Milaka eta milaka herritarrek hartu zituzten kaleak atzo, Martxoak 8an. Manifestazio printzipal eta jendetsuenak Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburuetan deiturikoak izan ziren, Beste mundu bat feminismotik leloaren pean egindakoak, baina esaterako, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere bai, gizarte eta mundu berri baten aldarrikapen oihuak egin zituen, estatu sozialista helburu gisa hartuta. Bakoitza beretik, bakoitzak bere helburuekin, baina jendarte honen ordenaren kontra mintzatu ziren.
Maria Ortega lankidea Bilboko kaleetan ibili zen atzo, Mugimendu Feministak juntatu zituen milaka manifestariei segika. Beharbada aurtengo manifestazioa zerbaitek nabarmendu badu, hori kutsu antinperialista izan da. Mundua eta bereziki Ekialde Hurbila dagoen eran, ezinbestean oihu batzuk gizon zuri inperialistei zuzendu zaizkie. “Trump, nire klimaterioari ez zaio zure inperioa gustatzen” eta “Patriarkatua eta sionismoa txanpon beraren bi aldeak dira” gisako aldarriak egin zirela leitu dut Mariaren kronikan. Era berean, borrokan dauden askotariko herrietako emakumeen ahotsek ere izan zuten lekua: AEBetako trans pertsonak, Mendebaldeko Saharako emakumeak, El Salvadorrekoak, Costa Rican errefuxiatuta dauden nikaraguarrak...
Egun polita izan zen atzokoa, indar erakustaldi bat ere izan zelako, funtsean. Argazkilariak bost hiriburuetan mobilizatu zituen ARGIAk, eta bilduma benetan majo bat jaso dugu webgunean.