2026ko martxoaren 26a.

Egun on.

Hemen da osteguna. Eta azken aurreko buletina niretzat. Bi asteko etena egingo dut gero, oporrak tarteko.

Korrikak ez du etenik: gauerdian heldu da Lekeitiora, Bakiotik iragan berri da orain, eta Mungian sartuko da segituan. Hortik berriz kostaldera, Sopelara eta Getxora, eta Ezkerraldetik ibiliko da egunean zehar.

Goazen gaurko buletinarekin.

PSEren lekukoa

Euskarak ez duela gizartea polarizatu behar dioena, sarri horretan ari da. Horretan ari dira PSE-EE eta Eneko Andueza. Burukadaz burukada, pixka bat jakobinoen antza hartuta gainera. Zentralista muturtuak. Bi urteroko zita da hau ere Anduezarentzat: Korrikaren aurka mintzatzekoa. Tira, edo “batzuek” (esan nahi baitu, “los de siempre”) horiek kritikatzeko momentuetako bat.

Anduezak hartu izan du lekukoa zenbaitetan, eta irribarretsu agertu izan da argazkietan. Aurten, ordea, bere lagun CCOOkoek euskaldunongandik jaso duten mespretxua (gutxienekoa izan dela) tarteko, erabaki du haserre ipintzea eta berak bai erreakzionario jokatzea. Gustatzen zaion moduan, langileriaren bandera altxatuta: “CCOOk eta guk milaka langileren eskubideak errespetatzen ditugu”. Eta ametsetan ere errepikatzen duen hori ere bota du, jakina: “Herrialde honetan batzuek euskara bereganatu egiten dute, beraien jabetza esklusibo moduan ulertzen dute; bada garaia jakiteko euskara guztiona dela”. Euskara guztiontzat eta euskara denontzat.

Euskara erabiltzen du Anduezak, eta majo erabiltzen du, eskertzekoa da, alderdi horrek izan baititu euskaraz zipitzik ere egiten ez zuten eledunak. Baina halako astakeriak esaten dituenean, sarri oroitzen naiz euskaltegiko irakasleak esan zidan honetaz, ahozko azterketa egitear nintzela: “Lasai hitz egin, eta euskara bikainean aritu, nahiz eta euskararen eta hizkuntz eskubideen aurka mintzatu”. Halako zerbait egiten du Anduezak. Beharbada eleganteago. Ez askoz ere gehiago.

Korrikarekin izandako gaira itzulita. Honek kitzikatzen nau gehien. Zeren, alderdi sozialistak bistan da badituela bere kontraesanak. Anduezak lekukoa hartzearen aurka hitz egin du, eta ez du hartuko, baina iragan asteburuan, Nafarroan, Milagron, bere alderdi politikoak hartu zuen lekukoa, eta azken orduotan ere, Gipuzkoan, PSE-EEkoek parte hartu dute Korrikan. Inork ez du ulertzen zergatik, eta Anduezak berak ere ez. Ez du jakin galderatik irteten Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Diagnosi baikorra Mendaroko ospitalean

Mendaro (Gipuzkoa) zonalde euskaldunean badago ere, osasungintza ez da plaza erraza: ez Mendaron eta ez inon ez dago modurik osasun ikasketak erabat euskaraz egiteko, baina horrez aparte, osasun sistema barneko dinamika formal guztiak erdarazkoak dira, eta langileentzako formazioak erdaraz, besteak beste. Baina dagoeneko ez da hainbeste horrela. Ez da hain muturreko. Ez Mendaron. Izan ere, langile talde baten ekimenez, “lehiaketa” moduko bat ipini dute abian lankideen artean, nork idatziko historia kliniko gehien euskaraz. Guztira 34 erizain, sendagile eta fisioterapeuta batu dira “lehiara”. Eta bukatutzat eman badute ere ekimena, joerak aldatu dituzte.

Kuantitatiboki, lorpena handia izan da. Baina baita kualitatiboki ere. Horixe azaldu dio Unai Larrinaga langileak Ekain Carrasco kazetariari. “Lortzen ari gara orain arte bakarrik erdaraz imajinatu genitzakeen eremuak euskaraz imajinatzea, eta, batez ere, pazienteei osasun arreta bere hizkuntzan ematea”. Irakurri hemen artikulua. 

·····>   Ez galdu hauek

  • Amaitu da epaiketa. Espektakulu nardagarria eskaini ondotik, epaiaren zain gelditu da Jon Perurena oiartzuar irakaslea, adin txikiko ikasle neskei sexu proposamenak eta kontu higuin gehiago egin dizkien tipoa. Epailea irmo agertu da epaiketan; biktimen aldean nabaritu zaio. Fiskaltzak 22 urteko espetxe zigor eskaera egin du.
     
  • Etxe berrien prezioa Bizkaian. Batez bestean, etxebizitza berriak 400.000 euroan saldu dira eta bigarren eskukoak 300.000 euroan. Ascobi eraikuntza enpresen patronalak eman ditu datuak hain lasai, eta etxerako orraztu du kexa-puntua: “Ekoizpen maila txikia daukagu euskal gizartearen eskaria asetzeko”.
     
  • Dena prest finalerako. Larunbat honetan jokatuko da Gasteizen Arabako Bertsolari Txapelketako finala, Europa jauregian. Sei finalistatik hirurentzat lehen finala izango da. Martxoak 3 elkarteak jantziko dio txapela irabazleari.
     
  • Saskibaloia eta politika. Gasteizen jarraituta: gaur jokatuko da Baskoniaren eta Israelgo Tel Aviveko Hapoel taldeen arteko partidua. Ateak itxita jokatuko dute, BDZren eta Palestinarekin Elkartasuna taldeen presioaren eraginez, baina harago joan nahi dute: ez dadila norgehiagoka jokatu. EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Dugu alderdiek bat egin dute egitasmoarekin. Protestarako deia egina dute.

ITZALETIK ARGIRA

ARGIAren Fototekaren barrunbeetan arakatzen du Urko Apaolaza lankideak astero-astero. Aldizkarian, orrialde bat eskaintzen diogu atalari.

Egilea: Ezezaguna. ARGIAren artxiboan jasoa.
1981eko abuztuan hartua, Lemoizen (Bizkaia).

Lemoizera bisita. Argazkiko tipo mehe hori ez da Lemoizko protestetan galdutako turista irlandar bat. Bobby Sands IRAko kidearen anaia da, Sean Sands. 

Urte hartan, 1981ean (aurten 45 urte), IRAko presoek protesta famatua hasi zuten preso politiko gisa aitortuak izateko helburuz. 66 egun iraun zituen Bobby Sandsek. Maiatzean hil zen. Atzetik beste bederatzi. Abuztu hartan, Sean Sands Euskal Herrira etorri zen, hain justu ere Lemoizko zentral nuklearraren aurkako jardunaldi batzuetan parte hartzera.

Urko Apaolazak argazki eta bideo ederrekin kontatu du artikulu honetan.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN