Pasa den astean esan zuen Errenteriako Udalak “eten” egiten zuela administrari izateko lan deialdi publiko bat, herritar batek euskara eskakizunen aurkako helegitea aurkeztu eta gero. Horrela badirudi “herritar arrunt” batek ipini zuela errekurtsoa, kexu zelako, ez zuelako lanposturako eskatzen zen euskarazko C1 maila. Baina gauzak ez dira horrela benetan. Demanda jarri duen pertsonak ez du inolako interesik lanpostu horretan; bere asmo bakarra zen deialdia atzera botatzea. Eta horren probak ditu ARGIAk, idatzizko zein audiozko mezuak. Pertsona horrekin hitz egin dugu, eta dena ukatzen du.
Kontu guztia ez da, ezta ere, norbanako baten dema izan. Plataforma batek mugitu ditu hari guztiak: Osakidetzaren barnean antolatutako Unidas Por la Libertad Lingüistica taldeak, edo, euskaraz, Hiztunen Berdintasunaren Alde deiturikoak. Plataforma hori duela urte eta erdi sortu zuten, 700 osasun langile ingururen babesarekin, “kezka sakona” zutelako euskararen hizkuntz eskakizunen inguruan. Baina bistan denez, ez dira Osakidetzako lanpostuetara mugatu; Errenteriako Udaleko lan deialdia administrari izateko zen.
Izen batzuk daude plataformaren atzean, zeren, 700 pertsona baino gehiagoko Whatsapp taldean, soilik lau pertsonak bidal ditzakete mezuak, “administratzaile” figura dutelako. Horietako bat da Mabel, María Isabel Veiras. Berak aurkeztu zuen Errenteriako Udaleko LEParen aurkako helegitea, nahiz eta lanpostu finkoa izan Osakidetzan.
Helegitea aurkeztu duen bakarra izan da, baina errekurtso gehiago aurkez zezakeen jende gehiagoren bila aritu da Veiras, erreklutatzen ariko balitz bezala. Berak esana da, bere mezuak eskuratu baititu ARGIAk: “Izena eman eta helegitea jarriko duen norbait beharko litzateke, eta ez da beharrezkoa azterketara joatea ere”. Bere haserrea ere adierazi zuen beste mezu baten bidez: “Ikusi dezakezuenez, jada ez dute B2 maila galdegiten, zuzenean C1era pasatu dira; onartuko dugu?”.
“Abokatua ordaintzen dugu”
Hemen dago mamia. Maider García gisa aurkeztu zen pertsona batek mezu bat igorri zion Veirasi, interesa adierazita Errenteriako LEParen errekurtsoan. Baina zalantzak zituela esan zion Garcíak, besteak beste, ez zuelako agerian gelditu nahi, udalaren aurka deklaratzera joan nahi... Hiru eguneko tartean, 100 idatzizko mezu eta audio trukatu zituzten, eta horiek eskuratu, aztertu eta argitara eman ditugu.
Veiras behin eta berriz saiatu zen García konbentzitzen. Esan zion nahikoa litzatekeela LEPan izena ematea, eta ez azterketara aurkeztea; salaketak “anonimoak” liratekeela, gainera; eta onena, hau: “Abokatua dohainik da”.
Gaur goizean argitaratu dugun artikulua xeheago irakurri nahi baduzu, beraien audio eta Whatsappeko mezu eta guzti, egin klik hemen.
Ikerketa lan hau argitara eramate prozesua hasi besterik ez zaigu egin. Lan zaindu eta mimatua egin du Zigor Olabarria lankideak. Buletinera harpidetuta zaudetenoi iragartzen dizuet: gaur gauerako beste artikulu bat daukagu. Fokua zabalduko dugu, auzia ez baita Errenteriako kasura mugatzen, ezta Veiras eta Whatsappeko talde euskarafobo horretara ere. Izen-abizen eta eragile gehiago daude atzetik.