2026ko martxoaren 5a.

Egun on.

Batzuek nahiko lukete, baina ez dakit nork edo nork esperoko lukeen atzoko futbol partiduaz nik zerbait idaztea. Ikusi nuen, bai, baina ez zait hona ekartzeko interesatzen.

Baina zeinen ondo Errealak irabazi zuela.

Tira, osteguna da, eta gai ez oso atsegin batekin hastera noa.

Goazen mamira.

Shu Oterok ARGIArentzat egindako ilustrazioa, iazko urrian argitaratua.

Bullyingaren biktima

Eskola jazarpenak hil egiten du. Kasu berri bat ezagutarazi da azken orduotan: Cintruenigon, Tutera aldamenean, eskola jazarpena eta zibererasoak jasan dituen 17 urteko neska batek bere buruaz beste egin du. Iragan asteburuan izan da hileta, eta senideek irakurritako gutunean argi eta garbi egin dute erantzule eskola jazarpena, eta horrek bihurtu du kasua mediatiko. 

Minetik egindako hainbat hitzen ostean, hildako gaztearen senideek ardura eskatu diete guraso, ikastetxe eta erakundeei, “hitzez adierazteko Sara ez duela gaixotasun batek hil”, baizik eta eskola jazarpena izan dela bere buruaz beste egitearen motiboa. Eta behin hori aitortuta, senideek esan dutenez, bullyinga gelditzeko lan kolektiboa egitea ezinbestekoa izango da. 

Cintruenigoko alkateak esan duenez, gutxienez azken bost urteotan jasan du bullyinga 17 urteko neskak. Eta elkartasunez, eta hain justu eskola jazarpena salatzeko, elkarretaratzea deitu dute datorren astelehenerako. Nafarroako Gobernuari ere galdetu zaio auziaren inguruan, eta ulertarazi dute kasuaren berri bazutela, eta protokoloak bete dituztela.

  • Portzierto, goian ipinitako irudiak erreportaje benetan eder bat ilustratu zuen, ikasleen osasun emozionalari buruzkoa, Mikel Garciak idatzia. Hemen uzten dizut, nahi izatera.

Gure kazetaritza independentea da, hedabide hau langileona delako.

EGIN ARGIAKOA

Gerraontzi ondoratuak, Turkiara misila…

Ez da batere erraza (ezta atsegina ere) izaten ari Ekialde Hurbilean piztu den eraso trukea jarraitzea eta kontatzea. Leku askotan behar dira begiak, urrun heltzen ari baitira eztandak, eta propaganda handia dago. Iranen, dagoeneko, mila hildakoko langa gainditu zuten atzo, eta Libano airez eta lurrez erasotzen jarraitzen du Israelek; hegoaldetik sartuta, aurrera egiten ari dira tropa sionistak. Honezkero, laster, 100.000 desplazaturen kalkulura helduko gara. Gerra militarraren seigarren eguna izango da gaurkoa.

  • Indiako Ozeanoa. Hara ere iritsi dira kolpeak, izan ere, AEBetako urpeko ontziaren torpedoek Iranen gerraontzi handi bat harrapatu dute, hura ondoratu, eta ehun militar irandar inguru akabatu, Sri Lankaren parean. Esanguratsua da eraso hori, yankiek ez baitute itsaspeko ontzi bidez halako erasorik egin 1945az geroztik.
     
  • Turkia. Iranek harantz misil bat jaurti omen zuen atzo, eta Mediterraneoan NATOk dituen defentsek atzeman omen dute misila. Eta mugimendu horrek NATO gerra betean sartzea ekar lezake, partaide den kide bati eraso egin zaiolako. Gauzak horrela, NATOk barne eztabaida zabaldu behar luke. Baina ikusiko da. Zenbait komunikabidek diote Txiprera zihoala misila, eta ez Turkiara. 
     
  • Gasa. Prezioa igo eta igo ari da (bi egunetan, %72ko igoera pilatu du), baina atzo jaitsi egin zen. Eta petrolioaren prezioa ere, egun berean, bezperakoaren pare geratu da. 

Aritz Loiola / Foku

Mugimendu Feministak zer du esateko M8az?

“Indar erakustaldi bat” desio du Euskal Herriko Mugimendu Feministak datorren iganderako, Martxoak 8rako. “Munduko ordena hau aldatu” nahi dute: “Ez dugu mundu honetan gure lekua egin nahi, baizik eta beste mundu bat irudikatzen dugu”. Klase zapalduentzat garai zailak dira, jendartea eskuinerantz biratzen ari da eta “feminismoa urrunegi” joan denaren ideia aski zabaldua den honetan, “norbanakoaren askatasuna” dute ortzi-mugan. 

Hemendik igandera bitartean, garaiz zaude Mugimendu Feministak egiten duen irakurketaren berri izateko. Artikulu argia idatzi digu Leire Artola lankideak.

·····>   Ez galdu hauek

  • Errenterian helegitea, euskaragatik. Azaroan zabaldu zuen udalak administrari izateko lan deialdia, euskarazko C1 mailaren eskakizunarekin, eta izena emandako 800 inguru hautagaietatik batek jarri du helegitea. Udalak bere borondatez erabaki du prozesua etetea, baina ez da behin betiko itxita gelditzen.   
     
  • Araua bete ez duten ertzainak. Duela bi asteburu, gauez, hiru pertsona kolpatu eta atxilotu zituzten Sestaon. “Elkar oldartu” zirela kontatu zuten hainbat komunikabidek, baina emaitza zen, behintzat, barrabiletako batean ebakuntza egin behar izan ziotela gizonetako bati. Ikerketa hasi du Ertzaintzak, eta sailburuak berak iragarri du: soinean zituzten kamerak itzalita zeramatzaten, arauaren aurka.
     
  • Bizi! Ipar Euskal Herriko herrietan hauteskundeak egingo dira martxoaren 15 eta 22an, eta Bizi! elkarte ekologistak landutako proposamena izenpetu dute 51 hautagaitzek. 
     
  • Zuzendari berriaren bila. Donostiako Zinemaldiak zuzendari berria behar du, eta lehiaketa publikoa zabaldu dute. Hautagaiei eskatzen zaie ingeles “maila handia” izatea, eta euskaraz eta gaztelaniaz “komunikatzeko gaitasuna” izatea.

ITZALETIK ARGIRA

Astebete ere ez da igaro Fototeka publiko egin genuenetik. Harrera oso beroa jaso du proiektuak. Benetan poztekoa da. 

Ostegunetan, jakingo duzu, Fototekako artxiboa arakatzen dugula Urko Apaolazarekin.

ARGAZKIA: Aitor Bayo / ARGIA Fototeka
1992an egina, Santurtzin.


Sardina freskoa. Magdalena du izena goiko irudiko protagonistak. Egunero egiten zuen Santurtzitik Bilborako bidea, oinez, arrain bete otar hartuta. Bilboko San Frantzisko auzoko azken sardina saltzailea zen. Amagoia Iban [Gurrutxaga] kazetariak elkarrizketatu zuen, 1992an. 

Gauza zelebre batzuk kontatu zituen elkarrizketa hartan. Urko Apaolazak ekarri dizkizu hemen.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN