2026ko martxoaren 16a.

Egun on.

Ipar Euskal Herriko bozen zenbaketari begira egon ginen bart. Hortik hasiko naiz.

Goazen mamira.

Gazi-gozo abertzaleak

Tristura Urruñan, adibidez; eta zoriona Senperen, esaterako. Sorpresarik izan bada abertzaleentzat, agian, bi herri horietan izan dira. Izan ere, Urruñan, Philippe Aramendik auzapez izaten segitzea espero zen, eta oraindik ere gerta daiteke, bigarren itzulia egiteke dagoelako, baina ez dirudi oso probablea; eta Senperen, berriz, emaitza irauli eta definiturik gelditu da abertzaleek babestutako Christophe Jauregi izanen dela auzapez berria.

Boto kopurutan gora egin dute abertzaleek, eta ez da gutxi panorama dagoen eran. 

EH Baik sostengatutako beste hautagai batzuk ere izango dira auzapez. Besteak beste, Ziburun, karguan segituko du Eneko Aldanak, eskuinaren zerrenda aise menperatu baitute abertzaleek; Donapaleun ere aurreikus zitekeena gertatu da, eta EH Baiko kideak tartean dituen zerrenda garaile suertatu da, eta hortaz, Pettan Aiçaguer izango da auzapez; eta, sorpresa moduan, Lekuinen, hiru hamarkadaz alkate izan den Michel Etcheverryk ez du alkatetzan segituko, eta Xabi Duhalde abertzaleak hartuko du lekukoa. Pena, aldiz, ostegunean Korrika abiatuko den Atharratzen, Maite Pitrauk ez baitu auzapez izaten segituko.

Datorren iganderako lau puntu bero:

  • Baiona. Etchegaray eskuindarrak lortu ditu bozen %42, eta atzetik, botoen %22arekin, Iriart abertzalea izan da. Ezkerreko zerrendek lekua utziko baliote Iriarti, aliantzak egiteko kapazitatea balego, posible litzateke Lapurdiko hiriburuan ezkerrak eskuinari lekua hartzea.
     
  • Miarritze. Oso alde estua dago zentroko Serge Blancoren eta eskuineko eta egungo auzapez Maider Arostegiren artean. Hirugarren, mila botoko aldearekin, ezkerreko koalizioa gelditu da.
     
  • Bokale. Lau zerrenda lehiatu dira, eta garaile irten da EH Baikoak barne hartzen dituen ezkerreko zerrenda. Egungo auzapezak, zentro-ezkerreko zerrendak, hirugarren egin du. Baina den-denak oso estu. Eta lau zerrendak igaro dira bigarren igandera.
     
  • Kanbo. Marieniako lurretan etxebizitzak egitearen alde dagoen egungo auzapezak, Christian Devezek, bigarren egin du, Peio Etxeleku jeltzalearen atzetik. 
     

11 herritan jokatuko da bigarren itzulia datorren igandean. Hauexetan: Baiona, Miarritze, Hendaia, Donibane Lohizune, Azkaine, Urruña, Kanbo, Beskoitze, Bokale eta Arbona, horiek Lapurdin; eta Zuberoan bakarra, Maule.

Gauza asko begiratu daitezke bart gaueko emaitza sortaz, zifrak xeheago begiratu eta analisi sakonagoak egiteko. Gonbita luzatzen dizut Jenofa Berhokoirigoin lankidearen artikulua irakurtzera, panorama argiago ulertzeko, eta aldaketa esanguratsuen berri izateko.

Bestalde, hemen uzten dizut mapa, udalerrika bilaketa egin dezazun; eta hemen ipintzen dizkizut ARGIAren erredakzioan bart idatzi ziren albiste guztiak.

Datorren astean ere egingo diogu jarraipen berezia bigarren itzuliari.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ebaluazio egoki baten bila

Hezkuntza munduko 1.000 profesional baino gehiago elkartu ziren pasa den astean Bilbon, egungo hezkuntza sisteman, hau da, “konpetentziez” hitz egiten den garaian, ebaluazio sistema egoki baten gogoeta sustatzeko: nolako ebaluatzeko estrategiak nahi ditugu, irizpideak, oztopoak, teknologiak... 

Ebaluazio tresnak diseinatzen hasteko hainbat gako ematera heldu zen Eskoziatik, Edinburgotik, Carol Campbell. Britainia Handian arrakasta ukan duen ikerketa bat ekarri zuen besapean, honetan datzana: batetik, autoerregulazio eta autogogoeta bultzatu ikasleei, norbere ikas-prozesuaz jabetzeko eta aurrera nola egin hausnartzeko; eta bestetik, irakasleak ikasleari feedback egoki eta eraikitzaileak ematen jakin, ikasleak argi izan dezan indarrak non jarri eta non zentratu. Eta jakina, inportanteena: ikasleak egindako lorpenak aintzat hartu eta baloratu.

Tira, niri eskuetatik ihes egiten dit gaitegiak. Mikel Garciaren erreportajean ikasi gehiago.

A, eta Mikelek esan didanez, ebaluazio eredu interesgarri batzuen adibideak ere eman zituzten Bilboko mega-kongresu horretan. Tartean, Tolosako Laskorain ikastolakoa. Aurrekoan proiektu hura xehe kontatu genuen Ikusi eta ikasi bideoerreportajean. Egin klik irudian.

Ekialde Hurbilean gauzak bero segitzen dute. Israelek segitzen du Libano oso fuerte erasotzen, Beiruteko herritarrak joanarazten; AEBek ere jarraitzen dute Iran kolpatzen; eta Iran ari da, apurka-apurka, Mendebalde globaleko ekonomia kulunkari hau estutzen. 

Negoziatuko ote duten diote AEBek, agian bai eta agian ez; gauza bat esan publikoki, eta beste bat egin atzetik. Gauzak argi entzun dizkiot azken orduotan Irango Guardia Iraultzaileari: “Netanyahu hil arte, ez da bakerik egongo guretzat”. Esplizitua izan da, eta egiari zor, munstro horri burua moztuko baliote, xanpain botilarik irekiko litzateke munduan.

Ekarpenen bat egin nahi? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera.

·····>   Ez galdu hauek

  • ETB3, kaput. Filtrazio bidez jakin da ETBk zarratu asmo dituela ETB3 eta ETB4 telebista-kateak. Laugarren hori zentzu askorik gabeko katea da, bilduma gisa funtzionatzen duena, baina ETB3 haurrei espresuki eskainitako katea da. Aldatu Gidoia ekimena oso larrituta azaldu da erabakiaren aurrean: “ETB3 itxiz gero, 170.000 haur eta gaztetxori ukatuko zaie euskarazko edukietarako sarbide unibertsala”. 
     
  • Farmazialariak kexu. Manifestazioa egin zuten atzo, Bilbon. Motibo asko azaldu dituzte: ordutegi zabalak; jaiegunetako plusak ez direla existitzen; esperientziak eta antzinatasunak ez duela behar besteko pisurik; herri txikietako botika batzuek errealitate konplexuak dituztela eta neurri batzuk botikaren jabeen alde hartzen direla (adibidez, farmazialariak 90 eguneko aurrerapenarekin abisatu behar du lana utziko duela), baina gisako neurriek gainontzeko profesionalei nabarmen eragiten dietela; eta, aipagarriena iruditu zaidana, langileek antolatzeko duten zailtasuna. Farmazialari bati honela leitu diot ElDiario.es-en erreportajean: “Askotan, lanean, lankide bakarra botikako nagusia da; gure eskubideen alde borrokatzea oso-oso zaila da”.
     
  • Oscar sariak. Bart banatu ditu sariak Hollywood zine akademiak. One battle after another filma saritu dute gehien (film eta zuzendaritza onenaren garaikurrak eskuratu ditu, besteak beste). Izendapen gehien zituen Sinners filmak, berriz, aktore onenaren (Michael B. Jordan) eta gidoi original onenaren sariak irabazi ditu, besteak beste. Emakumezko aktore onenarena Jessie Buckley irlandarrak jaso du, Hamnet filmagatik. Eta atzerriko film onenaren saria, aldiz, Sentimental Value norvegiarrak eskuratu du. Taldeko aktore onenak hauek izan dira: Sean Penn (One battle after another) eta Amy Madigan (Weapons).

HORRA HOR

Zineman jan-edan. Oscarrak iragan direnaren aitzakian, gai hau ekartzea pentsatu dut, ez dakit-eta oso argi daukan jendeak zein den erantzun zuzena. Etxetik eramandako edo aldameneko gozoki-dendan erositako litxarreriak sartu ahal ditzakezu zinera? Erantzuna da baietz. Ezin dizutela galarazi, alegia. Sareetan irakurri dudanez, oraindik ere areto komertzial batzuek afixa ipintzen dute kanpoko janaria galarazteko. Adibidez, duela gutxira arte Yelmo aretoek horixe egiten zuten. Baina zigorra jaso dute. Tira, zigorra jaso zuten EAEn duela kasik hiru urte, baina Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetan oraindik ere praktika horiekin jarraitzen dutela bistan da, zeren, duela gutxiko notizia da, Andaluzian ere zigorra jarri dietela. Arrazoia sinplea da: zinea zine da, ez ostalaritza gune. 

Honaino gaurkoa.

Astelehen ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN