2026ko martxoaren 19a.

Egun on.

Aitaren eguna, jaieguna da gaur Hego Euskal Herrian, ARGIAren lan egutegian ere bai, baina aste xelebre honi ekarpen bat gehiago egiten ahaleginduko naiz, egun berezia izango baita gaurkoa euskaldunontzat.

Gaurko buletina, Atharratzetik.

Goazen mamira.

2022ko Korrikaren amaiera, Donostian. (Dani Blanco / ARGIA)

Eskuz esku, Atharratzetik Bilbora

Lantalde bat atzo heldu ginen Atharratzera, hemendik abiatuko delako gaur Korrikaren 24. edizioa. Hamar eguneko eta geldiunerik gabeko bideari ekingo dio lekukoak, eskuz eskuz, martxoaren 29an Bilbora heldu arte. Guztira, 3.436 lekuko-hartze egingo dira eta 2.175 kilometro osatuko. Denak ere euskararen alde, Euskara gara leloaren eta Zetakek sorturiko kantuaren presentzia pean. 

Bazkalondoan abiatuko da Korrika Atharratzeko plazatik, 15:30ean. Zertxobait lehenago sartuko dute mezu ezkutua aurtengo lekukoaren barnean. Bidasoaz beheko mila batzuk herritar heldu gara, edo helduko gara, hasiera une horretara, ilusioz korri eta besta egitera, hurrenkera horretan, euskararen alde. Momentuz giro ederra dugu Zuberoan, eguraldia aldeko da, baina pronostikoek euria iragartzen dute Korrika hasi osterako. Litekeena da lehen ordu eta erdia eguzkipean egitea, baina gerta liteke lekukoa Maulera iristen denerako, 17:00etarako, euritara jotzea. Baina tira. Ziur euriak ez duela jendea etxean geraraziko. 

Testigu izan nahi baduzu, ARGIAren webgunean eskura ipiniko dugun furgonetako zuzeneko bideo-konexioa zabaldu dezakezu noiznahi, nahieran. Eta aurreratzen dizut kronika-sorta majo bat osatuko digula Leire Artola lankideak, egunez egun, Korrikaren furgonetatik bertatik. Zurrunbilo batean murgilduko zaigu Leire, baina merezi izaten du beti. 

Bide batez, Korrika aldi honetarako dagoeneko estreinatu dugu aurtengo apustuetako bat: Imanol Epelderen umorezko bideo laburrak, Lekukoak ez du terapiarik behar izenburupekoak. Badu abilezia Epeldek, ea zer iruditzen zaizun zuri. Atzo sareratu genuen lehenbizikoa, Korrika hasi aurreko prestakuntzak aipagai edo umoregai dituena, eta gutxi gorabehera bi egunean behin emango diogu segida aurrekoari. Lehiaketatxo bat ere abian ipini dugu; egin kasu!

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Tira, eta Korrika ere bero dator bestelako kontu batzuengatik. Zeren, CCOOk ez du Korrikan parte hartuko, AEKri ez zaiolako bateragarria iruditzen sindikatu horrek, aldi berean, euskararen aurkako oldarraldian duen jarrera izatea eta Korrikan lekukoa eramatea. Uste dut libratu direla protesta oldeaz; kazetari honek jakin duenez, CCOOren lekuko-hartzean protestak antolatzen ari ziren herritar talde batzuk. 

Bada, AEKren erabakiaz gogor mintzatu da CCOO, eta “beto politikoa” salatu du. Eta zalantzarik bazegoen, bere aitatxo politikoa babestera atera zaio; PSE-EEk ere esan du ez duela Korrikan parte hartuko, CCOOrekin elkartasunez.

ELA irten da gero prentsara, AEKri erabateko babesa eskaintzera eta CCOOri kargu hartzera: “Eragile euskarafoboek euskararen eta euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako erasoak Korrikan parte-hartzearekin zuritu nahi izan dituzte, eta AEKk erabaki koherentea hartu du”.

A, eta Euskal Herrian Euskaraz taldea mehatxatu du CCOOk: bere aurkako salaketa ekintza gehiago egiten baditu, hala nola pintaketak, auzitegietara joko du.

 

ARGIAren ikerketa lanak eragina izan du, bistan da.

 

. . . . . . .

 

AEK, gorantz

Festa handi bat da Korrika, baina ez dezagun ahantzi zer dagoen guztiaren atzean: AEK finantzatzea, ahalik eta jende gehien euskalduntzeko manera izateko. Zorionez, Ipar Euskal Herrian geroz eta ikasle gehiago dituzte, urtez urte %5 gehiago inguru, baina kexu dira Euskararen Erakunde Publikoaren dirulaguntzak ez direlako hein berean igotzen ari. Beno, 2015etik apenas igo da laguntza. Arazoa dute horretan. Eta lagunduko du, ziur, Korrika Atharratzetik hasteak. 

Konplexutasun gehiago ditu euskarak Bidasoaz goiti, eta kontuak ez dira berdin Lapurdin edo Zuberoan. Oro har, diotenez, Zuberoan batez ere eten egin da etxe barneko euskara transmisioa, eta kalean egoera apal dagoenez, egoera aski konplikatua dela diote. Errealitate hori aztertu dugu Bixente Claverie mauletarrarekin, AEK-ren nazio kontseiluko Ipar Euskal Herriko kidearekin. Onintza Irureta lankideak elkarrizketatu du.

Iriart abertzalea eta Etcheto sozialista, bat eginda. (Guillaume Fauveau)

Baionan begiak

Datorren asteartean helduko da Korrikaren lekukoa Baionara, eta ordurako jakingo dugu nor izango den Baionako auzapeza. Bi aukera daude: egungo auzapeza, Jean-René Etchegaray eskuindarra, edo Jean-Claude Iriart abertzalea. 

Iragan igandetik hona, berez, lau zerrenda pasa dira bigarren itzulira, bozketa definitibora: Etchegarayren zerrenda buru (bozen %42,11 bilduta), atzetik Iriart (%21,99), segidan Henri Etcheto sozialista jakobinoa (%21,37), eta bigarren igandera ozta-ozta sailkaturiko eskuin muturra (%10,7). Baina ezkerrak aliantza izenpetu du; akordioa erdietsi dute Iriarten eta Etchetoren zerrendek, 'Elkarrekin Baionarentzat' izena hartuko dute, eta Iriart abertzalea izanen da horren buru. Gauzak aldatu ditu horrek. Ezkerraren botoak batuta, bistan da, matematikak eginda, gainditu egiten duela Etchegarayrena. Baina hauteskunde formula hauetan, bat gehi bat ez da beti bi izaten. Ikusiko da, hortaz. Ezkerra azkenekoz 1946an izan zen garaile Baionan, imajina. Eta historikoa litzateke abertzale bat auzapez izatea Ipar Euskal Herriko hiriburuan.

Baionan ez ezik, fokuak beste hamar herri hauetan ere ipiniko ditugu igande gau honetan, bigarren itzulia hemen jokatuko delako: Miarritzen, Hendaian, Donibane Lohizunen, Azkainen, Urruñan, Kanbon, Beskoitzen eta Arbonan, horiek Lapurdin; eta Zuberoan, Maulen. 

Gaian sakondu nahi baduzu, aholkatzen dizut Jenofa Berhokoirigoin lankideak idatzi duen atarikoa leitzea; herriz herri egin du lanketa fina.

Igandean, bozka bulegoak 18:00etan itxiko dituzte, eta zenbaketa hasi bezain aitzin ARGIAn jarraipen berezia egingo diogu, aurreko igandean bezalatsu, mapa eta guzti.

·····>   Ez galdu hauek

Kirolari (eta politikari) loturiko bi albiste labur. 

  • Baskonia. Europako ligan jokatzen du Gasteizko saskibaloi taldeak, eta makina bat lehiaketatan bezalaxe, Israelgo taldeek ere parte hartzen dute itxuraz, edo izenez bederen, Europara mugatzen den jarduera honetan. Bi talde dituzte israeldarrek, biak Tel Aviv hirikoak: Hapoel eta Maccabi. Egutegiak hala aginduta, martxoaren 27an eta apirilaren 7an jokatuko ditu Baskoniak haien aurkako partiduak. Palestinarekin Elkartasuna plataformak hilabeteak daramatza erakundeak interpelatzen eta boikoterako deia egiten, eta lortu da maniobra bat gertatzea: Baskoniaren zuzendaritzak erabaki du ateak itxita jokatuko dituela bi norgehiagokak. Plataformarentzat, baina, ez da nahikoa; bertan behera geratzeko eskatzen dute. 
     
  • Afrikako futbol kopa. A zer zalaparta. Duela bi hilabete jokatu zen Afrikako gizonezkoen futbol kopako finala. Maroko eta Senegal heldu ziren finalera. Partiduaren amaiera partera, epaileak penaltia adierazi zuen Marokoren alde, eta Senegalgo selekzioko jokalariek, haserre, zelaia utzi zuten ordu laurden inguruz. Itzuli ziren jokatzera, marokoarrek jaurti zuten penaltia, baina huts egin zuten. Minutu gutxira, eta partiduaren azken hatsean, garaipena eskuratzeko gola sartu zuten senegaldarrek. Halaxe etxeratu zuen kopa Senegalek. Baina Marokok helegitea aurkeztu zuen, ez zelako bidezkoa izan Senegalgo jokalariek zelaia uztea, partidua hainbeste denboran etetea. Ebazpena eman du eskuduntza duen futbol organoak, eta arrazoia eman dio Marokori. Hortaz, garaikurra itzuli beharrean dira senegaldarrak.

ITZALETIK ARGIRA

Ostegunero legez, ARGIAren Fototekari begira jartzeko parada hartuko dugu. Gaurko egun bereziari loturiko argazki bat hautatu du Urko Apaolaza lankideak.

ARGAZKIA: AEK / ARGIA Fototeka
1982ko maiatza.

Korrikabusa. Lekukoaren aurretan soil-soilik furgoneta joaten da, ez beste ezer eta ez beste inor, furgonetero, Korrikako langile, bolondres eta kazetariez aparte. Baina furgonetaren baliabidea ez da Korrikaren hastapenetatik erabili den zerbait. 1982an, esaterako, autobusa ibili zen Euskal Herrian barna.

Orduko euskalduntzearen egoera bestelakoa zen, alajaina. Jaso detaileak Urkoren eskutik.

Honaino gaurkoa eta aste honetakoa.

Ondo ibili. 

Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN