Eremu euskaldunak zaindu beharra
|
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak proposamen berria aurkeztu du, orain arte “eremu euskaldun” gisa hartu diren lurraldeetan indarrak jartzeko. Ez soilik horietan, jakina, baina fokua horretan ere jarri behar delako. Aurreikuspenak txarrak baitira: hamar urte barru, litekeena da euskararen erabilera %60tik gorakoak diren arnasguneak apenas gelditzea.
UEMAko lehendakari Martin Aramendirekin hitz egin du Onintza Irureta lankideak. Nabarmendu du euskara indartsuen dagoen lekuetan “oso agerikoak” direla ahultze-zantzuak, gune “zaurgarriak” direla, eta ezinbestean tokatzen dela hizkuntza politikak errotik aldatzea. Bai nazionalki, baina baita eremu horien udaletan ere. Lurgune horiek legez babestea eskatzen dute, eta euskararen presentzia sendotzeko plan integralak garatzea.
- Kontzientzia garatzeko, baita ere, ez daitezen errepikatu Orkoienen gertaturikoak, adibidez. Izan ere, iragan asteburuan, inauterien ospakizunetan zirela, euskarazko musika ipini zuenari oihuka eta irainka erantzun zioten hainbat pertsonak. Eta giroa ez zen berehala baretu, ez bazen areagotu, eta jazarpen fisikoa hasi. Horregatik, bertan behera utzi zuten egitaraua.
|
|
|
Tira, zer edo zer esango dut atzo Espainiako Gobernuak desklasifikatu zituen dokumentuen inguruan, 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerako ikerketakoak. Orain arte “sekretu” gisa izendatuta zeuden, eta ez dituzte den-denak ere erakutsi.
Komunikabideak zerbait entxufatu badituzu, entzungo zenuen Tejero kolpistaren izena gora eta behera (portzierto, justu atzo hil zen, 93 urterekin); bere emazteak zioela “gizajoa” zela, ustez konplize zituenek salduta utzi zutelako; Juan Carlos errege iheslaria ez dela ia ageri ere egiten, soilik ez zuela bere izena zikinduko zukeen ezer egiterik nahi, baina ulertzera emanda jakinaren gainean-edo egon zitekeela... Baina Hego Euskal Herrian zer? Dokumentuek zipriztintzen al gaituzte? Eskerrak Urko Apaolazaren lanari, bestela ez baikenuen fokua Madrildik urrunduko.
Euskal Herrian bizi zen egoera presente dago desklasifikaturiko dokumentuetan. Batik bat, estatu-kolpe saiakeratik bi hilabetera idatzitako dokumentuetan, giroa benetan nahasia zenean. Zerbitzu sekretuek egindako analisian, “separatismoa” ageri da “barne mehatxu handi” gisa izendatuta, ETAk “kide masa handia” mugitzeko gaitasuna zuela, eta Donostiako belodromoan erretako Espainiako bandera bat ere irakur daiteke, besteak beste. Horregatik, Euskal Herria badaezpada “kontrolpean” izateko, “40 gizon profesionalen” presentzia ere ageri da dokumentuetako batean; 40 gizon, hitzez hitz, “ohituak” zeudenak “grebak biolentziarekin haustera”. 40 “pistolero”, behar zenerako.
|
|