2026ko apirilaren 13a.

Egun on.

Hemen naiz bueltan.

Mezu politak jaso ditut egunotan. Bateren batzuek esan didazue buletina faltan sumatu duzuela pasa den astean. Ez nuen pentsatzen, egia esan. Baina ederra iruditzen zait konstantzia hartua diozuelako. Hori zen helburua, eta pozten naiz.

Mundua, zoritxarrez, ez da onbideratu. Baina saiatuko gara bere alde onak ere erakusten.

Tira, ezusteko atsegina izan dugu Euskal Hirigune Elkargoan.

Goazen mamira.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Haizea dator Iparraldetik

Lehendakari abertzalea izanen da Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoan: Alain Iriart, EH Baiko kidea, egun Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza. Utzi egingo du kargu hori Elkargoan zentratzeko. Zeren, pisuzko ardura da lehendakariarena, Ipar Euskal Herriaren izenean mintzatuko baita. Egokituko zaio, baita ere, Euskal Erdiko lehendakari Imanol Pradalesekin eta Nafarroako Gobernuko Maria Chiviterekin mahai bueltan esertzea, pareko karguak baitira hirurak. Interesgarria izango da abertzale batek lehenbizikoz mahai horretan lekua izatea.

Kate batzuk apurtu ditu Iriart lehendakari hautatzeak. Sorpresa galanta izan da begi bat Baionako areto hartan genuenontzat. Izan ere, Jean-René Etchegaray zentrista, Baionako auzapeza eta Elkargoko orain arteko lehendakaria zen karguan segitzeko hautagai nagusia. Eta itxura hori izan du lehen bozketa egin denean, Elkargoko batzarrean presente ziren herriko etxeetako 232 ordezkariek (horiek ematen dute botoa, ez herritarrek) Etchegaray babestu dutelako gehien. Baina ez behar beste. Lehen bozketan, botoen %50 baino gehiago lortu behar izaten dira, eta inork lortzen ez baditu, bigarren bozketa bat egiten da, eta gehiengo sinplearekin aski izaten da. Kontua da, lehen bozketatik bigarrenera, EAJko kide eta Kanboko auzapez Peio Etxelekuk erabaki duela bere hautagaitza atzera botatzea, eta Iriart babestea. Mikrofono bidez iragarri du. Eta hara, bada, kasu egin diote. Horrelaxe lortu ditu Iriartek 119 boto, eta Etchegarayk 102. 

Aldaketa garaia izango da, beraz, Elkargoan. Bada halako talka bat edo elkar ulertze zail bat Lapurdiko kostako hirietako hautetsien eta barnealdeko herri txikien artean. Arazoak ere biziki pilatu dira kostaldean, hala nola etxebizitzarekin, eta aldi berean landa eremua husten ari da. Azken asteotako kanpaina ere norabide horretan bideratuta egon da: zentralizazioa eta deszentralizazioa. Iriartek “deszentralizazio orokor” kontzeptua erabili du usu. Deszentralizazio politikoa, administratiboa eta ekonomikoa, besteak beste. Herrietako hautetsiak proiektuen erdigunean ipintzea proposatu du Iriartek, haiei hitza eta ekintza ematea.

Gure herriak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

EGIN ARGIAKOA

Hungarian hauteskundeak

Jausi egin da eskuin muturraren gobernua Hungarian. Hamasei urtez presidente izan den Victor Orban neofaxistak ez du karguan segituko; Péter Magyar izango da buruzagi berria. Alde handiz irabazi ditu hauteskundeak, gainera: parlamentuaren bi heren kontrolatuko du.

Baina ibili argi komunikabideetan. Europak xanpaina zabalduko balu bezalaxe hedatu da Orbanek hauteskundeak galdu dituenaren berria, baina Magyar ez da inolako salbazioa. Liberala eta oso kontserbadorea, Orbanen alderdikoa izandakoa, matxista zikina da, tratu txarrak egin zizkion bikotekide ohiari; onartu zituen, zigortu zuten, baina inpunitatez airoso irten zen. Begira noraino: ia-ia heroitzat hartzeraino. Ane Irazabal berriemaileak eman zuen funtsezko informazio hori ETBn.  

Europa poz txikiz egotekotan da, Orban ez bezala, gertukoagoa izango baitute Magyar. Gazte horrek kanpaina egin du esanez herrialdea jaustear egon dela, batik bat Europak zigor ugari ipini dizkiolako Orbanen autoritarismoari, eta horren erruz, antza, Europatik ez dira diruak iritsi. Eta krisian dira. Horregatik, Magyarrek Europarekin bakeak egingo dituela hitzeman du. Komunikabide askotan irakurri dut Magyarren “ilusioak” egin duela parte hartzea historikoa izatea, %78koa.

Eta Perun ere bai

Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia egin dute Perun. Gaur eguerdi parterako espero dituzte emaitzak, baina ziurtzat jo daiteke bigarren itzulia izango dela. Ekainaren 7an da hitzordu hori.

Eskuinak pisu handia du herrialdean: Keiko Fujimori eskuindarra (Alberto Fujimori diktadore zenaren alaba), Carlos Álvarez zentro-eskuinekoa eta Rafael López Aliaga enpresari ultraeskuindarra dira inkesten arabera, hurrenez hurren, boto gehien jasoko dituztenak. Guztira 35 presidentegai aurkeztu dira. 

·····>   Ez galdu hauek

  • Abian da flotilla. Atzo itsasoratu zen, Bartzelonan, Palestinaren alde inoiz egin den flotillarik handiena. Lau helburu nagusi dituzte: Israelen itsas setioa desafiatzea eta blokeoa haustea; Europako erakundeek Palestinaren okupazio politikekin duten konplizitatea bistaratzea; mugimendu sozialen aliantza sareak elikatzea; eta konplexu militar-industriala salatzea. Hamasei euskal herritar doaz flotillan; horietako batekin hitz egin du Zigor Olabarria lankideak.  
     
  • Hirugarren hilotza presondegietan. Urtea hasi denetik, hiru preso hil dira Euskal Herriko espetxeetan: bi Zaballan eta bat Iruñean. Hilabeteko epean hil dira bi. 
     
  • Javier Lacunza hil da. Iruñeko gaitero ezagunenetakoa izan da Lacunza. Musika tresna horren tradizioa sustatzen eta transmisioa lantzen egin du lan urtetan, partitura zaharrak berreskuratu eta musika eskoletan irakatsita, besteak beste. 
     
  • Turismoari buruzko liburua. Hegoaldetar gehiengoa oporretan zela egin genuen iragarpena: Turismoa. Desazkundera bidaia liburua argitaratu du ARGIAk, Donostiako Bizilagunekin taldeko Asier Basurtok idatzia. Egia esan, oso ongi dago. Eta hala berretsi diguzue dagoeneko irakurri duzuen zenbait lagunek. Elkarrizketa egin nion egileari. Ostegun honetan aurkeztuko dugu liburua Donostian, 19:00etan. Gonbidatuta zaude.

HORRA HOR

Eco-itxurakeria. Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat kontsumitzaile elkartek eta ekologista taldek antolatuta, greenwashing edo ipurdi garbiketa ekologista egiten duten enpresak saritu dituzte aurten lehenbizikoz: Eco Bling-Bling sariak izan dira. Hauxe izan da podiuma. 

  • 1. saria: MSC gurutzontziak, Europa mailan bigarren erabiliena. Konpainiak dio “planeta babesten” duela, baina izugarri kontsumitzen du gas natural zukutuarekin (karbono dioxidoak baino 80 aldiz gehiago eragiten du, epe motzean, munduaren berotze globalean). MSCk metano pila bat isurtzen du itsasoan. 
     
  • 2. saria: Zara arropa denda. Lerro oso bat dauka “arropa jasangarria” deiturikoa, baina fast-fashion deituriko ereduaren parte da. Kontraesankorrak, hortaz.
     
  • 3. saria: Abanca banka-entitatea. Pay to save zordunketa-txartela jarri zuen eskuragai duela urtebete, “ozeanoak garbitzeko” kanpaina anbiziotsu baten parte. Lerro horretan izandako irabazi guzti-guztiak horretara bideratuko zituela hitzeman zuen. Iazko zifrak aurkeztu ditu, eta jendea ohartu da irabazi guztien %0,2 ere ez duela inbertitu ingurumenean. Ezer baino gehiago da, baina…

Honaino gaurkoa.

Astelehen ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN