2026ko martxoaren 11.

Egun on.

Tematuta jarraitzen dugu euskararen aurkako oldarraldiaren ikerketarekin. 

Atzo goizaz geroztik, sekulako erreakzio jarioa sortu da sareetan, eragileen artean, boza eman diete beste komunikabideek... Horixe zen ikerketa hau plazaratzeak helburu zuena: euskaldun guztioi eragiten digun auzia denez, euskaldun guztioi dagokigula hitza hartzea.

Bart eman dugu ikerketaren bigarren botea. Izen gehiago dakartzagu.

Gaur ere ia monografikoa doa buletina.

Goazen mamira.

CCOOko kide batzuk, Euskara Denontzat…

Lehenbiziko artikuluan, gora eta behera ibili genituen Mabel María Isabel Veiras-en idatzizko mezuak eta audioak. Bera izan zen Errenteriako Udalean administrari izateko lan deialdiari helegitea ipini ziona, nahiz eta Osakidetzan lanpostu finkoa izan. Veiras, Unidas por la Libertad Lingüistica plataformako kidea, 700 laguneko Whatsapp taldean jendea erreklutatzen saiatu zen Errenteriako lan deialdiari sabotajea egiteko. 

Baina Errenteriako auzia ez da Veirasen ekinbidera mugatzen. Are gehiago, Veirasek dio helegiteen asuntoaz-eta ez duela “askorik” kontrolatzen. Whatsappeko audio-mezu batean esaten du badela bera laguntzen ari den pertsona bat, debaldeko abokatua ipiniko duen elkarteko presidentea: Sabin Zubiri. Harengana bideratzen du Veirasek helegitea ipini edo ez zalantzan dabilen pertsona, eta haren pista jarraitu du ARGIAk.

“Sabin, beti laguntzen didana”

Euskara Denontzat izen tranpatia duen elkarteko presidentea da Zubiri. Elkartea duela hiru urte eta erdi erregistratu zuten, “Euskadiko hizkuntza-politikari buruzko eztabaida” sustatzeko, beraien hitzetan, “oinarri pluralistarekin”. Bertako presidentea da Zubiri. Baina ez hori bakarrik: EAEko CCOO sindikatuaren erreferentzia da euskara-eskakizunen alorrean. Ohikoa da Zubirik ematea CCOOren ekinbidez atzera bota diren euskara eskakizunen inguruko azalpenak.

Hortaz, hemen sartzen da jokoan CCOO, jende asko eta askoren uste eta susmoetan ibili den sindikatua euskararen aurkako helegiteen auzian. Zubirik bistako harremana du CCOOrekin, zeren, berriki gainera, EAEko ditxosozko Osasun Itunaren mahaiko batzorde batean egon zen CCOOren ordezkari gisa. 

Eta orain arte ez dugu esan, baina Mabel Veirasek ere harremana du CCOOrekin. Bere audio bat daukagu. Ez dio hitzez hitz, baina honela dio: CCOO sindikatua jakinaren gainean dagoela Unidad por la Libertad Lingüisticak egin asmo duenaz Errenterian, eta hurrengo mezuan dio “sindikatuta” dagoela. Ez du zehazten non, egia da, baina ez da dudarik susmoa eragiten duela. Eta bada beste motibo bat hori pentsatzeko. Esan genuen moduan, 700 pertsonako Whatsapp talde horretan pertsona jakin batzuk soilik bidali ditzakete mezuak; horietako bat da Veiras; eta beste bat da Teresa Perales. Emakume hori, adibidez, CCOOren zerrendetan joan zen 2024ko Osakidetzako hauteskunde sindikaletan.

Tira. Lehenbiziko artikuluan bezalatsu, bigarren artikuluan ere beste hiruzpalau audio eta pare bat irudi edo “kaptura” argitaratu ditu ARGIAk. Egin klik hemen. Lan mimatu eta ederra egin du Zigor Olabarria kazetariak. Meritua du ikerketa lan honek.

 

Erreakzio soka luzea ekarri du (eta ekarriko du) argitaratzen ari garen ikerketak. Puntuz puntu ahaleginduko naiz ekartzen, ahalik eta xeheen.

  • LABek salatu du “are ageriago” geratu dela euskara irizpideak zalantzan jartzen dituzten helegiteen atzean susmo batzuk konplitzen direla, alegia, pertsona eta eragile konkretu batzuen interesak daudela. Horri aurre egiteko, “berme legal sendoak” exijitu ditu.
     
  • ELAk “oso larritzat” jo du hizkuntz eskubideen aurkako “kanpaina antolatua”, eta “interes politiko hutsak” daudela hainbat demanden atzean.
     
  • EH Bilduk adierazpen laburra egin du, ziurrenik datozen orduetan hitz egingo duelako zabalago. Josu Aztiria legebiltzarkide eta Euskara arduradunak dei egin du, “gertakarien larritasuna” ikusita, “posizionamendu argia” azaltzera.
     
  • EAJk “kezka” azaldu du “gertatzen ari denaz”, konkretuki atzean “talde antolatu bat” egoteaz, eta “berme juridikoak” beharrezkoak direla azpimarratu du.
     
  • Errenteriako Udalak prentsaurrekoa deitu du 11:30erako, argitaratu den guztiaz iritzia helarazteko. 
     
  • Euskalgintza arloko eragileek, bestalde, ez dute aparteko adierazpenik egin, ez bada sareetan zabaldu dutela ARGIAren notizia. Euskal Herrian Euskaraz izan da gogorrena, eta kolektiboki antolatzera egin du dei.

Bide batez, erreakzioen haria jarraitzen orri hau zabaldu dugu.

 

Eta inola ere esan gabe utzi nahiko ez nukeena. Ikerketa lan hau argitaratzen hasi garenetik, ARGIAren komunitateko kide egin zarete hainbat lagun. Eskerrik asko kazetaritza independente, kritiko eta euskaltzalea babesteagatik.

·····>   Ez galdu hauek

  • Jangelak lanera. Gaur eta bihar ere grebak segida izan behar zuen eskola publikoetako jangeletan, baina atzo, azken orduan, akordiora heldu zen LAB, eta sinadurara batu dira CCOO eta UGT. Beraz, bertan behera gelditu da greba. ELAk ez du sinatu, eskakizunak ez direla bete argudiatuta.
     
  • Angulen trafikoa. Aginagan, Usurbilen, operazioa egin zuen atzo Espainiako Guardia Zibilak. Angulen trafiko delitua eta kontrabandoa izan ote den aztertuko dute. 
     
  • Literatur jasa udaberrian. Berria-ko Iñigo Astizek badu ohitura aldian-aldian euskaraz argitaratu berri diren edo epe motzean argitaratuko diren liburuen bildumatxo moduko bat egiteko, eta xehe-xehe ekartzeko paperera. Gustuko izaten dut saltseatzea, katalogo moduan. 

AGENDA KULTURALA

Hona hemen datozen egunetarako plan proposamen sorta bat. Entresakatxo bat egiten ahalegindu naiz, astia hartu ahal izan dudan eran. 

Argazkian, Sua taldea; larunbatean Azpeitian izango da.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ona izan. Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN