2026ko martxoaren 23a.

Egun on.

Zer moduz asteburua?

Berezia izan da. Hegoaldean jaieguna egokitu zelako osteguna, baina tira, batik bat 24. Korrika abiatu zelako Atharratzetik eta bidaiaren bosgarren egunean murgilduko delako gaur.

Esan nizun Leire Artola lankidea Korrikaren furgonetan dabilela. Kronika eder-ederrak idazten ari da. Adibidez, larunbatean Nafarroako Erribera zeharkatu zutenekoa, Errigorak omenaldiak jaso zuenekoa, kronika zinez hunkigarria iruditu zait.

Lekukoaren gaurko ibilbidea: Arabako Mendialdean dabil orain. Maeztutik iragan berri da, 10:15ean helduko da Agurainera, eta Sakana gurutzatuko du gero. Ikusi zuzenean hemen

Goazen mamira.

Etchegaray Baionako auzapeza. (Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

Etchegarayk segituko du auzapez Baionan 

Ilusioa zapuztu da Lapurdiko hiriburuan. Historikoa zatekeen abertzale bat auzapez izatea Baionan, baita ezkerrarentzat ere, azkenekoz 1946an izan baitzen garaile. Baina egungo auzapezak eta Jean-René Etchegarayren zentro-eskuineko zerrendak irabazi ditu bart gaueko bozak. Gehiengo osoa lortu du, gainera: emandako boz guztien %51. Jean-Claude Iriarten eta Henri Etchetoren zerrenda bateratuak botoen %41 eskuratu ditu. 

Ikusmina hor zen, ea dinamika iraultzea lortzen zen, baina aldi berean zalantzak ere baziren, Etcheto jakobinoak ez baititu euskaldunak maite, eta Iriarten zerrenda bateratua gailenduko bazen, ikusi beharko zen ea zer nolako gobernagarritasuna zukeen gobernu horrek.

Lapurdiko hamar herritan eta Zuberoako Maulen jokatu da bigarren itzulia. Baionaz gain, aipatzekoak dira beste hiru hauek:

  • Miarritze: Serge Blanco errugbi jokalari ohia izango da auzapez, politikan batere esperientziarik ez duena. Abertzaleen zerrenda espero zen bigarren izatea, baina hirugarren izan da.
     
  • Kanbo: Peio Etxeleku jeltzalea izango da auzapez berria, Christian Devèze zentristari gailenduta. Marienia lurretako etxebizitza proiektuaren aurka agertu da Etxeleku, baina oposizioko abertzaleak ez dira kontent, “engainatzen” ari delakoan.
     
  • Urruña: Agintea galdu dute abertzaleek, eta Sébastien Etchebarne zentristak gidatuko du herriko etxea.  

     

Informazio gehiagorako, emaitza zehatzak jakiteko, kontsultatu gure grafikoak. 

Eta batik bat, aholkatzen dizut Jenofa Berhokoirigoin lankideak idatzi duen analisia irakurtzea. Xehe-xehe aztertu ditu emaitzak, eta ondo kontrolatzen dituen detaileak azpimarratu ditu.

 

Jakina, Ipar Euskal Herrian ez ezik, Frantziako Estatu osoan egin dira herriko etxeetarako hauteskundeak. Parisen bezalaxe, oro har sozialistek eskuratu dituzte buruzagitzak hiri nagusietan. Dena dela, nabarmentzekoa da gorantz segitzen duela eskuin muturrak, ez agian nahiko luketen bezainbeste, baina emaitza da, Perpinyàz gain, Niza eta Carcasona hiriak ere gobernatuko dituztela.

EHEren agerraldia iragan astean.

CCOOren mehatxu isilak

Korrikaren hastapenean CCOOrekin, PSErekin eta Korrikarekin gertaturikoekin eta abar, aztoratuta joan zitzaigun astea. Eta agian bigarren plano batean iragan zen CCOOk abiatu duen bidea Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldearen aurka. Gutun bat bidali dio sindikatuak, konfidentzialtasuna gordetzea eskatuta (bistan da EHEk muzin egin diola), nolabait ere akordio proposamen batekin, EHEk ez ditzan aurrerantzean CCOOrekin aurkako pintaketak egin. Bestela, auzitegien mehatxua. 

Iragan Gabonetako ekintza bati buruz ari da konkretuki CCOO sindikatua; Olentzeroz jantzita, ikatza bota zieten EHEkoek CCOOri haien Gasteizko egoitzan, “euskararen etsaiak” direla aldarrikatuta. Horrekin minduta daude, antza. CCOOren “irudia eta marka” zikindu direla diote haien abokatuek. 

Zigor Olabarria lankideak xehetasunak eskatu dizkio EHEko Intza Gurrutxaga eledunari, eta gaur goizean publikatu dugu elkarrizketa.

Ekarpenen bat egin nahi? Erantzun email mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera. Gustura irakurriko zaitut.

Ormuzko pasabidea; poltsikoa dardarka

Gauzek okertzeko itxura dute, bai behintzat alor ekonomikoan. Izan ere, dagoeneko ohituta gauzkaten bezalaxe, AEBek asteburuan egin dituzte mehatxurik eta erasorik gogorrenak; Trump presidenteak astelehenera arteko epea eman dio Irango Gobernuari Ormuzko itsas pasabidea desblokeatzeko, Mendebalde Globalean inflazio serio bat gertatzea benetan posible delako erregaiek horrela garestitzen segitzen badute. Desblokeatu ezean, Irango energia azpiegiturak erabat suntsituko dituela dio Trumpek.

Iranek erantzun du igande arratsaldean: ezezko borobila. Are gehiago, AEBek bere mehatxua konplituko balu, Iranek esan du Ekialde Hurbileko eta Mendebalde Globalaren erabilerarako diren azpiegitura energetiko erraldoiak suntsituko dituela. Eta detailetxo bat utzi du iragarpenean: “Ormuzko pasabidea irekita dago edonorentzat, salbu eta etsaientzat”. Keinu moduko bat izan da Txinari, negozio lagun duelako. Modu batean ere horrexegatik lehertu da gerra Ekialde Hurbilean.

Tira, eta Hego Euskal Herrian dagoeneko petrolioak eta gasak “merkeago” behar lukete egon. Izan ere, Espainiako Gobernuak jaitsi egin ditu haien erosketa zergak %21etik %10era. Gobernuaren esanetan, depositua betetzea “20 euro merkeago” izango da. Ea, ikusiko da, ez ote dituzten konpainiek eurek igoko prezioak orain.

·····>   Ez galdu hauek

  • Flotilla Habanara. Nazioarteko konboi solidario bat Kubara heldu da asteburuan, herrialdeak bizi duen blokeo ekonomikoa eta energetikoa arintzen laguntzeko. Elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, elkartasuna adierazteko. Krisi humanitarioa bizi dute, baina Marxlenin Perez telebista aurkezle kubatarrak Berria-n adierazi moduan, “bizia osoa daramagu honetarako prestatzen”. 
     
  • Errolda eskubidearen alde. Inor sistematik kanpo ez geratzeko aldarriarekin, mobilizazio jendetsua egin dute Pasaiatik Donostiara, urteroko legez, erroldarik gabe ikusezin eta baztertuta geratzen diren auzotarren egoera bistaratzeko. Arrazakeriaren kontra egiten den 29. martxa izan da.
     
  • ETB X. Haurrak dituzuenok moldatu zarete marrazki bizidunak ikusteko? ETB3 zarratu baitu EITBk. Zabaldu duzue ETB On? Nik, aitortuko dizuet, begi-tartea zimurtu zaidala telebistako aplikazio horrekin, saioa hasi, itxi, blokeatu eta jausi egiten zitzaidalako. Baina tira. Agian helduko da beste plataformaren bat laster, auskalo. Heldu dena da EITBko langile batzordeen kexa: zuzendaritza ari dela era opaku eta arbitrarioan plataformak sortzen, zerratzen eta nahi duena egiten. 

HORRA HOR

Korrika atzo Iruñera heldu zenaren aitzakian, hiriaren erdigunean zabaldu duten egitasmo euskaltzale bat ezagutzeko aukera izan genuen: Irauli. Gazteluko plazan dago, Laba proiektuaren aldamenean. 

Irauli dezagun makineria erdalduna. Bitxi-denda zena, Iñaki Amunarrizena, euskarazko harreman sarea zabaltzeko eta trinkotzeko haurren aisialdi gune da orain. Gotorleku bat, finean. Zeren, kanpoaldean hotz egiten du, eta erdalduntze makinak irensten du bat. Guraso asko eta asko ohartuta zeuden horretaz: alabari euskaraz egin eta hark erdaraz erantzun, edo halako batean ohartu semeak ez duela hizkuntza gaitasun askorik, ez duelako ohiturarik jarduteko. Halako korapiloak. Horiek askatzeko modua bilatu nahi dute hiri buruzagiaren erdigunean, Gazteluko plazan, Laba proiektuarekin hormaz horma.

Ezagutu proiektua Ekain Carrasco kazetariaren begietatik. Iñigo Urizen argazkia da goikoa.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN