako Estatuko meteorologia datuak hartu dituzte, azken 50 urtetakoak, eta ondorioa argia da: uztail eta abuztuan, muturreko tenperaturak gero eta ohikoagoak direnez, bideragarria da Frantziako Tourra “normaltasunez” egitea? Nazioarteko txirrindularitza federazioak dio 28 gradutik gorako tenperatura “arrisku handikoa” dela, eta, ikerketaren arabera, “oso posible” da Tourmalet gisako mendietan tenperatura horiek gainditzea. Are gehiago, txostengileek diote orain arte “zortea” izan dela.

AGENDA KULTURALA

Datozen egunetarako plan bila? Entresaka bat egiten ahalegintzen naiz asteazkenero, gaindosiak saihesteko. Irudian, Sara Zozaya musikaria.

A, atzo film bati kritika apur bat zorrotza egin nion, eta iritzia ematera gonbidatu nizuen. Eta bai eman ere. Pozten nau parte hartu nahi duzuelako. Beti egin dezakezue, email mezuari erantzunda. Gustura irakurriko zaituztet. Eta ekarpenak egin lasai asko.

Egun ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN