Gerra zabaltzen ari da inguruko herrialdeetara, Iran ez baita AEBen eta Israelen mehatxuen aurrean kikildu. Yankiek hainbat base militar dituzte Ekialde Hurbilean, zortzi herrialdetan banatuta, eta herrialde horietara guztietara misilak jaurti ditu Iranek. Izan ere, mehatxu argia egin du: “AEBek erabilgarri dituzten base militar guztiak bonbardatuko ditugu. Europako herrialderen batek estatubatuarrei utziko badizkie haien baseak, horiek ere bonbardatuko dugu”. Hara non, ordu gutxira, Erresuma Batuak esan duela Txipren duen lurgunea AEBei utziko diela. Eta ezer gutxira, misila jausi zaie zerutik. Gero, falta zena, Europako prentsak eskuak burura eraman ditu: Iranek Europa bonbardatu du!
AEB eta Israel ez daude geldirik. Israel, esaterako, bizilagunarekin hasi da xextran, Libanorekin, bertako Hezbollah talde armatua Iranen aliatua delako eta laguntzen ari zaiolako. Israelek, bueltan, Libanoko hiriburu Beirut bonbardatu du. Eta AEBek segitzen dute Iran zorro-zorro erasotzen, zibilak erailtzen. Trumpek, gainera, ohartarazi du: “Iranek ez badu negoziatu nahi, hau hasi besterik ez da egin”.
- Frantziak, bien bitartean, gerra deklarazio modukoa egin du; Macronek hitzeman du armategi nuklearrak handituko dituela. Eta eskua luzatu die Europako inguruko herrialdeei: nahi izanez gero, “gonbidatuta” daude ariketa militarretan parte hartzera. “Defentsa” indartzea omen da asmoa, eta ez “erasorako prestatzea”.
Prezioei buruzko apunte bat, gerra honek ziurrenik gehiago baitu ekonomikotik, militarretik baino. Iranek bart eten du trafikoa erabat Ormuzeko itsas pasabidean. Bertatik igarotzen da mundu osoko petrolio trafikoaren %20 inguru. Mendebaldeko herrialdetako burtsak jausi egin dira, ez gehiegi ere, baina herritarren poltsikoetan nabarituko da, petrolioaren prezioa %10 inguru igo baita dagoeneko, eta gas likidotuarena %50.
Azken kontu bat, gogoeta bat. Ohituta gauden arren, deigarria da nola ikusarazten zaizkigun bateko eta besteko kaltetuak. Ziur zuk ere ikusi dituzula Dohan bonbardatu duten bost izarreko hotelaren irudiak, Dubai inguruan ez atzera eta ez aurrera dabilen gurutzontzia, Qatarren Ekialde Hurbilean hegazkina hartu ezinda dabiltzan europarrak, etxera itzuli nahi duten turistak... “Gizajoak” eta “gaixoak” pentsatuko du bateren batek. Eta ez zaio arrazoirik falta. Zeren egia da, ezin programa zitekeen zerbait gertatu zaie. Baina tira, fokua hain gizatiar ipintzen dugunean hor, deigarria da ez dugula begirada beraz begiratzen AEBek eta Israelek lehen egunean bonbardatu zuten Irango ikastetxe bat; ia 200 haur hil zituzten hor. Deigarria da detaile ñimiño horrek berak zenbat esaten duen gizarte honen gizatasunaz.