Ez dagoela demokraziarik Iranen, emakume eta homosexualek ez dituztela gizon heterosexualen eskubide berberak... “Motiboak”, egotetan, ildo horretan joan zitezkeen. Baina arreta ematen du tiro bakar bat ere ez dela hortik joan. Bere esanetara makurtuko ez zen erregimen bat suntsitu nahi zuten AEBek, Iranek Txinari petrolio asko saltzen diolako besteak beste, eta, hala, munduko ekonomia yankien menera are gehiago eraman dezaketelako. Eta Israelek, berriz, abagunea baliatu du lehendik ere etsai zuen herrialdea kolpatzeko. Erregimena eroraraztea bazen asmoa, tiroak ez ziren hortik joango. Lehen egunean 200 ume hil zituzten ikastetxe batean, eta dagoeneko, gutxienez, 800 hildako zenbatu dituzte Iranen.
Badirudi, orain, lanak banatu dituztela AEBek eta Israelek. Yankien misilek jarraitzen dute Irango Teheran hiriburua kolpatzen, eta sionistak gehiago ari dira Libano erasotzen, Libano, Hezbollah talde armatuaren bitartez, Iran laguntzen ari delako. Armada israledarra Libanoren hegoaldean sartu da azken orduotan; ebakuatzeko agindu du, dagoeneko 70.000 herritar desplazatu dituzte, eta misilak jaurti eta jaurti ari dira.
Iran ez da besoak gurutzatuta geratu, eta Golkora hedatu da gatazka. AEBekin harreman ona duten inguruko herrialdeen energia zentral ugari bonbardatu ditu Iranek, baita portu eta azpiegitura gakoak ere, eta Europako eta munduko ekonomia kulunkatzen ari da. Zeren, besteak beste, munduko petrolio kontsumo osoaren %20 igarotzen den Ormuzko itsas pasabidea erabat blokeatuta dauka.
- Frantziak, Erresuma Batuak eta Greziak, esaterako, era guztietako armak daramatzaten zamaontzi puskak Txipre ingurura bidaliko dituzte. Duela bi egun, Erresuma Batuak Txipren duen base militarra bonbardatu zuen Iranek, AEBei “tenporalki uzteko” asmoa adierazi eta gero.
- Espainiak, berriz, galarazi egin die AEBei bere lurretan dituzten base militarrak erabiltzea. Eta horrek AEBen haserrea eragin du. Trumpek erantzun du: “Nahi izanez gero, ez izan zalantzarik erabiliko ditugula”. Eta postrea edo deserta ere utzi du: “Espainiarekin ditugun negozio guzti-guztiak etengo ditugu, zigor modura”.