2026ko martxoaren 25a.

Egun on.

Hemen da asteazkena. 

Zenbait lagun ohartu zineten akats galanta egin nuela atzoko buletinean. Behe Nafarroari lurrak oparitu nizkion; Sara Lapurdiko mapatik atera nuen. Konturatu barik. Mikro-bihotzekoak eman zidan buletina hartzaile gisa jaso nuenean. Gero eman zigun zer pentsa erredakzioan: Mutriku Bizkaian sartuko banu, zenbat ohartuko zineten? 

Tira, buletina egunero (eta askotan desordutan) idaztearen ajeak. Eskerrik asko adi irakurtzen duzuenoi eta ekarpenak egiten dizkidazuenoi. Eta barka zuen sustoak.

Uneotan lekukoa Lezon sartzen ari da, Lapurdi zeharkatu eta gero. Donostian sartuko da laster, eta handik honantz etorriko da, zeren, gure erredakzioa Lasarte-Orian dagoenez, hemen hartuko du lekukoa ARGIAk, Antzarekin eta Iametzarekin batera, 13:00etan. 

Goazen gaurko buletinarekin.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Frogak mahai gainean

Atzo kontatu nizun hastear zela Jon Perurena irakasle erasotzailearen kontrako auzia. Irungo institutuan, duela bi ikasturte, 13 eta 15 urteko hiru neska ikasleri proposamen sexualak egin zizkien, bideo lizunak bidali, biktimak manipulatu... Gauza higuingarri asko, frogatuta gelditu direnak lehen auzi saioan. Mikel Garcia lankidea bertatik bertara egon da, eta ongi laburbildu du kronikan: “Desatsegina bezain argigarria izan da Jon Perurena irakaslearen kontrako auziaren lehen eguna”.

Berez, akusatua izanik, Perurenak deklaratu behar zuen lehenbizi. Baina eskatu du auzi saio osoaren amaieran deklaratzeko, eta halaxe izango da; gaur egingo du. Hortaz, epailearen aurretik pasatzen lehenak adin txikiko ikasleak eta lekukoak izan dira. Ateak itxita egin dute, baina informazioa eskuratu dugu.

Argi geratu da oro har Instagrameko profil faltsu baten bidez jardun duela Perurenak biktimak harrapatzeko. Mezu-truke horiek ipini dituzte mahai gainean. Ikusi denez, opari edo diru truke sexu harremanak izatea eskaintzen zien irakasleak, eta komentario lizunak egin zizkien, gehienbat gorputzari buruzkoak. Ertzaintzak, urteotan, informazioa bilatu du ikasleen mugikorretan, gorde du, eta hainbat proba erakutsi ditu. Esaterako, adin txikiko baten mugikorrean topatu dute Perurena masturbatzen erakusten duen bideo bat.

Ez naiz nazkagarrikeria horietan luzatuko. Inportantea izan da defentsa entzutea. Bere akusatua bezalaxe portatu da: higuin. Besteak beste, iradoki du solasaldi horien tonua “jostaria” eta “txantxetakoa” zela. Baina bere kabuz erortzen da argudio hori. Zeren, akusatuak ohartarazi eta mehatxu egiten zien mezuak inori ez erakusteko eta borratzeko. Eta hori ere gordeta dago.

Jaizki Fontaneda / Foku

285 langile. Azkenean iragarritakoa baino langile gutxiago kaleratuko ditu Tubos Reunidos enpresak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan, baina 285 langile, finean, 285 langile dira. 285 familia. 

Hilabete iraun du gatazkak, eta atzo aurkeztu zuen enpresak Enplegua Erregulatzeko Espedientea. Astebete barru ipiniko da indarrean, eta gradualki aplikatuko da. Detaileak ondoen Urko Apaolazak emango dizkizu

Enpin. Bilbon ikusitakoak ikusita, ziurtzat jo genezake gaur istilurik izango dela Gasteizen, mobilizatzeko asmotan baitira langileak. Lehenik, agerraldia egingo dute Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzan, eta manifestazioa abiatuko dute gero, erakunde publikoen egoitzetatik pasatuta.

Ekarpenen bat egin nahi duzu? Erantzun email mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera, eta gustura irakurriko zaitut.

·····>   Ez galdu hauek

  • Picassoren ‘Gernika’. Euskal Herrira ekartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. Baina ez flipa: aldi baterako ekartzeko eskatu dio, ez definitiboki. Bilboko Guggenheimean kokatu nahiko luke. 
     
  • Global Sumud Flotilla. Apirilaren 12an abiatuko da inoizko espediziorik handiena Palestinara, lurrez zein itsasoz. Munduko ehun herrialdetako 3.000 parte hartzaile baino gehiago, ehun ontzitan. Gaur emango dituzte xehetasunak Bartzelonan. 
     
  • Korrikaren amaiera festa. Bilboko udaletxearen parean amaituko da lekukoaren ibilia, igande honetan, 12:00etan, eta festa giroa egongo da segur. Sei gune prestatuko dituzte, adin guztientzat. Herri-bazkaria ere egongo da 1.200 lagunentzat. 

Portzierto. Harrapatuta naukate Leire Artola lankidearen kronikek. Korrikaren furgonetan egiten ari da ibilbidea, hasi eta buka. Iragan igandean, euskararen alorrean desobedientzia ekintzak egiten dituzten eragileekin egon zen, haien kilometroetan, eta hortik osatu kronika ederra.

AGENDA KULTURALA

Korrikaren amaieraz aparte, makina bat plan daude epe motzerako. Beste bat aipatzeko, bertsolaritzan, larunbatez Gasteizen: Arabako txapelketaren finala jokatuko da. Ondoko argazkian, finalera puntuazio altuenarekin sailkatu den bertsolaria, Maddi Agirre.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN