Aste honetan guztian argi utzi nahi izan dugu: helegiteak modu antolatuan jarri dituen jendea ez da ari, itxuraz behintzat, legez kontrako ezer egiten. Hemen dagoen auzia etika eta jardunbide moralari dagokiona da, euskararen eta euskaldunon aurkakoa. Zigor Olabarria lankideak hala esan zien ETBko kazetariei: “Euskararen aurkako militanteak dira, eta militatzen ari dira”.
Halako ikerketa lan bat publikatzean, seinalaturiko pertsonen erreakzioa sarri izaten da kaleratutako informazioa gezurra dela esatea. Baina kasu honetan ez da horrela izan. Euskara Denontzat elkarteak eta Unidas por la Igualdad Lingüistica plataformak onartu egin dute ARGIAk egunotan azaleratu duena. Haien izenean idatzi bat publikatzeko eskatu ziguten, eta hala egin dugu, bere osotasunean, errespetuz, haien iritzia kaleratu. ARGIAri leporatu diotena da “eztabaida eraikitzailea” baztertzea, eta, editorialki, helegiteen atzean dauden pertsonak “pertsona independente” gisa aurkeztu ordez, CCOO sindikatuarekin eta Podemos eta Ezker Anitza gisako alderdiekin duten lotura egitea. Norberak atera ditzala konklusioak. CCOOren bueltako jendea, esan dugun moduan, guk dakigula ez da esplizituki aritu CCOOren izenean lanean, baina informazio esanguratsua da, auzi honetan aurrera eta atzera dabilen jendea CCOOko kide izatea.
CCOOk ere eskuak garbitu ditu: ETBri eskainitako elkarrizketa labur batean esan du ez dutela loturarik Euskara Denontzat eta Unidas por la Igualdad Lingüistica plataformarekin, baina haien ekinbide eta aldarrikapenekin ados daudela. Ez da gutxi esatea. Diozu ez zaudela horren atzean, baina horrekin ados zaudela. Sindikatu abertzaleak gogor mintzatu dira CCOOren aurka, baita Euskalgintzaren Kontseilua ere. Idurre Eskisabelek dei egin dio CCOOren buruzagitzari beraien barnean ariketa egiteko, egoera denontzat onbideratzeko.
Unidas por la Igualdad Lingüistica plataformako Teresa Peralesek 700 pertsonako Whatsapp taldera bidalitako audio bat publikatu dugu gaur. Zubiriz mintzo da: “Sabinek dio giroa astindu behar dela, zarata egin behar dela, inoiz ez baita orain bezainbesteko mugimendurik eta polemikarik egon gaiaren inguruan”.
Arestian esandakora itzuliko naiz. Euskararen aurkako militanteak antolatuta daude, eta euskararen aldeko militanteak mobilizatzea ezinbestekoa da.