2026ko apirilaren 16a.

Egun on.

Heldu da osteguna ere. Larunbateko futbol partiduaren zain zaudetenok beharbada hasiko zineten urduritzen. Animo!

Goazen mamira.

Zenbateraino berde?

Agian ikusi dituzu telebista-kamerak eta irrati-mikrofonoak Ezkirotzen, herritarrei galderak egiten, poza azaleratzen; loteria tokatuko bailitzaieke bezalaxe. Agian ikusi duzu Nafarroako Gobernuko presidentea, María Chivite, Txinan egon dela egunotan, negozio planean, Pedro Sánchez Espainiakoarekin batera. Atzo goizean akordio esanguratsua sinatu zuen Chivitek hango multinazional batekin, Hithium Energy Storage-rekin. Urte askotako joan-etorri eta harremanen ondoren egin dute akordioa, eta pozik agertu dira espedizioan joandako kideak. Ez alferrik; neuk ere ulertzen eta aitortzen dut akordioak garrantzi berezia duela Nafarroako ekonomiarentzat, eta bereziki Ezkirotzeko herritarrentzat, enpleguan ez baitabiltza fin BSH enpresaren itxieraz geroztik.

Hithium multinazionalak 450 milioi euro jarriko ditu Ezkirotzeko proiektuan, BSH zenaren lantegia berregokitzeko. Eta hitzeman du 700 lanpostu inguru sortuko dituela. Horrekin pozez txoratzen daude Nafarroako Gobernuan. Saltsa mozkortua ere entzun dut hedabideetan, txinatar enpresariek nola hartuko duten lur Ezkirotzen, komunitatean nola integratuko diren, herritarrek zer iritzi duten... Dena da poza. Normala.

Litiozko bateriak ekoizten ditu Hithiumek, energia berriztagarrien energia gordetzeko. Puntako multinazionala da, sona baduena nazioartean, eta Europara zabaltzeko helburu argia duena. Ezkirotzeko planta izango omen da Europako haien zentro erreferentea. Handikeriaz eta norberalismoz jositako mundu honetan, esaldi horrek puru kaxak zabaltzen eta xanpain botilak irekitzen ditu bulegoetan.

Berdea-ren afera horrek sortzen ditu zalantza gehien. Ados, energia berriztagarriaz ari gara hizketan, plaka fotovoltaikoetatik edo eolikoetatik sorturiko energiaz, energia berdeaz hortaz. Eta bateriez. Baina litiozko bateriez. Eta litioa ez da eskuratzen jardun estraktibistarik gabe. Nolakoxea, gainera: Australiatik eta “Andeetako triangelua” deitzen zaion horretatik (Txile, Bolivia eta Argentina arteko eremu zabala) erauzten dute litioa Txinako meatzaritza konpainia handiek, Txinan bertan ez baitako nahikoa materialik. Formula da Andeetako komunitateak sakeatzea, ur baliabideak lapurtzea, inguruneak kutsatzea eta araudi guztiak inpunitatez gainditzea, helburutzat baitute ahalik eta litio gehien eta errazen erauztea. Horretaz oraingoan ere ez dugu hitz egingo. Normala.

  • Gutxi gorabehera da CAFekin gertatzen den afera. Bertako enpresak eta enpleguak babesten ditu tokiko gobernuak, ulergarriki, baina erabat ezikusiarena egiten du enpresaren jarduteko moduaz. Azken orduotan Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendoza atera da komunikabideetan CAFen defentsan, enpresa Espainiako Fiskaltzaren aurrera eraman nahi dutelako gizarte eragileek. Mendozak adierazi du palestinarren kontrako genozidioa ez dela ez erakunde publikoen, ez enpresen, ezta unibertsitateen ardura ere: “Erantzukizun bakarra Netanyahurena da”. 

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Meloni eta Trump

Interesgarri dago kontua eskuin muturrean. 

Den-dena ere ez da bere eskutik hasi, baina edalontzietako bat eliza katolikoko aita santuak lehertu du. Leon XIV.-ak bakearen aldeko mezuak egin ditu, AEBei gelditzeko eskatu die, ez dezatela tonu belizista horretan mintzatzen segi... eta ez da isilik gelditu Donald Trump: aita santua iraindu du, atzerri gaietan “oso txarra” delakoan. Jakina, aita santua pieza inportantea da bereziki eskuinarentzat eta eskuin muturrararentzat. Batez ere Italian. Horregatik, Giorgia Meloni lehen ministro ultraeskuindarrak erabaki du Trumpek familiakoei sinararazi zien “Israelen defentsarako dokumentua” suntsitzea, Italia hortik ateratzea. Eta Trumpek ez du batere ongi hartu. Corriere della sera egunkarira hots egin du, eta sekulakoak eta bi esan ditu Meloniri buruz: “Uste nuen pertsona kementsua zela; bistan da oker nengoela”. 

Italiako prentsan giroa bero nabari da, eta sentsazioa dut gustura egingo dutela lo ezkerreko mugimenduetan. Benetan ona iruditu zait Il manifesto egunkari komunistan artikulua abiatzeko erabili duten esaldia: “Harreman toxiko batetik nola irten ez dakizunean, baina espero gabeko zirkunstantziek horretara eramaten zaituztenean, mina baino gehiago, lasaitasun hasperen bat egiten duzu; hala dago Meloni”. 

·····>   Ez galdu hauek

  • Sidenor. Espainiako Auzitegi Nazionalak indargabetu egin ditu Sidenor enpresaren Basauriko bulegoetan iragan otsailean egindako miaketak. Israelen apartheid politikarekin kolaboratzea egozten zioten Jose Antonio Jainaga buruari, Espainiako Gobernuak legez galarazita baitauka Israelekin armak salerostea. Altzairua ekoizten du Sidenorrek. Auzitegi Nazionalaren erabakiz, genozidio eta gizateriaren aurkako delituak egoztetik, kontrabando delitu bat leporatzera jaitsi da auzia.
     
  • Indarkeria matxista. 21 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, tutoretzapeko zentro batean bizi den 17 urteko neska bat bortxatzeagatik. Beste bi eraso matxista ere salatu dituzte azken orduotan, Amorebieta-Etxanon eta Gasteizen.
     
  • Rosalia. Atzo eman zuen kontzertua Bartzelonan, eta bihar eta etzi beste bana dauzka. Polemikaz beteak ari dira izaten: fotokazetariei ez die baimenik ematen haien lana egiteko, argazkiak ateratzeko. Kazetari elkarte askok kexa adierazi dute, eta Bartzelonako Udalari dokumentu bat bidali diote, aretoa udal-eraikina denez, azken hitza udalak izan behar lukeelako. Udalak, baina, ez du erantzun. 

ITZALETIK ARGIRA

Badugu atal bat ARGIAren Fototeka deiturikoa. Gure artxiboa da, denona; bertan daude Euskal Herriaren azken 60 urteak erretratatzen dituzten 100.000 argazki baino gehiago. Horiei begira ari da lanean Urko Apaolaza lankidea. Astero-astero, atal finko bat du astekarian, eta bertako edukia ekartzen dut hona ostegunetan.

ARGAZKIA: Egile ezezaguna / ARGIAren artxiboa.
1969ko apirilean egina, Tokion.


Harriak haraino. Japoniara joan ziren erakustaldi bat egitera Teodoro Irazusta Usategia eta Anjel Albisu Soarte harri jasotzaileak, Manuel Matxain tokalariarekin batera. Japoniako FUJI telebista kateak gonbidatu zituen, Basarri bertsolariak Zeruko Argia-n kontatu zuen bezala, japoniarrak kirol berezien bila ibili zirelako Europan zehar, “ez egunero ta nunai ikusten diranak”. Harriaren tradizioa esplikatu zuten Japonian, eta argi esanda, harri eta zur utzi zituzten ikusleak. Basarrik hala zioen: “Euskaldunok, geu gera etxean daukagunari eskerrik gutxien ematen diogunak”.

Ezagutu detaile gehiago Urko Apaolazaren artikuluan

Honaino gaurkoa.

Ostegun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN