Auzi hau ere ez da samurra.
Urtebete baino gehiago igaro da Kerman Villate hil zutenetik. Agian gogoan izango duzu: parranda testuinguruan, Gasteiz erdiguneko diskoteka bateko atezainak zartako batez erail zuen 31 urteko mutila.
Haien gurasoek zerbait erakutsi badute hilabeteotan, ausardia eta kemena izan dira. Plazara irten dira etengabe-etengabe, makina bat bider jausi eta altxatu dira, beti justizia eske. Zeren, lehen unetik argi ikusi dute delituaren larritasuna apaltzeko intentzioa dutela arduradun guztiek.
Gau hartan etxera joan zitzaizkien bi ertzain, “zuen semea borroka batean hil da” esatera. Eta gurasoek erantzun: “Gezurra da; gure semea ez da borroketan aritzen”. Eta gezurra zen. Ez zen borrokarik izan. Lehendik ere Gasteizko Udaltzaingoan bazuten diskoteka horretako atezainen indarkeriaren berri. Diskoteka horrek ez zuen behar bezalako asegururik. Eta kontratatutako segurtasun enpresak era irregularrean jarduten zuen. Matoi batzuk zituen langile.
Kemena dute Villateren gurasoek. Bide guztiak urratzen eta kanpaina mordo bat egiten ari dira kalean eta komunikabideetan, eta ari dira mugitzen, baita ere, erakunde publikoen batzordeetan. Baina esku ilun bat bada atzetik, era zikinean ari dena ardura guztiak saihesten. Auzitegietan ere gauzak ez doaz ondo: “zuhurtziagabekeriaz egindako hilketa” izan dela baino ez dute aitortu. Hitz horietan badirudi “nahi gabeko zerbait” izan zela.
Gorputza sendo behar da Arantzazu Beitia eta Roberto Villate gurasoak entzuteko, Miel A. Elustondok egin dien elkarrizketa irakurtzeko, baina benetan merezi du. Zerbait sumatzen bada, horixe da-eta: kemena.