2026ko apirilaren 14a.

Egun on.

Gaur dira 95 urte “errepublika!” aldarrikatu zela Eibarren, baina beste efemeride hau nabarmenduko nuke: gaur dira 260 urte (1766an gertatu zen) Azkoitian matxinada hasi zela, herritarrak jauntxoen kontra, gariarekin espekulatzen ari zirelako eta ogiaren prezioa, barra-barra, gora eta gora ari zelako. Ai, jauntxo espekulatzaileak… 

Ogia aipatuta, goazen mamira.

Bere teilatuari harrika

Orain arte bagenion Ormuzko itsasartea blokatuta zeukala Iranek, baina ez zen erabat zuzena. Izan ere, erregaia oraindik iristen zen mundura, Iranek bere itsasontziei (eta lagunei) soilik uzten zielako pasatzen, eta ez gainontzekoei. Atzora arte. AEBek harroarena egin duten arte. Atzo arratsaldean yankiek haien armada ipini zuten hor, eta mehatxu egin dute, Irango petrolio ontziek asmoa baldin badute irteteko, Venezuelako ustezko droga-ontziei bezala egingo dietela eraso. 

Iranen blokeo ekonomikoak Mendebaldeko potentziak kolpatu ditu, eta bistan da, Iranek bere galerak izan baditu ere, posizioari eusteko moduan plazaratzen zaiola munduari, bestela ez bailukete AEBek orain beste kolpe hau emango, asuntoa denontzat gehiago okertzeko. Pultsuari nork eutsiko da lehia, nahiz Trump bere teilatuari harrika aritu. Eta guztiok ordaindu.

Blokeoaz mintzo garela, kuriosoa egin zait fokuak non ipini ditugun orain. Izango da eguzki eta bero egunak egokitu zaizkigulako, eta batik bat Hegoalde honetan jende batek oporrak izan ditugulako, baina azken boladan hegazkin konpainiak eta bidaia-agentziak ikusi ditut itxuraz kezkatuta. Ziurgabetasun geopolitiko honek ez baitio batere laguntzen hain hauskorra den turismo sektoreari, baina kezkatuta ikusi ditut batik bat hegazkinek erabiltzen duten keroseno erregaiagatik. Izan ere, Europan kontsumitzen den keroseno guztiaren erdia Ormuzko itsasartetik igarotzen da. Eta jakina, jet pribatuen jauntxoak beharbada ez dira ohartuko, baina uda honetan hegazkin bat hartzekoa den langile klaseko familiari gogotik ari zaizkio igotzen prezioak. Zeren, nazioarteko merkatuetan bikoiztu egin da keroseno upelaren prezioa, eta irakurri dudanez, hegaldi luze bat egiteak duen kostuaren %40 inguru erregaiari dagokio. Hortaz, animo horretan zabiltzatenoi. Ez da erraza esaten, espekulatzaileak abilak direlako, baina gutxi gorabehera %50 garestitu omen dira zenbait hegaldi, batik bat bidaia luzekoak. 

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

CAFen aurkako salaketa judiziala

Segi dezagun Ekialde Hurbilari begira, baina etxe barru.

Izan ere, sei gizarte eragilek auzitegietara eraman dute CAF enpresa, Israelen apartheid agenda bultzatzen laguntzen duelakoan Beasainen (Gipuzkoa) egoitza duen taldeak. 2019tik esku artean dauka Jerusalemgo tranbian bi linea berri eraikitzeko proiektua, 1.800 milioi euroko kontratuarekin, hango enpresa batekin elkarlanean. Linea berri horiek Mendebaldeko Jerusalem batuko lukete Ekialdeko Jerusalemeko kolonia ilegalekin, hau da, palestinarrei lapurturiko lur eremuarekin. Okupazioa ilegala da, Genevako Laugarren Hitzarmenak ere hala dio, eta CAFen lan horrek konexioak eta bermeak emango lizkie lur okupatuei. 

Fiskaltzaren aurrean egin du salaketa gizarte eragile koalizio batek. Sei talde dira: Kataluniako lau, Asturiasko bat eta Euskal Herriko bat, Bakea eta Duintasuna. 

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera.

·····>   Ez galdu hauek

  • Trebiñun euskararen alde. Espainiako Gaztela eta Leon erkidegoaren parte denez administratiboki, ikastetxe publikoan ezin dituzte klaseak euskaraz izan. Neurriak eskatu dituzte horretarako, eta erkidegoko agintariei eskatu diete Europako Hizkuntzen Karta aintzat hartzeko.  
     
  • Bordelek ezezkoa Azterketak Euskarazi. Matematikako azterketa ea euskaraz egin dezaketen aztertu du Bordeleko Hezkuntza Akademiak. Ezetz esan du, azterketa oro “indarrean dagoen araudiaren arabera” soilik egin daitekeelako. Alegia, frantsesez. Itzuli gehiago gabe, eskaria baztertu du.
     
  • Sopelako lauak, auzia itxita. Joko-aretoek gazteen osasunean eta bizikidetzan duten eragin kaltegarria salatzeko, 2021ean hainbat mobilizazio egin zituzten Sopelan (Bizkaia). Mobilizazio baketsuak izan baziren ere, joko-areto enpresen presioaren eraginez, lau kide auzitegietan barna aritu dira urteotan. Muntaia polizia izan zen. Hala geratu da, bi aldeen arteko akordioarekin

· · · · · · ·

Nik ere saiotxo batzuk izan nituen klasean, baina oso puntuala izan zen.

Euskal dantzak: zergatik ez eskolako irakasgai izan? Proposamen hori landu du Mikel Garcia lankideak Etxerako Lanak podcastaren aste honetako atalean

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

Batzuentzat asteburuak dira film eta telesailetara lotzeko uneak, eta besteentzat aste-tarteak. Zerrenda labur bat pasatzen dizut asteartero, ikusi dudanarekin eta ikusten ari naizenarekin.

  • Argi gorriak. Uste dut euskaltzale eta telesail zaleoi badagokigula euskaraz argitaratzen diren lan bakanak ikustea (gero horretaz kexu etortzen zaizkigulako ere bai). Tira, aitortuko dut: lehen atala ikusita, uztekotan egon nintzen; baina bigarrenak harrapatu ninduen, hirugarrenak gehiago... Bi egunetan irentsi dut. Ingurukoei definitu diedan bezalaxe, telesaila oso arraroa da. Tragedia bat dago, thriller kutsuko misterio arraro bat, eta hori dena komedia gisa garatzen da. Oso-oso neurriz gainean antzeztuta eta idatzita dago dena. Baina beno, agian ez gehiegi, eta “harrapatu” nau. Primeran plataforman dago. 
     
  • All the President’s Men. Pasa den astean bete dira 50 urte pelikula estreinatu zenetik, eta efemeridearen aitzakian jausi naiz ez dakit zenbatgarren aldiz ikusteko. Kazetaritza ofizio honen film kuttunetako bat da. Zer pentsatua eman dit: zenbat aldatu den The Washington Post egunkaria bera, Amazoneko jauntxoak erosi zuenetik; eta zeinen lasai esaten dituen gezurrak AEBetako presidente Risketos honek, egunero-egunero, eta ez da deus pasatzen. Nixonek dimisioa eman zuen Watergate kasuagatik (filma horretaz doa), informazioa ezkutatu eta gezurra esateagatik. Orduko hartan Vietnamgo gerran sartuta zeuden yankiak; orain, Ekialde Hurbilean. Filminen eta Movistarren dago ikusgai.
     
  • Euphoria. Sare sozialetan apur bat nabigatu baduzu azken egunotan, ohartuko zinen telesail honen hirugarren denboraldia estreinatu berri dutela. Igande gauean jarri zuten eskuragai lehen kapitulua, eta zeresana eman du. Ez bereziki denboraldi berriaren hastapena bikaina delako, baizik eta aurreko denboraldiak benetan onak izan zirelako, parte diren aktore gazte horiek goi-goian dabiltzalako, eta ikusmina zegoelako. Horrez gain, gidoiak emakume gorputzaren sexualizaziorantz hartu duen norabidea ere aipagai da. Eztabaida interesgarria da, piztu da, eta piztuko da, lehen kapituluak bideak zabaldu dituelako horretarako. Nahiko ona iruditu zait lehen kapitulua; hari-muturrak zabaldu ditu, eta forma eman beharko zaie orain. Astero atal berria. HBOn dago ikusgai.

Honaino gaurkoa.

Astearte on. Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN