2026ko martxoaren 18a.

Egun on.

Zer moduz atzoko greba eguna?

Gurean oso indartsu joan zen. Eta sentsazio onarekin hasi dugu biharamuna.

Goazen mamira.

Iruñea. (Manex Moreno Uharte / ARGIA)

Olatu urdina

Ados nago ELAko Mitxel Lakuntzarekin: “Ulertzeko erraza da deialdiaren funtsa”. Halaxe dela uste dut. 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrarekiko errespetuz, nago hura ulertzeko zailagoa zela, bizitza duinen aldekoa zelako eta abstraktuagoa zirudielako; nahiz gero eskakizun zehatzagoak ere bazituen. 2026ko martxoaren 17ko greba orokorra ulergarriagoa izan delakoan nago, eta beharbada, horregatik izan da deialdia hain jendetsua. Ez dakit hala den. Sindikatuen arabera, 105.000 langile mobilizatu ziren Hego Euskal Herrian.

Bi hanka izan ditu deialdiak: Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) hemen erabakitzeko ahalmena; eta 1.500 eurokoa izateko eskaera. 

Argi dago: kalera irten den jende askok 1.500 euro baino gehiagoko soldata du. Baina uste dut hori izan dela deialdiaren alderik ederra: elkartasuna. Hein txiki batean, langile batzuen mesedetan egindako protesta puntuala izan da (puntuala soilik atzoko egunari behatuko bagenio), baina hein handi batean, langile guztion bizitzen aldeko borrokaren erakusle izan da. Ez da dudarik batzuek hainbestetan errepikatzen duten “elkarrizketa sozialak” fruituak eman ditzakeenik, baina konfrontaziorik gabe ez da lorpenik, hori ziur.

Eta grebak deserosotasunak sortu behar ditu, hori ere bai. Inguruan nabaritu nuen atzo. Sektoreak edota lantokiak greba egitea batere erraz ipintzen ez dion jendea lanera joan zen atzo, nahiz greba egitearen alde egon. Horregatik, hori guztia neurri batean barnebiltzen duelakoan, benetan azpimarratzekoa iruditu zitzaidan Donostiako manifestazioan etxeko langile batek mikrofonoz esan zuena: “Denoi eragiten digun aldarrikapena da gaurkoa, baina ez digu denoi berdin eragiten (...) Etxeko eta zaintzako langile gisa, langile klasearen parte gisa, gogoratu nahi dugu ez garela ikusezinak, hemen gaudela eta nahikoa dela lan esplotazioarekin”. Hor daude datuak: etxeko langileen bi herenek 1.500 euro azpiko soldatak dituzte, eta askok astean 60 ordutik gorako lanaldiak egiten dituzte.

Bilbo. (Pello Maudo Herrero / ARGIA)

Irudi indartsuak ikusi genituen atzo karriketan. Industriaguneetan goizean goizetik, interes biziz jarraitu zituen piketeak Urko Apaolaza lankideak, hala nola Aiaraldekoak, zinez larri baitaude enplegu aldetik han; eta besteak beste, nabarmentzekoak iruditu zitzaizkidan N-1 errepidean Andoainen eta N-634 errepidean Durangaldean egindako mozketak. Makina bat poligonotarako sarbide ere blokatu zituzten langileek, Lizarratik hasi eta, Abanto-Zierbenatik igarota, Iruneraino. Itxitako lantegi guztiak, saltokiak... 

Ikastetxeak ere oro har zarratuta. Unibertsitateetan, jakina, ikasleen piketeak izan ziren, baina aipagarriena zera iruditzen zait, ikastetxe publikoetako jangeletako langile askok egindako greba. Haiek dira LGStik gertuen dauden langileak, zaintza langileak.

Donostia. (Dani Blanco / ARGIA)

ARGIAn, atzo, greba aktiboa egin genuen kazetariok. Hiriburu bakoitzean kazetari eta argazkilari bana mobilizatu genituen, Mastodon sarean jarraipen zorrotza egin zuten, ordenagailuz lanean aritu ginen beste asko, eta gure webgunea esklusiboki M17ko Greba Orokorrari eskaini genion. 

Goizeroko buletin hau idazten dudanez gero, niri egokitu zitzaidan egun osoan gertatutakoaren laburbilduma bat egitea. Hemen daukazu irakurgai. 

Gasteiz. (Dos Por Dos / ARGIA)

Honaino gaurko buletin berezia. Laburra eta monografikoa, atzoko greba egunaren erakusgarri. 

Biharkoa jaieguna dugu lan egutegian, baina egingo dut buletina, gaurkoa eta atzokoa baino buletin arruntagoa. Tira, berezi samarra ere izango da, Atharratzera bidean izango naizelako. Badator Korrika!

 

Asteazken ona izan.

Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN