2026ko apirilaren 15a.

Egun on.

Zer moduzkoa ari da izaten astea? Sentsazioa dut bizi-bizi doala udaberria.

Goazen mamira.

Markel Olano da EAJko arduraduna euskara gaietan.

Euskarak noiz arte itxaron dezake administrazioan?

EAJk eta PSE-EEk hirugarrenez atzeratu dute EAEko Enplegu Publikoaren legean, hain zuzen ere hizkuntz eskakizunen atalean, egin behar duten modifikaziorako eztabaida. Zeren, egin egingo dute, lehenago edo geroago. Edo beranduago. Gutxienez duela urtebete zabaldu zuten meloia, abian jarri zuten tramite parlamentarioa, Eusko Legebiltzarreko batzorde bateko gai bihurtu dena. Esaterako, azaroan pasa ziren batzordetik gizarte eragile ugari, tartean sindikatuak eta euskalgintzako eragileak, hizkuntz eskakizunen auzian dagoen nahaspilaz iritzia eta aholkuak ematera. Baina bertsozaleen erreferentzia baliatuta esango dut honela izan dela segida: Dena ondo zihoan, argia piztu den arte. Hau da, PSE-EEren kolegak (CCOOkoak) ipurdi bistan geratu diren arte. Eta ordutik, kakati planean da EAJ. 

Zinez diot ez dakidala zer demontre ari den pasatzen EAJ barnean, baina ez nuke hor egon nahi, ez baitu itxura atseginik. Otsailaren hasieran amaitzen zitzaion epea Legebiltzarreko batzorde horri ganorazko zer edo zer egiteko, nonbait sustengatu zitekeen zerbait aurkezteko. Baina hori aurkezterako, alderdien arteko akordio zantzuren bat izan behar genuke. Eta ez dago. PSE-EEren espainolismo kiratsa ezin ametitu dezake EAJko sektore batek, eta kontrara, EH Bildurekin ezinikusi handia daukate beste batzuek. Horregatik ari dira epea luzatu eta luzatu. Dagoeneko hirugarrenez egin dute, eta definitiboa bada, apirilaren 30erako zerbaitera iritsi beharko lukete.

EH Bildu hariak mugitu nahian ari da, proposamenak egiten, EAJ kitzikatu nahian, baina horretarako interes minimo bat topatu behar du beste aldean. Eta ez da kasua izaten ari. Frustrazio hori bizi du koalizio subiranistak, eta uste dut euskaltzaleok ere baietz. Zeren hau ez da jasangarria. Esnatu ala hil dio liburuak. 

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ikasleen bazkariak: eskasak ote?

Gasteizko guraso elkarte baten lanketa bat jaso dugu erredakzioan, eta begiak ireki dizkit, ez bainekien nola funtzionatzen zuten eskola publikoetako jangelen menuek. Imajinatzen nuen baldintza edo muga ekonomikoak ipintzen zituela Eusko Jaurlaritzak, azken finean bera delako catering zerbitzua pagatzen duena, baina menu bakoitzaren gehienezko prezioa, hasteko, nahiko irrigarria iruditu zait: 2,95 euro. Kafesne bat ere ez Bilboko Plaza Berrian. Eta adi, zeren 2,95 euroko gehienezko gastu horretan sartu behar dira elikagai horiek mahaira heltzeko beharrezko diren bitartekarien gastuak, hala nola kozinan aritu diren langileenak, garraioari dagozkionak, lehengaien kostua bera…

Beharbada oker nago. Agian dimentsio handiko catering enpresek halako prezioekin jokatzen dute. Baina Gasteizko guraso elkarte horrek kontrakoa dio: menu bakoitzeko 3 euro ere ez badira pagatzen, ikasleen bazkaria oso eskasa suertatzen da nahitaez. Are eskasagoa, 2,95 euro baino gutxiagoko tarifa eskaintzen duten enpresak saritzen baititu Jaurlaritzaren pleguak.

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera.

·····>   Ez galdu hauek

  • Iruñeko hilketa matxista. Asteburuan hil zen 37 urteko emakumea bere etxebizitzako hirugarren solairutik erorita, gizonarengandik ihesean ari zela. Urruntze agindua zeukan gizonak, eta hori ez betetzeagatik atxilotu zuten hasiera batean. Baina astearte honetan indarkeria matxistatzat hartu du kasua epaileak, eta espetxean sartu du.
     
  • UEMAren estatu dinamika. Eremu euskaldunen gainbehera iraultzeko grina azaleratu du azkenaldian Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Agerraldia egin dute Orion, guztira hamazortzi kirol elkartek, mugimendu herritarrek, enpresek edota erakundek babestuta. Horiek denek adierazi dute konpromisoa arnasguneetan euskara sendotzeko
     
  • Glaziarrak salgai Argentinan. Eskuin muturra ingurumenaren aurka. 17.000 glaziar inguru daude Argentinan, eta babeserako legedia zeukaten. Orain, araudi berriak dioenez, glaziar bakoitza ebaluatzeko aukera izango dute tokiko gobernuek. Baieztatzen bada glaziar bat ur erreserbarako “estrategikoa” dela, hau da, dagoeneko ez bada ari urtzen, babespean segituko du; kontrara, glaziarra “ez bada gai ura gordetzeko”, suntsitu daiteke industria jardun estraktibistarako. 
     
  • Zinema publikoaren alde. Espainiako Estatuko sare libreetan ezaguna zen La Filmoteca Maldita web orria. Hura sortu zuenak, ‘El Feo’ ezizenez ezagunak, jendearen eskueran debalde ipintzen zituen katalogotik kendutako filmak, desagertutakoak edota sarbide oso zaila zutenak. Bere aurka egiten ari da Enrique Cerezo zine ekoizlea, Madrilgo Atlético futbol taldeko presidentea ere badenak. Epaiaren zain dago ‘El Feo’: bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta 870.000 euroko kalte ordainak eskatzen dizkiote. 

AGENDA KULTURALA

Beti daude makina bat plan egiteko, baina askotan ezin aukeratu. Hona hemen entresaka bat, datozen egunetan datorrenarekin. Irudian, Altxalilikoak; Alduden izango dira Alf'harro-n.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN