ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek egin dute greba orokorrerako deia, modu bateratuan, eta ehun elkartek eta erakundek baino gehiagok babestu dute deialdia. Horregatik, sindikatu deitzaileek aurreikuspen benetan onak dituzte. Hego Euskal Herriko txoko askotan antolatu dira langileak: zehazki, 1.757 enpresa batzorde eta langile ordezkaritza organok bat egin dute, tartean daude CAF, Arcelor, Fagor eta Irizar; eta herri eta auzo askotan ere asteak daramatzate martxan grebarako asanbladek.
Eskakizuna argia da: Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) hemen erabakitzeko ahalmena izatea. LGSa langile orok jaso behar duen gutxieneko soldata da, eta teorian behintzat, ezein langilek ezin du muga horretatik behera kobratu, haren egoera, sektorea edo kontratu mota edozein dela ere.
Espainiako Estatuak ezartzen du zenbatekoa. Uneotan, 1.184 eurokoa da hamalau ordainsaritan. Hego Euskal Herriko bizi baldintzak bestelakoak direlako, greba orokorrera deitu duten sindikatuek diote Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ordainsariaren osagarria sortu beharko luketela, lanaldi osoan ari den langilearen soldata 1.500 eurora iritsi arte. Haien ustetan, gutxieneko hori igotzeak bultzatuko du gainontzeko soldata guztiak gorantz egitea. Hortik behera kobratzen duten asko zaintza sektorekoak dira, emakumeak gehienak eta etorkinak, edota gazteak. Gutxi gorabehera 70.000 pertsona inguru Hego Euskal Herrian.
Duela urte eta erdi batu zituzten indarrak ELAk eta LABek, gaiari ganoraz heltzeko eta indarrak metatzeko. Baina hona arteko tarte guztian eskuak garbitu baino ez dituzte egin Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita patronalak ere.
Lehen bidea patronalarekin negoziatzea izan da, enpresariei eurei atera ahal zitzaiela langile guztiek, gutxienez, 1.500 euroko hamalau ordainsari izatea. Baina Confebask patronalak ez die bilerarik onartu ere egin. Horraino heldu dira kontuak.
Bigarren bidea EAEko eta Nafarroako legebiltzarretan garatu nahi izan dute, ia 140.000 sinadura baino gehiago bilduta eta herriaren eskari gisa tramitatuta. Baina hor ere, kasu zipitzik ere ez. Ikustekoa izan da zeinen erraz eman dioten proposamenari bizkar gobernuetako sozioek.
Azkenean, greba orokorra. Eta hemengo gobernuak benetan kexu eta minduta agertu dira, ez omen dago-eta “motiborik” grebara jotzeko. Jaurlaritzak zera esan du: “Batzuen helburua da gobernu honi lehenbiziko greba orokorra antolatzea, arrazoi gisa edozer aurkeztuta ere”.
2020ko urtarrilaren 30ean egin azkenekoz greba orokorra Hego Euskal Herrian. Bizitza duinen aldekoa izan zen, eta tartean, pentsio sistema hobetzea bezalaxe, LGSa igotzea ere eskatu zen. Orduko hartan, hemerotekak esan didanez, 1.200 enpresa baino gehiago batu ziren grebara. Gaurkoan, 1.757 izango dira gutxienez.
Aldarrikapenen eta egoera politiko eta sindikalaren berri izateko, Ekain Carrascok idatzi zigun erreportaje zabal hau irakurtzea gomendatzen dizut.
Mobilizazio eta deialdiak
Goizean, hiriburuetan egitea espero dira mobilizazio masiboak. Hainbat zutabe abiatuko dira hiri bakoitzeko leku diferenteetatik, eta toki jakin batean elkartuko dira, gero, 12:30ean, manifestazio nagusia abiatzeko.
- Gasteiz. Bilbo plazatik.
- Bilbo. Moyua plazatik.
- Donostia. Pio XII plazatik.
- Iruñea. Gazteluko plazatik.
- Eibar. Untzaga plazatik.
- Tutera. Plaza Berritik.
Gainontzeko herrietan, tokian toki, arratsalde-iluntzean izango dira bilkurak.
Eguerdia baino lehen, giroa bero egongo da makina bat lekutan. Izan ere, 05:00etatik aurrera, pikete informatiboak egingo dituzte enpresen inguruneetan, errepideetan eta toki esanguratsutan.
Gutxieneko zerbitzuak
Inportantea hori jakitea, desplazamendu eta behar berezietarako batik bat.
- Ospitaleetan eta Osakidetzako anbulatorioetan, jaiegunetako ohiko langile kopurua ariko da lanean. Osasunbideko erietxeetan, aldiz, gutxienez familia mediku, pediatra eta erizain bana egongo da. Administrazioan lantalde erdia, eta erabateko zerbitzua larrialdietan.
- Unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, oro har esanda, etapa bakoitzeko irakasle bat bermatuko da.
- Garraioan, gutxi gorabehera zerbitzuaren herena eskainiko da EAEn, eta Nafarroan erdia.
Gutxieneko zerbitzuen detaile gehiago, horretan finak baitira EITBkoak, kontsultatu hemen.
Esan dizudan moduan, ARGIAk ere bat egiten du greba deialdiarekin. Eta kazetariok, ohi moduan, greba aktiboa egingo dugu, deialdiei ahalik eta oihartzun zabalena emateko. Kazetarien lumak lau hiriburuetan izango dira, baita argazkilarien kamerak ere, eta egunak ematen duena ahalik eta txukunen biltzen ahaleginduko gara ARGIAren webgunean.
Honaino gaurko buletin berezia.
Greba egun ona izan.
Besarkada bat.