Atzoko buletinean airean utzi nuen, ea Iranek jaurtitako misila (NATOk Mediterraneoan atzemandakoa) Turkiara ote zihoan edo ez. Gauzak dezente aldatu zitzakeen horrek, NATO gerran bete-betean sartzea ekar zezakeelako. Baina Iranek esan du ezetz, misila ez zihoala Turkiara, baizik eta Txipreko base militar batera.
AEBek eta Israelek gutxienez 1.250 pertsona hil dituzte Iranen, eta 150 inguru ospitale eraitsi. Baina Iranek ez du su-etenik nahi. Momentuz ez, horrela ez. “Saiatu garen bakoitzean AEBen tropek kolpatu gaituzte”, esan dute. Eta Iranek erasotzen segitzen du. Armada irandarrak esan du egunero gutxienez 330 drone jaurti dituela, eta erritmoari eutsi edo bizkortu egingo duela. Besteak beste, Israel iparraldea ari dira bonbardatzen Hezbollah talde armatu libanoarrarekin batera.
Libanon, ordea, tropa israeldarrak dena suntsitzera sartu dira. Hegoaldetik hasi ziren, eta gorantz doaz. Eta horrekin batera, desplazatuak. Dagoeneko 80.000 baino gehiago dira. Eta gehiago izango dira, zeren Beirut hiriburuko hegoaldeko auzoak ebakuatzeko agindu du Israelek.
- Yankiek detaile batzuk zabaldu dituzte Iranen egindako lehen eraso mingarriaren inguruan. Kontatu dute nola hil zuten Ali Khamenei aiatola, nola antolatu ziren... Kamerak hackeatuta zeuzkaten.