Jarraibide bat bageneukan: Errenteriako lanpostuan batere interesik ez zuen (eta Osakidetzan plaza finkoa zuen) pertsonaren helegitea zein abokatuk babestu zuen ikustea, eta haren urratsari jarraitzea. Kontu hauek ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula, baina Zigor Olabarria lankideak lortu ditu 2021etik hona ipini diren euskararen aurkako dozenaka eta dozenaka helegite eta ebazpen, eta ordu asko pasa ditu arakatzen.
Oso deigarriak egin zaizkigu lau helegite kasu. Lauetan errepikatzen dira susmatzeko moduko praktikak. Errenterian helegitea ipini zuen abokatu berarenak dira lauak, hortik hasita.
Emilio Jose Aparacio da abokatua. Bilbon du bulegoa. Aholkulari gisa aritu zen, esaterako, Podemosen ingurumaritik sortu eta Getxoko hauteskundeetara aurkeztu zen Guk Getxo herri plataforman. Eta, beste datu bat: elkar ezagutzen dira Euskara Denontzat taldeko buru Sabin Zubiri eta Aparicio. Hara non. Tira, Apariciok blog publiko bat dauka, eta edonork begira dezake, artikulu guzti-guztiak Apariciok berak idatzi izan dituela, salbu eta bat: Zubiriren sinadura darama, eta Irungo euskara eskakizunen auzi baten inguruan idazten du.
Baina noan lau helegite horietara.
Lehena, 2022ko uztailean Bizkaiko Aldundian ipinitakoa da. Andoni Basterrak ipini zuen helegitea 95 lanpostu egonkortzeko prozesu baten kontra, galdegiten zen euskara eskakizunagatik. Basterra ez da edonor. CCOOko militantea da, sindikatuko liberatu izandakoa, eta Euskara Denontzat elkarteko idazkaria, Zubiriren aldamenekoa alegia.
Bigarrena eta hirugarrena, Irkus Larrinagak ipinitako bi helegite dira, biak 2023an. Bata otsailean, Bizkaiko Aldundian administrari gisa lan egiteko 150 lanpostuen deialdia, eta bestea abenduan, Gipuzkoako Aldundian, 100 lanpostu egonkortzeko deialdia. Bi errekurtsoek arrakasta izan zuten epaitegietan. Kasuon ere, Larrinaga ez da edonor. Hasteko, nafarra da. Zer ari da nafar herritar bat Gipuzkoako eta Bizkaiko bi lan deialdi esanguratsu errekurritzen? Ba, tira. Nafarroako Ezker Batuko kide da Larrinaga, eta bi errekurtsoak ipini zituen urte berean Contigo-Zurekin koalizioaren zerrendan joan zen Nafarroako Legebiltzarreko hauteskundeetara. Eta, falta zena, Larrinagak ere harremana du Zubiri jaunarekin, biak izan baitira Ezker Anitzako zuzendaritzako kideak.
Laugarrena, eta azkena, 2022ko kasu bat da, Donostiako Udalean 40 teknikari lanposturako deialdia. Baina ez dakigu noren izenean errekurritu zen. Dakiguna da ebazpen judiziala: auzitegiek atzera bota zuten lan deialdia euskara eskakizunagatik, nahiz eta errekurtsoa jarri zuen pertsona lan deialdira ez zen aurkeztu. Oroitzen al duzu nork ez duen izena eman Errenteriako lan deialdian, 860 hautagai baino gehiago linboan dituen horretan? Helegitea jarri duen pertsona, lanpostuan batere interesik ez duena.
Gauza asko laburtu dizkizut email mezu luze honetan, baina detaile xeheagoak Zigorrek ditu ikerketa lan honen hirugarren artikuluan.
Eta beno, azken orduotan erreakzio asko eta asko sortu dira ARGIAren egunotako notiziaz, eta saiatu gara horiek denak esteka bakarrean lotzen. Baina besteak beste, eta hein batean ARGIAren eraginez, oihartzun handia hartu du Errenteriako Udalaren atzoko agerraldiak. Aizpea Otaegi alkateak elkartasuna adierazi zien etenda gelditu den lan deialdiaren eraginez esperoan dauden 860 pertsonari, eta jakinarazi du auzibidean azkeneraino jarraituko duela.
Prentsa agerraldiaren ostean, prest agertu zen ARGIAri elkarrizketa laburra eskaintzeko, eta detaile gehiagoz auziaz hitz egiteko.
Segituko dugu informatzen. Segituko dugu zorroztasunean.