Espainiako zine akademiak Goya sariak banatuko ditu bihar gauean, eta dagoeneko luze egiten ari den atariko honetan komunikabide publiko EAE-zentristak eman duen matrakak ez du izenik. Agian hori egitera noa ni ere, baina beste alde batetik. Eta ez nuke nahi film honetan agure erretxinduaren papera jokatu. Baina borroka kultural bete-betean gaude eta ez dut sugarra itzaltzeko betarik.
Ez dakit zuri, baina niri alde batetik asperdura eta bestetik haserrea eragiten dit auzi honek: zer da zuretzat euskal zinea? Zifretan, eta asteburu honi dagokionez, hemen da diferentzia: batzuentzat euskal zinea-k 47 izendapen ditu Goya sarietan, eta besteontzat 12.
Bistan da zifra handiek erakartzen gaituztela, baina heldu izan nahi duen umemoko batek baino ez luke bere burua engainatuko. Euskal zinea al da andaluziar batek Andaluzian grabatu, Andaluzian kokatu, eta jakina gaztelaniaz mintzo den eta pentsatzen duen film bat? Los Tigres filmagatik ari naiz, eta bai: batzuentzat euskal zinea da Los Tigres, ekoizle gipuzkoar bat dagoelako tartean. Eta antzera ikusten dut Los Domingos-en kasua. Euskal herritar batek zuzendu du, Euskal Herrian grabatu eta hemengo aktore ugari fitxatu ditu, ados. Baina soilik lau hitz egiten dituzte euskaraz, eta iruditzen zait erraz ederrean Ebrotik behera ere kokatu zitekeela.
Gai honi buruz purrustada luzeagoa bota nuen Donostiako Zinemaldian, eta orain ez naiz gehiago luzatuko. Poztuko naiz Los Domingos-ek sari esanguratsurik jasotzen badu, film ederra iruditzen zaidalako. Baina ez diezaiogun euskal zinea deitu, otoi. Hori bai: poztuko naiz, are gehiago, euskaldun askorentzat Joselontxo izan den gizonak irabazten badu aktore onenaren saria, Joxe Ramon Soroizek Maspalomas euskal pelikulagatik.