Oraingoan ere asteburuko jendearen “deskonexioa” baliatu dute yankiek eta sionistek etsai berari eraso egiteko; koordinatu egin dira Irango erregimena ataka estuan ipintzeko. Ali Khamenei buruzagi gorena erail dute, baita Defentsa ministroa ere, eta esku armatua den Guardia Iraultzaileko komandantea ere akabatu dute. Baina Iran ez da besoak gurutzatuta geratu. Erantzuten ari da. Azken orduotan, AEBek inguruko herrialdetan dituzten 27 base militar bonbardatu ditu (besteak beste, Saudi Arabian, Bahreinen, Kuwaiten, Arabiar Emirerri Batuetan eta Qatarren), eta igandean, Israelen, Jerusalem hiritik hogei kilometrora, misil bat jaurti eta gutxienez zortzi hildako eragin ditu.
Ez da atzo goizekoa AEBen inperialismo gosea, eta ez da harritzekoa, ezta ere, Israelek interes berezia izatea Iran kolpatzeko. Izan ere, 2023ko urriaz geroztik, Palestinan egiten ari den genozidioaren harira, Iran izan da Israeli militarki eta taxuz erantzun dion herrialde arabiar bakarra.
Astelehen honetan espero da berri “diplomatiko” gehiago jasotzea, igande gaueko notiziek baitiote Irango Gobernua, agian, “negoziatzeko prest” legokeela AEBekin. Guardia Iraultzaileak igande goizean esan duena, ordea, kontrakoa da: “inoizko erantzun eta zigor handiena” desio dietela erasotzaileei.
- Iranen aurkako eraso inperialistak salatu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta.
Dakiguna da, esaten dutenagatik, gasolinaren prezioa igo egingo dela. Ez bada errealki Iranek pasabidea itxi duelako, izango da espekulatzaileek diru gosea dutelako. Edonola ere, ikusi dugu dagoeneko zentimo batzuk igo direla.