2026ko martxoaren 24a.

Egun on.

Zu ere Korrikaren zuzenekora harrapatuta al zaude? Ni bai. Edozein ordutan konektatzen dugu etxean.

Lekukoak, orain, Lesakatik iragan eta Igantzin sartua behar du dagoeneko. Baztandik pasatuta, Behe Nafarroan sartuko da eguerdian, Saran, eta Baionara helduko da 22:00etarako. 

Portzierto. Hirugarren bideo laburra bidali digu Imanol Epeldek. Umorean fin.

Goazen mamira.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Irakasle erasotzailea, deklaratzera

Duela bizpahiru urte-edo agertu zen prentsan: Irungo institutu batean, 13 eta 15 urteko hainbat neska ikasleri diru edo opari truke sexu praktikak proposatu zizkiola 53 urteko gizonezko irakasleak. Bada, gaur hasiko da epaiketa Donostian. Dena ukatzen du gizonak.

Auzia Fiskaltzarengana eraman duena Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila izan da. 2018tik begiz jota zeukan irakaslea, Errenteriako ikastetxe batean espedientea zabaldu eta epe batez lan egiteari utzi ziolako. Irunen hasi zen lanean gero. Eta hor proba gehiago bildu dituzte, praktika bertsuak egin baititu: biluzik agertzen zen bideoak ikasle neskei bidali, oporrak elkarrekin igarotzea proposatu, sugar daddy izateko eskaintzak egin... Gauza higuingarri asko eta asko, higuingarri gisa soilik defini badaiteke.

Baina kontua ez da hor bukatzen. Tipoak liburu bat argitaratu du, gaztelaniaz, honela itzuli genezakeena: “Nola ulertu eta arrakastaz irten lan eremuko jazarpenetik”. Alegia, bera dela biktima. Liburuan kontatzen du neska ikasle gazteak berarengana gerturatzen zirela, haien artean “borrokatzen” zirela bere magalean nor eseriko, jolas-eremuko anekdota nazkagarriak kontatzen ditu... eta, gaur hasiko den epaiketaren harira dio feministak (eta Hezkuntza Saila ere bai, imajinatzen dut) bere aurkako kanpaina egiten ari direla.

Mikel Garciaren albistean aurkituko dituzu xehetasun gehiago.

Giza Eskubideen Behatokiaren artxiboko irudi bat.

Egiaren zirkulua

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (Estrasburgok, kale hizkeran) makina bat bider zigortu du Espainiako Estatua euskal herritarrek jarritako tortura salaketak ez ikertzeagatik. Torturen zazpi biktima elkartu egin dira, eta agerraldi bateratua egin dute Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren babespean, martxan jarri duten ekinbide baten berri emateko: Espainiak kasu egin diezaiola Estrasburgori, behar bezala iker ditzala tortura kasuak, eta egiaren eta erreparazioaren alde egin dezala bidea, benetako bidea, eta ez orain arteko fartsa. Nazio Batuen Erakundera ere jotzeko prest agertu dira. Gaur da, hain justu, Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna.

Martxelo Otamendi da ekinaldiaren bultzatzaileetako bat. Euskaldunon Egunkaria-ren auzian atxilotu eta torturatu zuten, eta bere salaketa Estrasburgoraino iritsi zen. Auzitegi hark Espainia zigortu zuen, 24.000 euroko isunarekin, kasua ez zuelako batere ikertu. Eta bistan da segitzen duela ikertu gabe. Berria-n elkarrizketa.

· · · · · · ·

Ama, aita… gizena nago? Itsusia naiz? Arraroa naiz?

Ez naiz guraso, ez daukat arrastorik ere zer-nola erantzungo nukeen halako galderen aurrean, baina Eider Salegi psikologo eta irakaslea entzunda, jarraibide batzuk argiago gelditu zaizkit.

Etxerako Lanak podcastaren hamaikagarren atala publikatu genuen atzo.

·····>   Ez galdu hauek

  • Confebasken aurpegia. Arrakastatsua izan zen gaur zortziko greba orokorra, gutxieneko soldata propioaren aldekoa. Confebaskentzat ordea, ez. Edo bai, eta ez du onartzen. Zeren, patronala gaurko deitu dute bilera ELAk eta LABek, greba egunetik astebetera, mahai bueltan eseri eta hitz egin dezaten. Baina Confebaskek uko egin dio, dagoeneko laugarrenez. Ez dagoela bere eskumenen artean dio.
     
  • Eta gasolindegien aurpegia. Facua kontsumitzaileen elkarteak begiak adi ipini ditu egunotan, Espainiako Gobernuak BEZa jaitsi baitie erregaiei, eta, leloak ere ez garenez, espero zitekeen prezioak behar beste ez jaistea, hau da, BEZaren jaitsiera askorik ez nabaritzea. Halaxe izan da: Espainiako Estatuan, lau gasolindegitik batek prezioak igo ditu BEZa jaitsi ahala. Maltzurkeri honek ez du izenik.
     
  • ‘Zerua hemen’. Gaur goizean, Donostian, liburua aurkeztuko du Oihana Arana idazle gazteak, Susarekin. Bere bigarren poema liburua da. Minetik eta plazeretik idatzi du. 

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

Batzuentzat asteburuak dira film eta telesailetara lotzeko uneak, eta besteentzat aste-tarteak. Zerrenda labur bat pasatzen dizut asteartero.

  • Sentimental value. Aspaldian ikusi dudan kontakizunik ederrenetakoa. Kontua da alabak batere zaindu ez dituen zine zuzendaria bat dela aita, baina bizitzak elkartu egingo dituela berriz, film baten kari. Potentea da. Eta plano dotoreak ditu ere bai. Eneko Atxa gure zine kritikariak Donostiako Zinemaldian ikusi zuen, komentatu zuen, eta zinean ikusi nuen nik. Asteburu honetan plataformetara iritsiko da, Filminera eta Movistarrera. 
     
  • Argentina 1985. Gaur betetzen dira 50 urte Argentinan diktadura militarra hasi zela eta 30.000 pertsona inguru desagerrarazi zituztela. Kargudunak handik bederatzi urtera epaitu zituzten, 1985ean, eta gertakari historiko hori kontatzen duen filma da hau. Presioa jasan zuten epaileengan zentratzen da kontakizuna. Ricardo Darínek paper ederra jokatzen du. Amazon Primen dago ikusgai.
     
  • Tribuaren berbak. Ez da kasualitatea bigarrenez ekartzen dudala hona telebista-saio hau. EITBren uneotako ekoizpenik onena iruditzen zait. Euskaldunongan pentsatua. Asterokoa da, ordubeteko erreportajea, une sakonago eta trantsizio biziagoak dituena; aurreko astean, Korrikari buruzko saio berezia eta benetan ederra eman zuten.

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN