Egun on.

Gaur desklasifikatuko ditugu gure artxiboak. Gaur egingo dugu publiko ARGIA Fototeka, 100.000 argazkiko fondoa. Egon adi 10:00etatik aurrera. Historiagile eta zaleek gaur ere izango duzue lana franko.

Goazen mamira.

Koldarra beti koldar

Ez du izenik bere burua sozialistatzat duen Espainiako PSOE (eta EAEko PSE) egiten ari denak. Aspalditxoan baino argiago islatuta geratuko da gaur Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, bost egun baino ez dira falta martxoaren 3rako, 1976ko Gasteizko sarraskiaren 50. urtemugarako, eta gaur, Legebiltzarrera helduko da proposamen konkretu bat: Espainiako Gobernuari exijitzea aitor dezala Estatuak erantzukizun zuzena izan zuela. 

Baina koldarra beti da koldar, eta askotan PSEko eta PSOEko eledunek harrokeria erakusten badute ere, harramazkarik txikiena eginda ikusten da barnean ez dutela ganorazko deus. Horregatik, proposamenaren kontra bozkatuko dute. Tira, beraien “testu propioa” aurkeztuko dute; zeren, gertakariak “gaitzestearen” alde daude, baina Espainiako Gobernuari interpelazio oro egitearen aurka. Aintzat hartu, poetikoa dirudi-eta: alderdi horrek berak kudeatzen du Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubide Saila

Ika-mika izango dute gaur Jaurlaritzako bi bazkideek, EAJk eta PSEk. Zeren, EAJk bai exijituko dio Espainiako Gobernuari gertakarien erantzule Estatua egiteko. Baina ez uste jeltzaleak beste muturreraino igaroko direnik. Izan ere, aipaturiko puntu horrez gain, EH Bilduk eta Sumarrek eskatuko dute estatu-indarkeriaren biktima guztien egiarako eskubidea bermatzeko, eta EAJk ez du babestuko. Horrek ere ez gaitu harrituko.

  • Bide batez. Martxoaren 3a geroz eta hurbilago den honetan, prentsa-dosiak ere ugaltzen ari dira. Txalaparta argitaletxeak liburu bat kaleratu du, eta liburua idatzi duen lagunak, Jon Martinezek, erreportajea idatzi digu ARGIAn, kontu askorekin jantzita, Urko Apaolazaren bilduma batekin osatuta... Zerbait berezia, akaso, Miel A. Elustondok eskaini digu: eliza barruan egon ziren bost emakumeren testigantzak ekarri dizkigu.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Eremu euskaldunak zaindu beharra

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak proposamen berria aurkeztu du, orain arte “eremu euskaldun” gisa hartu diren lurraldeetan indarrak jartzeko. Ez soilik horietan, jakina, baina fokua horretan ere jarri behar delako. Aurreikuspenak txarrak baitira: hamar urte barru, litekeena da euskararen erabilera %60tik gorakoak diren arnasguneak apenas gelditzea.

UEMAko lehendakari Martin Aramendirekin hitz egin du Onintza Irureta lankideak. Nabarmendu du euskara indartsuen dagoen lekuetan “oso agerikoak” direla ahultze-zantzuak, gune “zaurgarriak” direla, eta ezinbestean tokatzen dela hizkuntza politikak errotik aldatzea. Bai nazionalki, baina baita eremu horien udaletan ere. Lurgune horiek legez babestea eskatzen dute, eta euskararen presentzia sendotzeko plan integralak garatzea.

  • Kontzientzia garatzeko, baita ere, ez daitezen errepikatu Orkoienen gertaturikoak, adibidez. Izan ere, iragan asteburuan, inauterien ospakizunetan zirela, euskarazko musika ipini zuenari oihuka eta irainka erantzun zioten hainbat pertsonak. Eta giroa ez zen berehala baretu, ez bazen areagotu, eta jazarpen fisikoa hasi. Horregatik, bertan behera utzi zuten egitaraua.

· · · · · · ·

Tira, zer edo zer esango dut atzo Espainiako Gobernuak desklasifikatu zituen dokumentuen inguruan, 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerako ikerketakoak. Orain arte “sekretu” gisa izendatuta zeuden, eta ez dituzte den-denak ere erakutsi.

Komunikabideak zerbait entxufatu badituzu, entzungo zenuen Tejero kolpistaren izena gora eta behera (portzierto, justu atzo hil zen, 93 urterekin); bere emazteak zioela “gizajoa” zela, ustez konplize zituenek salduta utzi zutelako; Juan Carlos errege iheslaria ez dela ia ageri ere egiten, soilik ez zuela bere izena zikinduko zukeen ezer egiterik nahi, baina ulertzera emanda jakinaren gainean-edo egon zitekeela... Baina Hego Euskal Herrian zer? Dokumentuek zipriztintzen al gaituzte? Eskerrak Urko Apaolazaren lanari, bestela ez baikenuen fokua Madrildik urrunduko. 

Euskal Herrian bizi zen egoera presente dago desklasifikaturiko dokumentuetan. Batik bat, estatu-kolpe saiakeratik bi hilabetera idatzitako dokumentuetan, giroa benetan nahasia zenean. Zerbitzu sekretuek egindako analisian, “separatismoa” ageri da “barne mehatxu handi” gisa izendatuta, ETAk “kide masa handia” mugitzeko gaitasuna zuela, eta Donostiako belodromoan erretako Espainiako bandera bat ere irakur daiteke, besteak beste. Horregatik, Euskal Herria badaezpada “kontrolpean” izateko, “40 gizon profesionalen” presentzia ere ageri da dokumentuetako batean; 40 gizon, hitzez hitz, “ohituak” zeudenak “grebak biolentziarekin haustera”. 40 “pistolero”, behar zenerako.

·····>   Ez galdu hauek

  • Nork-nori, Sidenor. Gogoan duzu Sidenorren Basauriko egoitza miatu zuela Espainiako Poliziak? Enpresaburu Jose Antonio Jainagak esan zuen ez zela “miaketa” izan, baizik eta langileek “lagundu” egin zietela poliziei; baina badaezpada, epaileari eskatu zion eramandako dokumentuak ez aztertzeko. Baina aztertu dituzte. Eta horri esker jakin da aurreikusten genuena, Jainagak ukatzen duena: Sidenorrek bazekiela Israeli saldutako altzairua erabiliko zela obusak egiteko. Proba gisa, komertzial zuzendariaren dokumentu bat topatu dute, “obus” izena zeramana. Baina itxaron: Jainagak dio “obus” ipintzeak ez duela esan nahi “obus” baterako erabiliko zenik. Nor da ergela hemen?
     
  • ‘Gure moneta’. Ipar Euskal Herriko euskoaren gisako proiektua hedatu da Bidasoaz behera: urte honen amaieran hasiko dira erabiltzen Oiartzualdean eta Baztanen, eta beste herrietara hedatu nahi lukete gero, azkenik, euskoarekin bat egiteko. Tokiko diru propioa da: moneta bat, euro bat. Hizkuntzari eta kulturari ez ezik, justizia sozialari ere lotua da, tokiko ekonomia bultzatzea xede duena.

ITZALETIK ARGIRA

Hasieran esan dizut: gaur goizeko 10:00etatik aurrera, gauzak ondo, martxan jarriko dugu ARGIAren Fototeka. Gure artxiboa da, denona; bertan daude Euskal Herriaren azken 60 urteak erretratatzen dituzten 100.000 argazki baino gehiago. Lizentzia librean, ikusi, deskargatu eta erabili ditzazun.

Webgune horren txukunketa lanaz aparte, argazkien testugintzan ere ari da lanean Urko Apaolaza lankidea, irudiek badute-eta istorio bat atzean. Atal finko bat du astekarian, eta bertako edukia ekartzen dut hona ostegunetan.

ARGAZKIA: Aitor Bayo / ARGIA Fototeka. 
1988ko maiatzaren 19an egina, Bilbon.

Euskaldunako langileen segurtasuna. 1984an hasita, Bilboko Euskalduna lantegiko langileek borroka mitiko oso gogorra abiatu zuten galtzear ziren lanpostuen defentsan. Enfrentamenduak izan ziren makina bat bider. Horren adibide goiko irudia: 1988ko maiatzeko egun hartan, Deustuko zubia paralizatuta zeukatela, liskarrak izan ziren ertzain agenteekin. Aitor Bayo argazkilariak bete-betean harrapatu zuen agente bat, pilotakada bat jaurtitzear zela, pilotaren estalkia ahoan duela.

Urko Apaolazak argazki hori baliatu du Ertzaintzaren sorreraz hitz egiteko, sorburuko balioez gogoetatzeko, eta goikoaren gisako argazki gehiago ekartzeko.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN